Hezegune aztoratuen eguna

Hezeguneen Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Egunotako ezohiko eguraldiak «aktibatu» egin ditu hegaztiak eta paduretako landaredia. Txorrotxioka eta olgetan dabiltza txoriak Plaiaundin, Hondarribian.

PLAIAUNDI
Kuliska bat, atzo goizean, Plaiaundiko paduran. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Hondarribia
2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Txantxangorriaren txorrotxioa, kaskabeltzaren txinta, zozoaren txioa eta birigarroaren txirulirua. Garaiz(egi) hasi dira paduretako kontzertu, gorteatze eta lumadi harrotuak. Ernatzen hasi dira sahatsen hosto begiak eta sanjose-lore begiak. Despistatuen udaberria da.

Hezeguneen Nazioarteko Eguna izan zen atzo. 1972an Irango Ramsar hirian sinatu zuten Hezeguneen Ituna goratzeko eta ekosistema horiek ezagutarazteko eta balioesteko eguna izaten da. Euskal Herriko hezeguneetan ere ospatzen dute: gaur bertan Salburuan (Gasteiz) eta Ulian (Donostia), eta bihar Urdaibain (Gautegiz-Arteaga, Bizkaia) eta Plaiaundin (Hondarribia, Gipuzkoa), besteak beste.

Ganduak hartuta dauka Plaiaundi, baina ari da eguzkia Txingudiko paduretako lanbroa zulatzen. Hegazti negutarrak dabiltza uretan: aliota bat han, eta kaio batzuk hemen. Martin arrantzale bat ezkutuan kirika. Ubarroi bat lumak pinpirintzen. Txingudi ekoetxean dena prest dute biharko. «Aurtengo egunaren leloa Hezeguneak eta giza ongizatea da. Lotura hori nabarmendu nahi dugu. Familiekin antolatu dugu eguna. Hezeguneetan bizi diren pertsonaia txikiei garrantzia eman nahi diegu. Hezegune bat egingo dute eskuz, eta etxera eraman. Erakutsi nahi diegu gure eguneroko ohiturek nola eragin diezaieketen hezeguneei, eta zer egin dezakeen bakoitzak hezeguneak baloratzeko eta babesteko», azaldu du ekoetxeko koordinatzaile Eva Montoyak.

PLAIAUNDI
Plaiaundiko aintziretako baten ikuspegi orokorra. GORKA RUBIO / FOKU

Txantxangorri bat hurbildu da lotsarik batere gabe. Txepetxa dabil sasiartean izu. Udaberria izan dute negu betean. Edorta Unamuno biologoak nabaritu du hori Urdaibai Bird Centerren: «Hosto eta lore begiak ernatzen hasi dira. Horrek dakarrena da intsektuak ere mugitzen hastea, eta, horiekin batera, hegaztiak. Neguaren erdi-erdian halako eguraldiak tokatzen direnean, aktibatzen hasten dira. Bikote kontuetarako-eta jartzen dira martxan. Zoragarria da goizetan eta iluntzeetan zozoak, birigarroak eta abarrak kantari entzutea, bikote bila eta euren lurraldeak hartzen».

Denbora baino lehen

Heze giroak otzandu egin ditu apur bat Plaiaundiko gorteatzeak. Lanak egiten ari dira aparkalekuan. Hegazkin baten burrunba entzun da gertu airean. Basahateak dabiltza olgetan urmaelean, txilinporta txikia pulunpatu da uretan. San Lorenzo eta Txoritegiko aintziretan bada mugimendua: lertxuntxo txikiak, lertxun hauskara eta kopetazuriak jan bila. Txirritxoaren behatokian ez dago inor, lertxuntxoaren, mokozabalaren eta lertxunarenean ere ez. Jendea dabil pasieran bidezidorretan, eta txori txikienak gordeta baina zalapartan lezkadietan. Janontzien inguruan bildu dira kaskabeltzak.

«Hegaztiek zelako aktibitatea duten ikusita», Unamunok dio oso litekeena dela aurten ugal garaia aurreratzea: «Kaskabeltzak, txantxangorriak... martxan daude jada. Oparotasun eta poztasun honekin, ordea, kontuz. Etor daiteke-eta buelta, eta oparotasuna eskasia bihurtu. Otsail osoa gelditzen da, martxoa... Iparraldeko fronteak-eta etortzeko arriskua dago oraindik, eta normalean hala gertatzen da: hasten dira hegaztiak denbora baino lehen martxan, sartzen dira bat-batean iparraldeko fronte horiek, jaisten da tenperatura, eta haiek aurrera eginda daude. Janaria desagertzen da berriz ere, eta orduan penak: habia asko zapuztu egiten dira, txoriak hil...».

Usapal maitemindu baten kurruka entzun da urrunean. Despistatuen udaberria hezegune aztoratuen egunean. 

PLAIAUNDI
Kuliska, jan bila, Plaiaundiko aintziran. GORKA RUBIO / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.