Kolore berdeak dituen askotariko tonalitateekin pintatutako hormak, eta erdian hezurdura bat. Ez dago argi norena den. Hala jantzi dute Donostiako San Telmo museoko erakusketa aretoa. Ez da kasualitatea aretoari itxura hori eman izana: Mauricio Anton paleoartistak gehien erabiltzen duen kolorea da, urdinarekin batera. Hezurdura, berriz, ez da benetakoa, eta ez da literalki hezurdura bat: halako baten forma eman nahi izan diote erakusketari. Hartan, paleoartistaren zenbait lan bildu ditu museoak, Mauricio Anton: artea eta paleontologia izenpean.
Artea eta paleontologia hitzak aski ezagunak dira. Paleoartista, berriz, arrotza iruditu dakioke irakurle bati baino gehiagori. Eta hala heldu dira bisitari asko San Telmora. Zalantza guztiak argitzeko, Antonen lana argi eta garbi islatzen duten bi irudi ageri dira erakusketaren hasieran: hezur fosiletatik abiatuta hezurdura bat osatu, ondoren giharrak gehitu, eta, azkenik, animalia oso-osorik margotzen du.
Miren Akordagoitia Murua San Telmoko hezkuntza ataleko arduradunak xehe azaldu du haren lan prozesua: «Helburua da animalia horren hezurretatik abiatuta zer familiatakoa izan daitekeen argitzea. Nola? Bada, jada digitalki eginak dauden antzeko animalien ereduekin alderatuta. Beraz, hau da prozesua, ordenan: hezurrak bere lekuan jarri, giharrak marraztu, gaineko azala gehitu, eta, horrekin batera, baita ilea ere». Animalia marraztuta daukanean, testuinguru batean kokatzen du.

Oinarrizko azalpenen ostean, dinosauroen garaiko irudiak ageri dira, orduko aztarna batzuen inguruko lanak egin baititu artistak. Eta horiekin lotutako bitxikeria bat kontatu du Akordagoitiak: «Dinosauro batzuk haragijaleak ziren, eta beste batzuk belarjaleak. Bada, irudietako dinosauroen fosiletan harriak agertu ziren, eta ondorioztatu zuten, belar asko jaten zutenez, harriak ere jaten zituztela. Izan ere, digestioa egiterakoan, hostoak gehiago txikitzen ziren». Antonek Jurassic Park filmerako ere egin zituen zenbait lan, eta horietako hiru marrazki ikusgai daude.
Paleontologoek garezur osoa zein zati bat topatzen dute, eta, beraz, Antonek bi egoera posible horietatik abiatu behar izaten du. Zehatza izatea gustatzen zaio, eta egiten dituen lanak fidagarriak izan daitezen saiatzen da. Horretarako, garezurren eskultura txikiak egiten ditu plastilinarekin, Akordagoitiak azaldu duenez, «bolumenak zaintzeko». Alegia, paperean marrazten duena eskulturara eramaten du. «Argiak eskultura nondik jotzen duen aztertzen du, gero marrazkian itzalak nola egin behar dituen jakiteko».

Antonek 1988an ekin zion bere ibilbide profesionalari, baina zaletasuna txiki-txikitatik datorkio. «Erakusketa inauguratu genuenean, anekdota bat kontatu zigun. 3 urte zituela, Donostiako Aquariumera etorri zen gurasoekin. Zintzilik dagoen balearen hezurdura ikusi, eta zera esan omen zien gurasoei: ‘Nik hori margotu nahi dut’», kontatu du Akordagoitiak. Ez dira Aquariumeko balearen hezurrak, baina noizbait margotu izan du balearik, eta lan horietako bat San Telmoko erakusketan dago ikusgai.
Irudimenerako tartea
Olio pinturarekin margotu izan ditu Antonek bere lanak, baina duela urte batzuk digitalerako jauzia egin zuen. Izan ere, behin animalia marraztuta, testuinguruan kokatzea da hurrengo pausoa, eta orduan egin behar izaten du aldaketa gehien. «Duela milioika urte klima oso aldakorra zen. Irudietan zuhaitzak ageri dira, edota bestelako landareak. Eskatutako lanak entregatzen zituenean, behin baino gehiagotan gertatzen zitzaion paleontologoek esatea berak marraztutako landare hori ez zela fosiletan aurkitutakoa. Beraz, olioarekin egindako lan hori guztia berriz egin behar izaten zuen». Orain, digitalki egiten ditu marrazkiak, geruzatan banatuta. Horrela, paisaia aldatu behar izanez gero, ez du aurretik egindako lan guztia galtzen.
«Lan honek bi alderdiren arteko oreka eskatzen du: datuekiko arreta zorrotza eta irudimena»
MAURICIO ANTON Paleoartista
Hori dela eta, Antonek berak honela definitzen du bere lana: «Iraganeko bizimoduen gaineko hipotesi zientifikoak irudietan islatzen ditut. Hala ere, lan honek bi alderdiren arteko oreka eskatzen du: datuekiko arreta zorrotza eta irudimena». Eta, bien arteko oreka bilatzeko, garrantzitsutzat jotzen du zoora joatea, Akordagoitiak dioenez: «Egiten dituen marrazkiak fidagarriak izan daitezen, egungo animaliak ere marrazten ditu, horrek abilezia ematen baitio existitzen ez diren animaliak naturalki marrazteko».