Eremuak diseinatzeko orduan, ohikoa da soinua bazter lagatzea. Baina ez da aldagai hutsala, Cristina Palmese (Domuscella, Italia, 1964) eta Zigor Iturbe (Arteaga, Bizkaia, 1979) arkitektoen arabera. Joan den astean haren garrantziaz mintzatu ziren Urbanbat elkartearen Zoopolis Tour proiektuaren saioetako batean, Bilboko Jazzon aretoan. Ibilbide luzeko ikerlariak dira biak ala biak: Iturbe EHUko irakaslea ere bada, eta Palmesek artearekin ere badu lotura, eta RNE irratiko La casa del sonido saioko zuzendarikidea da.
Zer soinu dauka hiri moderno batek?
CRISTINA PALMESE: Bertan bizi garenok egiten ditugun jardueren soinua dauka. Garrantzitsua da hura entzuteko gaitasuna gara dezagun, tradizionalki oso harreman pobrea izan dugu-eta soinuaren munduarekin.
ZIGOR ITURBE: Esango nuke dilema hau gainditu behar dugula: natura-isiltasuna, hiria-zarata.
Hirietako arazo nagusietako bat gehiegizko zarata izaten da. Trafikoak eragindakoa, adibidez. Zarata horrek estali egiten ditu gainerako soinu paisaiak?
PALMESE: Jarraitzen dugu soinuan pentsatzen zarata dagoen heinean, eta zarata eta eragozpena lotzen ditugu. Baina gaia askoz konplexuagoa da. Ez daukagu tresnarik soinuaren mundura gerturatzeko, eta administrazioak soinutik defendatu egiten dira. Ez gara kontziente soinua ekintza kolektiboen emaitza dela eta, beraz, guk ere ekarpena egiten diogula eta esku har dezakegula. Ulertu behar dugu soinuak nola eragiten digun, eta hortik abiatuta bizigarriak diren eremuak proposatu.
ITURBE: Agian arazoa ez da hiriko soinuaren bolumena, baizik eta soinu bakar batek monopolioa hartzea.
«Ez gara kontziente soinua ekintza kolektiboen emaitza dela eta, beraz, guk ere ekarpena egiten diogula eta esku hartu dezakegula»
CRISTINA PALMESE
Soinuari dagokionez ere desberdintasuna dago, beraz? Soinu batzuk legitimoagoak dira eta jende batek eskubide handiagoa du soinua sortzeko?
PALMESE: Erabat. Adibidez, hiri garaikidea turistentzako parke tematiko bihurtzen ari da. Eta horiei bost axola zaie ordu txikiak arte zarata sortzea, hiriak harrera egiten dielako eta bota egiten dituelako bertoko herritarrak. Baina horren kontra ezin duzu ezer egin, turismoa baimenduta baitago eta, are, desiratua ere badelako. Ikerketen arabera, herritarrek gero eta gutxiago parte hartzen dute hiriaren planifikazioan.
ITURBE: Izan ere, hiri plangintzak erabakitzen du, inkontzienteki bada ere, nork sor dezakeen soinua: hark ezartzen du zer jarduera egin daitezkeen eta noiz. Beraz, berrikusi beharko litzateke ekitaldi handien bidez hiria saltzeko dagoen joera hori, nolabait galarazten baitu uler dezagun zein diren hiriaren berezko soinuak, bertoko komunitatearenak. Eta hirigune historikoetan bereziki erabakigarria da hori, hango soinuen sinbologiaren garrantzia dela-eta.
Isiltasunak eskubide izan beharko luke?
ITURBE: Dudarik gabe; atseden hartzeko eskubidea bermatu behar da nola edo hala. Baina batzuetan uste dugu kudeatzeak debekatzea esan nahi duela: hau da, eragozpenik ez sortzeko, dena kenduko dut. Bartzelonako Ciutat Vellan kaleko musikarekin egindakoa da adibide bat: entzute metodologien eta herritarren parte hartzearen bidez, ezar daiteke zer baimendu eta zer ez.
PALMESE: Zarataren eta isiltasunaren artean, ñabarduraz betetako soinu paisaia bat dago, eta hura diseinatzeko aukera asko daude.
«Berrikusi beharko litzateke ekitaldi handien bidez hiria saltzeko dagoen joera hori, nolabait galarazten baitu uler dezagun zein diren hiriaren berezko soinuak, bertoko komunitatearenak»
ZIGOR ITURBE
Nola diseinatu daiteke soinu paisaia bat?
ITURBE: Kontua ez da eremu batek izan beharreko soinua zehazki ezartzea, edo soinuak gehitzea giroa hobea izan dadin. Utzi egin behar diogu eremuak diseinatzeari soinua existituko ez balitz bezala. Hau da, plangintzan edo proiektu arkitektoniko batean, egungo egoeraren azterketa egiten denean, plaza batean zer landare utzi eta zeintzuk ezabatu jasotzen den bezala, adibidez, soinuaren geruza ere txertatu beharko litzateke: zer soinu dauden plaza horretan, zeintzuk diren interesgarriak eta zeintzuk ez... Eta horren arabera ere erabakiak hartu.
PALMESE: Bai, soinuek eremuen testuren, formen eta hartan garatzen diren jardueren berri ematen digute eta. Beraz, argi dago aldagai horretan ere esku har dezakegula, zoru mota aukeratuta, esaterako. Baina arkitektura eskoletan ez da soinua modu kualitatiboan jorratzen; akustika lantzen da, soinuaren alderdi fisikoa, baina haren zati bat baino ez da. Madrilgo Reina Sofia museoaren handitze lanekin gertatutakoa deigarria da, nire ustez. Oso eraikin ederra da... baina barruko patioaren sabaiak kaleko soinu guztiak islatzen ditu: sekulako zarata dago.
Kasu deigarria da, baina ez bakarra, ezta?
ITURBE: Ikastetxeetan ere gertatzen dira horrelakoak, esate baterako. Eskoletako jantokietako dezibel maila oso handia da, eta horrek kalte egin diezaieke hala ikasleei nola beharginei, batez ere haurrei: maila kognitiboan ere eragina izan dezake, eremu zaratatsu batean zaudelako luzaroan, ez dituzulako irakaslearen azalpenak entzuten... Gaur egun, horri aurre egiteko tresna bakarra dago: kode teknikoa. Arau horren arabera, jangela edo jatetxe bateko erreberberazio denborak 0,9 segundokoa izan behar du. Herrialde nordikoetan, aldiz, 0,4 segundokoa da.
PALMESE: Zer egin dezakegu jarduerek soinu eroso bat izan dezaten, toki horietan irudimenak hazteko aukera izan dezan? Eta irudimena diodanean, egunerokoaz ari naiz, ez bakarrik artearen munduaz. Funtsezko gaia da.
lotsabako
Gustuko duzuen soinu paisaia bat?
ITURBE: Haurrak parkean jolasean.Zarata desatsegin bat?
PALMESE: Momentuaren eta zirkunstantzien araberakoa da. Obrena, adibidez.