1843an hasi zen dena. Orduan, Donostia bezala, elkartea ere bakarra zen munduan. Hain zuzen ere, Gipuzkoako hiriburuan bertan sortu zuten historiako lehen elkarte gastronomikoa: La Fraternal. Azkar hedatu ziren lurraldean barrena, eta XX. mendean gainontzeko probintzietan ere bai. Espazio horiek izendatzeko izen askotarikoak sortu dituzte —elkarte, soziedade, txoko, peña eta abar—, baina denek oinarri berbera dute: sukaldea, jantokia, biltegia eta bazkideen zintzotasuna. Elkarteak historikoki euskal gastronomiaren zutabeetako bat izan dira, baina orain batzuk kinka larrian daude. Haien egoera sukaldeko osagai batera mugatu beharko balitz, saltsa gazi-gozoa izango litzateke. Izan ere, hiriburuetan elkarteren bateko bazkidea izatea huts egin ezin daitekeen zerbait da askorentzat; herri txikietan, berriz, bazkide faltan dira elkarte asko.
XIX. mendean sortu ziren halako guneak, baina esan daiteke XX. mendearen erdialdean ugaritu zirela, frankismo garaian. Arrazoi argia du horrek: aisialdira bideratutako espazioak urriak ziren, eta interes berak zituztenak, hala nola euskaltzaletasuna, lasai elkartzeko espazio modura erabiltzen hasi ziren elkarteak. Fisikoki espazio horietara mugatzen badira ere, haien funtzioa pareta horietatik harago doa. Hiriburuetako jaietan, esate baterako, funtsezkoak dira. Donostiako eta Gasteizko danborradetan soziedadeak dira elementu garrantzitsuenak; eta zer esan Iruñeko sanferminetan peñek duten funtzioaz...
Balantzaren beste aldean daude herri txikiak. Halakoetako elkarteek ere funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte, baina desagertzeko arriskuan daude. Horren adibide da Txaramako elkartea (Leaburu-Txarama, Gipuzkoa). Bertako lehendakari Marijo Alkortak argi esan du: «Tristea da, baina gure elkarteak iraungitze data du: hemendik hamar bat urtera itxita egongo da». Egoeraren larritasuna nabarmena da, hori baitute auzotarrek biltzeko espazio bakarra. Izan ere, aurreko mendean Araxes papertegia zen auzoaren ardatza, eta haren inguruan eraiki zituzten auzoa eta hura hornitzeko oinarrizko zenbait zerbitzu. Baina XX. mendearen akaberan, eskualdeko papergintza krisialdi betean murgildu zen, eta mende berriaren hasieran, itxi egin zuten. Haren inguruan eraiki zituzten gainontzeko elementuak ere —frontoia, eskolak, zinema, dendak eta abar— dagoeneko desagertu dira. Elkartea da martxan jarraitzen duen orduko leku bakarra.
«Tristea da, baina gure elkarteak iraungitze data du: hemendik hamar bat urtera itxita egongo da»
MARIJO ALKORTA Txaramako elkarteko bazkidea
«34 bazkide gara, eta batez besteko adina 65-70 urteren bueltan egongo da». Alkortak adierazi du ez dela belaunaldi erreleborik izan, eta gazteak bazkidetu daitezen erraztasunak ipini ezean elkarteak laster itxiko dituela ateak. Euskal Herriko txoko ugaritako egoera da hori. Gazteen bazkidetza errazte aldera, hainbat estrategia garatu dituzte zenbait elkartek. Estrategia horietako bat da giltzalagunen sorrera. Metodo horren aldeko hautua egin duten elkarteetan bazkide bakoitzari beste giltza sorta bat eman diote, nahi duenari eman diezaion. Giltza jaso duenak kuota sinboliko bat ordaintzen du, eta gainontzeko bazkideak bezala sar daiteke elkartera.
Txaramakoaren bestelako kasua dirudi Aramaiokoak (Araba): 1.300 biztanleko udalerria da, eta hamar elkartetik gora ditu; hau da, Euskal Herrian biztanleko elkarte gehien duten udalerrietako bat da. Halere, hango Leixarrondo elkarteko bazkideek ere bi erronka antzeman zituzten duela zortzi urte: bazkide gazteen falta eta kontsumoaren beherakada. Hain zuzen ere, bi arazo horiei aurre egiteko giltzalagunaren gisako plan bat abiatu zuten. Plan horrek bazkideei aukera eman die euren kuota hilean bost euro garestituz euren seme-alabentzako beste giltza sorta bat eskuratzeko.

Halaxe sartu zen duela zazpi urte Sara del Campo elkartean. Epealdi horretan aitaren kuotari bost euro gehitzearen truke, berak elkarteko giltza eta gainontzeko bazkideen eskubide berberak izan ditu. Zazpi urteak igaro ostean, «gehigarri» moduan ipinitako hileroko bost euro horiek matrikula baten parekoa direnez, Del Campo bazkide ofizial bilakatu da. Azaldu duenez, estrategia benetan eraginkorra izan da: «Bazkideen artean gazterik ez zela ikusita, arduratu egin ziren, eta, hartutako erabakiari esker, 10-12 gazte inguruk hasi dugu prozesua. Dagoeneko horietako bi bazkide ofizial bilakatu gara». Egun, 50 bazkide inguruk osatzen dute Leixarrondo elkartea.
