Udako proposamenak

Herria astebetez deskonektatu

Urtero bezala, Zugarramurdiko Akelarre elkarteak sei eguneko bestak antolatu ditu herrian. Bestak euskaldunak eta seguruak izatea da antolatzaileen lehentasuna.

Zugarramurdiko leizean eginen dute jaietako zikiro jana, astelehenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Zugarramurdiko leizean eginen dute jaietako zikiro jana, astelehenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
julene muruaga
2025eko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zugarramurdiko (Nafarroa) andremariak gaur goizean hasiko dira, eta sei egun iraunen dute, hots, heldu den asteazkenera arte. Akelarre elkartean aritu dira bestak antolatzen eta askotariko egitaraua prestatzen: musika, emanaldiak, bertsoak, kirola, txapelketak...

Zugarramurdiko Akelarre elkarteak ditu bestak prestatzen eta antolatzen. Pettan Belda Xurio elkarteko kide da, eta, hark esplikatu duenez, talde nagusian hemeretzi kide badira ere, herri osoa barne da. Prestaketak urtarriletik goiti hasten dituzte, bereziki musika taldeekin harremanetan jartzeko. Aski «goiz» hasten direla esan du, ber garaian beste besta anitz badirelako. Egitaraua prestatzerakoan herritar guztiei pentsatzen dute, denek «deskonektatu» ahal izateko eta denen artean momentu «goxoak» pasatu ahal izateko. «Zugarramurdi herri txikia da, eta gutitan izaten ditugu ekimen kulturalak proposatzeko okasioak. Beraz, bestetan, aktibitateak izaten saiatzen gara egun osoan, herria ahalik eta bizien kontzeko egun horietan», azaldu du kideak.

Elkartean hainbat xede dituztela adierazi du kideak, sei egun horiei begira: «Gure bestak herritar guztiendako izatea nahi dugu, denendako leku segurua eta dibertigarria izan dadin. Adibidez, aurten, bertze urteetako arazoak ikusirik, erasoen kontrako protokolo bat plantan eman dugu». Gehitu du besta euskaldunak nahi dituztela, eta, beraz, besten aktibitate gehienak euskara hutsean izanen direla.

Bestarako prest

Gaur goizeko suziri jaurtiketak emanen dio hasiera astebeteko bestari, 10:00etan. Segituan eskeak eginen dituzte herrian gaindi, musikarekin batera. Arratsaldean haurren pilota partida izanen da frontoian, eta joko besta plazan. 19:00etatik goiti, Matraka elektrotxaranga arituko da, eta ondotik, Palestinaren aldeko elkarretaratzea eginen dute. Beldak esplikatu duenez, bestaz aparte, «garrantzitsua» iruditzen zaie munduan gertatzen denari aipamena egitea: «Bada besta, baina dena ez da hain alai. Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeko elkartuko gara, ezinbestekoa baita sostengua erakustea. Eta guk ez dugu isilik egon nahi». Iluntzean, afaria eginen dute plazan, piper jatea. Segidan, Luhartz erromeriak alaituko du gaua. Lehen eguna burutzeko, Ez Dok Hiru DJa arituko da.

Bihar eguerdian, Uztaritzeko (Lapurdi) Izartxo dantza taldearen emanaldia izanen da plazan, herriko etxeak aperitifa eskaintzen duen betan. 17:00etan bote luzea partida izanen da frontoian, eta ondotik, herri kirolak izanen dira plazan. Kiki Bordatxo taldeak plaza alaituko du ondotik. Eta bukatzeko, DJ Xorta arituko da: «Herriko DJ kolektibo bat da; jendea dantzan ikusi nahi dute, eta, horretarako, estilo guzietako musika izanen da. Animatu eta etorri!», esan du Beldak.

Etzi, 10:00etatik goiti, artisau azoka izanen da Elizargietan. 12:00etan, Speedshear txapelketaren hirugarren aldia izanen da: bildotsei ilea mozteko lehiaketa, plazan. Arratsaldean haurrendako aktibitateak izanen dira frontoian, puzgarriak eta kirol jokoak, besteak beste. 17:00etan bertso poteoa eginen dute, Maialen Lujanbio eta Onintza Enbeitarekin, Sarangak alaiturik. Eta gaualdirako Joselu Anaiak arituko dira; ondotik, DJ Fifi eta Fafa.

Hurrengo egunetan beste hainbat ekitaldi eta kontzertu izanen dira, plater tiroketa, mus txapelketa, zikiro jatea leizeetan, Pontx Pailazoa, Los Txingones de la Rencle, Hamarru, Kilimak taldea, eta DJ Infernu, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.