Pantzo Hirigarairen testu batetik abiatu da antzerki pieza osoa egiteko xedea, David Ondars taula zuzendariaren arabera. Euskaltzaindiak Hirigarairen esketx bati sari bat eman zion, eta horri hiru antzerki testu labur gehiturik sortu zuen Hiruzpalau antzezlana Bospasei antzerki taldeak. «Sari bat lortu zuen Pantzo Hirigaraik, eta sariketa horretan presentatu zuen testutik abiatu gara beste hiru testu gehitzeko eta horiek taularatzeko». Ote Lore elkarteak antolatu Azaroaren Lore ekitaldien karietara estreinatuko dute, heldu den ebiakoitzean, Larresoron (Lapurdi).
Urtarrilean hasi ziren Hirigarairen testua lantzen, eta berantago juntatu zituzten bertze hiru testuak. Testu laburren arteko lotura Anje Duhalderekin landu dute ondotik, eta horrela osatu zuten ikusgarri osoa. Peio Larre, Mixel Sarratia, Beñat Bidegain, Pantzo Hirigarai eta Armand Jaunarenak osatzen dute taldea, eta haiekin lan egitea prozesu goxoa izan dela gehitu du Ondarsek. Testuak taularatzeko momentuan Hirigarairekin egin duen lanketa interesgarria izan dela erran du, idazleak duen umorea agerian emanez. «Pantzok badu bere umorea, eta nik, ene ekarpena egiteaz gain, ez dut aldaketa handirik egin, testua taularatzeko erraza baitzen».
Marie Andree Ouret Ote Lore elkarteko kidearen erranetan, Azaroaren Lore egitasmoa San Martin egunez ziren ohitura batzuei erreferentzia eginez sortu zuten. Batetik, Larresoroko bestak azaroaren 11n egiten zirelako, eta, bertzetik, San Martin eguna herriko baserrietako etxetiarrek nagusiari ordainsaria pagatzen zioten eguna zelako. Horiei tiraka, herriarendako «garrantzitsua» den egun hori birpentsatzeko parada izan zela erran du Ouretek.
«Sari bat lortu zuen Pantzo Hirigaraik eta sariketa horretan presentatu zuen testutik abiatu gara beste hiru testu gehitzeko eta horiek taularatzeko»
DAVID ONDARS Taula zuzendaria
Horiek horrela, hilabete osoan euskarazko kultur ekitaldiak antolatzen hasi ziren duela bizpahiru urte. Harrezkeroztik, uste du publikoak «ontsa» identifikatzen dituela ekitaldi horiek. «Jendeak erraten digu kalitatezko programazioa egiten dugula, eta ikusten dugu jendea urte guziz hurbiltzen dela».
Haren erranetan, gainera, Ote Loreren izaeran antzerkia eta bertsoa biziki txertatuak dira eta urte guziz programazioaren parte dira. Izan ere, Axut eta Artedrama konpainien Nor naizen baneki antzezlana eman zuten asteartean, eta ebiakoitzean, berriz, Bospasei taldearen antzerki laburren pieza programatu dute.
Hilabetea finitzeko eskas diren ekitaldien artean, bertzalde, Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik ekarri arnoen dastaketa eginen dute Aldabur’wine elkartearekin batean. «Formulak arraberritu nahi ditugu, eta Michel Riouspeyrous arno ekoizlea ekarraraziko dugu aldi honetan Euskal Herri guziko arnoen degustazio bat egiteko». Azkenik, bertso krakada eginen dutela azpimarratu du Ouretek. Jendea hitzorduari atxikia dela kontatu du, eta aurten Nerea Ibarzabal eta Miren Artetxe bertsolariak ariko dira bertsotan, azaroaren 20an, Larresoroko Debrutegian.