Aramaioko elkarte horretan aurrera eraman duten metodo horren bitartez, elkarteak ez du bat-batean gazteen matrikula eta kuota jaso, baina bai haiek egin dituzten kontsumizioen irabaziak. Izan ere, Leixarrondo elkarteak identifikatu moduan, elkarte askoren arazoa da kontsumizio eskasia. Alkortak berak ere aitortu du Txaramako elkartearen arazoetako bat hori dela. Egungo gizarte antolamenduan gertatzen den bezala, elkarteetan ere beharrezkoa da kontsumoa, nahiz eta azken horien irabaziak gutxienekoak izan ohi diren. Irabaziak txikiak izanagatik, behar-beharrezkoak dira elkarteen gastuei aurre egiteko.
«Hartutako erabakiari esker, 10-12 gazte inguruk hasi dugu prozesua, eta dagoeneko horietako bi bazkide ofizial bilakatu gara»
SARA DEL CAMPO Aramaioko Leixarrondo elkarteko bazkidea
Kontsumo ezak sor ditzakeen arazoei konponbidea emate aldera, zenbait elkarteri beste estrategia bat bururatu zaie: saldo bat ipintzea. Metodo horren bitartez, bazkide bakoitzak ikasturte hasieran kopuru jakin bateko saldoa ipini behar du; eta urte horretan egiten dituen kontsumizioak bertatik deskontatuko zaizkio. Ipinia zuen dirua amaitzen duenean, berriro ipiniko du, eta kito; baina ez badu guztia gastatzen, «sobran» geratu den dirua elkartearentzat izango da. Estrategia horrek bazkidea elkartera gehiago joatera bultzatzen du, ipinitako dirua gal ez dezan.
Erreleboa nola eta nori?
Soziedade batzuetan ohorezko bazkidearen figura sortu dute. Horietan, bazkide bat, urte kopuru batera iristen denean —65 urtera, normalean—, ohorezko bazkide bihurtzen da. Ohorezko bazkidea bilakatzen denean, aurretik zuen bazkide izaera mantentzen du, baina kuotarik ordaindu gabe, eta haren plaza beste norbaiti eskain diezaioke. Bazkide berriarentzat ere onurak ditu prozesu honek. Izan ere, ohorezkoa bihurtu denaren plaza hartzean, ez du lehen matrikula ordaindu beharrik.
Nabarmentzekoa da belaunaldi erreleboa hein batean gertatu den herrietan gazteak euren gurasoen elkarteetara batu direla —gehienetan aitak dira, elkarteen hastapenetan gehienak ez baitziren mistoak—. Hau da, gazteak elkarte bateko bazkide egin direnetan, ohikoena da haien senideren bat jada elkarte horretako partaide izatea. Hori da ohikoena, behintzat, Markiña-Xemeinen (Bizkaia), Ordizian, Oñatin eta Aretxabaletan (Gipuzkoa), besteak beste.
Adina eta kontsumitzeko era
Elkarteek beharrezkoa dute kontsumitzea, baina hori egiteko hamaika modu daude. Eta elkarteei ematen zaien erabileran zer faktorek duen eragina ez da erabat ziurra.
Ordizian, esate baterako, bada ohitura gazteak gurasoen soziedadeetan bazkide egitekoa, eta haietan otorduak egitekoa, batez ere afariak. Haietako erabiltzaile batek aitortu duenez, gazteen artean ohikoa da bertan kozinatu ordez kanpotik ekarritako janaria jatea, «bereziki afarietan». Marijo Alkortak adierazi du haren ustez adinak baino gehiago otorduak baldintza dezakeela: «Inguruko herrietako elkarteetan ere, gazteez gain, zaharxeagoak direnak ere ikusten dira afarietan kanpotik ekarritako janaria jaten». Eta Del Campok aitortu du bere ustez faktore nagusia unean uneko egoera dela: «Adibidez, aurreko astean egin genuen afarian bi lagunek prestatu zuten jana; baina beste batzuetan kanpotik eskatu izan dugu. Kozinatzeko gogoaren arabera izaten da».
Txaramatarrak adierazi du bere elkartean belaunaldi aldaketarik egon ez bada ere kontsumitzeko moduan aldaketak egon direla: «Badira bazkide batzuk egunero etortzen direnak, eta guztien artean ardo botila bat zabaltzen dutenak elkarrekin edateko; eta ez badute amaitzen, bada, hurrengo egunean amaituko dute». Hau da, soziedadeak, hein batean, taberna funtzioa hartu du toki batzuetan. Horren arrazoietako bat izan daiteke auzoan bertan halako jarduerarik egiteko beste aukerarik ez izatea.