Hiru ko(ko)roen bila

Iskander Sagarminagak 'Hirukokoroa' igeriketa erronka egiteko asmoa du datozen asteetan. Hiru zeharkaldi gogor horietan, Eider Eibar irudiak hartzen eta marrazten ariko da.

Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar, Galdakaon, ekainaren 18an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iskander Sagarminaga eta Eider Eibar, Galdakaon, ekainaren 18an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
2025eko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iskander Sagarminagak igeri egingo du eta Eider Eibar haren bikotekidea marrazketaz, diseinuez eta animazioez arduratuko da. Proiektu ikusgarri eta handia osatzeko asmoa dute uda honetan: Hirukokoroa itsas erronka marraztua. Lehen zeharkaldia, gauzak ondo joanez gero, igande honetan egingo du Sagarminagak, New Yorkeko uretan, Manhattanen (AEB). Zortzi ordukoa, hain zuzen ere. 48,5 kilometro igeri, zortzi orduan.

Hirukokoroa ez da kirol erronka hutsa izango. «Egitasmoa umeei begira ere sortu dugu, eta haiei adierazi diegu kokoen bila goazela». Lehendik, Kokoak.eus webgunea sortua zuten. Pamiela argitaletxearekin argitaratu zuen album ilustratu bat Eibarrek, eta han ere agertzen ziren «zazpi kokoak». Orain, koko gehiagoren bila doaz. «Nabarmendu baitugu munduan ezin direla halako zazpi bakarrik egon». Pista batek bestera eramango ditu. Eta hurrengoak, bestera.

«Pistei jarraituz iritsiko gara Manhattanera. Beste pista batek Kaliforniara [AEB]. Eta beste batek, Irlandara». Askotariko pertsonaiekin jokatuko dute. «Irlandako pertsonaia mitologiko batzuk elkartu ditugu, Kaliforniako mexikarren itsasoko jainkoen mitologiara ere jo dugu...». Eibarrek gaineratu duenez, Manhattanen zubien arteko jolas bat sortu dute. «Iskanderrek itsas erronkak egingo dituenez, arrasto batzuk egongo dira, eta horiek adieraziko digute kokoak hor daudela». Zeharkaldi osoa marraztuz joango da Eibar. «Bidaian ateratzen garen lehen unetik hasiko naiz zirriborroak egiten». Dena jaso nahi du iruditan. Eta, aldi berean, Sagarminagak grabatu egingo du Eibar marrazten ari dela.

Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga. Hiruko Koroa itsas erronka egingo dute.
Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga. 'Hirukokoroa' itsas erronka egingo dute datozen asteetan.

New Yorkeko zeharkaldiaren ostean, bi abentura sortzaileek Kaliforniara joko dute. Eta uztailaren 7an, Sagarminagak Catalina Kanaleko zeharkaldia egingo du igeri. 32,5 kilometro dira, baina horiek gauez egin beharko ditu igerilariak. «Haizeen kontuengatik egin behar izaten da gauez», argitu du Sagarminagak.

Ondotik, Irlanda eta Eskozia arteko Ipar Kanalean egingo du igeri Sagarminagak; hamahiru ordu dira. «Iaz saiatu nintzen hori egiten, baina eguraldi txarra eta oso aldakorra egin zuen, eta ezin izan ginen atera. Hilabete egon ginen zain». Baldintza onen esperoan abiatu ziren Euskal Herritik, baina ez zuen zorterik izan. «Arriskutsua zen, eta itzuli egin behar izan genuen. Aurten berriro saiatuko gara, abuztuko lehen astean».

Manhattan eta Katalina burutzen baditu, Sakarminagak Triple Crown of Open Water Swimming edo Itsas Zabaleko Igeriketako Koroa Hirukoitza lortuko du, Mantxako Kanaleko zeharkaldia egitea 2023an lortua baitzuen. Baina itsas erronka propioa abiarazi dute haiek: Ipar Kanalekoa AEBetakoei batuta, Hirukokoroa sortu dute Eibarrek eta Sagarminagak. «Kokoen bila» doazen erronka, alegia.

«Ezin da edonor joan»

Itsas abentura piraten moduko erronka bat da. Neoprenorik gabe doa Sagarminaga: bainujantzi, betaurreko eta txano soil batekin. Urak oso hotzak izaten dira. Ipar Kanalean hotzagoak espero dituzte AEBetan baino. Bestalde, «itsasoko bizitza» ez da ahazteko kontua. Sagarminagak marmokekin edo beste itsas animalia batzuekin egin dezake topo bere bidean.

Eibar, bitartean, itsas ontzi edo txalupa batean joaten da. «Iskanderrek igeriketa zeharkaldi gogor hauek egiteko, beti behar du alboan txalupa bat joatea. Kapitain batekin, epaile batekin eta laguntzaile batekin». Kasu honetan, Eibar bera da laguntzailea. Jatekoa ematen dio, adibidez. «Eta bidean ariko naiz irudiak grabatzen, argazkiak ateratzen eta marrazten. Han joaten gara denbora guztian, baina igerilaria ukitu gabe». Sagarminagak nabarmendu du itsas kapitaina konbentzitu behar dela: «Erakutsi behar diozu zer egin duzun, zer egiteko gai zaren, eta hark erabakitzen du uretara atera ala ez. Baina ez dute edonor hartzen, ezin da edonor joan».

Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga. Hiruko Koroa itsas erronka egingo dute.
Eider Eibar eta Iskander Sagarminaga, Galdakaon. 'Hirukokoroa' itsas erronka egingo dute. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Nabarmentzekoa da, bestalde, igeriketaz harago, Kokoak ikaskuntza intuitiboa eta adierazpen sortzailea bultzatzen dituen proiektu bihurtu dela. Horren barne, orain arte martxan izan duten «proiekturik handiena» da Hirukokoroa edo Koroa hirukoitza itsas erronka. AEBetan dira jada Eibar eta Sagarminaga. Azaldu dutenez, bidaiari ekin aurretik ere egin dute lan ikastetxeetako ikasleekin, eta itzuleran ere jarraituko dute horrekin. «Duela egun batzuk aurkezpen bat egin genuen ikastetxe batean, eta haurrek egindako marrazkiak eman dizkigute». Haur batzuek animoak bidaltzen dizkiote Sagarminagari marrazkietan.

Uda honetako erronken ostean, biek argi dute etorriko direla gehiago. «Aurtengoa ondo aterako balitz, datorren urtean beste ur batzuetara joatea litzateke helburua: Hawaiira edo Zeelanda Berrira. Ikusiko dugu, urtero okurritzen zaigu zerbait desberdina». Eibarren iritziz, euskarazko arrastoak agertzen joango dira. Eta jarraituko dute kokoen bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.