'Uxina' film laburraren zuzendaria

Lucia Ezker: «Hitz egiteko erak asko esaten du pertsonaien inguruan»

'Uxina' film laburra aurkeztu du Ezker zuzendariak, eta bertan agertzen diren 'ainarek' zaraitzueraz hitz egiten dute: «Nire asmoa izan da garai hartako gogortasunean kokatzea eta haien arteko harreman estua definitzea».

Lucia Ezker, 'Uxina' film laburraren zuzendaria, azaroaren 21ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Lucia Ezker, 'Uxina' film laburraren zuzendaria, azaroaren 21ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2025eko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1870 eta 1930 bitartean, Nafarroako eta Aragoiko mendialdeko milaka emakumek Maulerako bidea egiten zuten urriaren hasieran, espartingintzan jarduteko. Udaberriko elurrak urtu arte ez ziren etxera itzultzen ainarak goitizena hartu zuten emakume haiek. Elur maluten artean agertu da Lucia Ezker zuzendaria (Iruñea, 1985); azaroaren 14an bere Uxina film laburra aurkeztu zuen Iruñean, espartingintzan aritzen diren sei emakumeren istorioa. Mundua eta giza eskubideak zikloaren barruan estreinatu zuen lana.

Zer harreman zenuen lehen gaiarekin?

Nire gurasoak Zaraitzukoak eta Erronkarikoak dira; beraz, betidanik inguruan nituen ainaren istorioak. Ez nekien nondik hasi, eta egun batean agertu zen albiste bat: 1892ko otsailean abiatutako talde bat hilda topatu zuten. Albistetik tiraka hasi nintzen, eta ikusi nuen konektatuta zegoela gaur egungo migrazioaren krisiarekin.

Aktualitatearekin lotu duzu, beraz?

Eguneroko zerbaitekin lotu nahi nuen, nire arbasoen istorioarekin lotzeaz gainera. Beti esaten den bezala, denak migranteak izan gara.

Nolakoa izan zen ikerketa lana?

Hasieran, etxekoei galdetu nien, aitonari batez ere. Gainera, azken urteetan kolektibo askok egin dute lan ainaren inguruan: testigantzak berreskuratuz. Egia da emakume horien historiaren inguruan ez zela asko hitz egiten.

Zergatik?

Emakumeak asko lotsatu izan direlako eta ez dutelako asko hitz egin beren esperientziaz. Oso egoera txarrean egoten ziren, gaizki tratatuak, eta uste dut lotsa handiz bizi zutela. Gero, noski, emakumeak izanda, inork ez zien deus ere galdetzen.

Zein zen jendeak garai hartan ainaren inguruan zuen irudia?

Uste dut orain asko apaindu dela, eta benetan ez zela horrela. Gaur egun Huelvan [Espainia] marrubiak jasotzen dituztenen egoera antzekoan zeuden. Askok etxetik alde egiten zuten etxean aho bat gutxiago egoteko; hamalau orduko lanegunak zituzten. Ainara izena gerora jarri zaie; garai hartan oso marjinatuta bizi ziren.

Zure lanean ez duzu ainaren egoera apaindu nahi, beraz?

Ez. Haien arteko elkarrizketa batean oinarritzen da film labur guztia, abiatu ala ez eztabaidatzen. Nire asmoa izan da garai hartako gogortasunean kokatzea eta haien arteko harreman estua definitzea. Aldi berean, emakume gogorrak zirela ikusarazi nahi nuen.

Ainaren egunerokoan murgiltzeko asmoz, plano sekuentzia erabili duzu?

Bai. Plano sekuentziarena zen haiekin egoteko modu bat. Kamera beste aktore bat zen, eta koreografia guztien artean egin behar genuen.

Nolakoa izan da zaraitzuera zinemara eramateko prozesua?

Oso polita. Ez dut inoiz zaraitzuera entzun, eta iruditzen zitzaidan fideltasun historikoagatik beharrezkoa zela emakumeek zaraitzueraz hitz egitea euren artean. Harremanetan jarri nintzen Aitor Aranarekin, zaraitzueraren hiztegiaren egilerekin. Aranak itzuli zituen gidoiko elkarrizketak: bera gabe ez zen posible izango.

Hitz egiteko moduak pertsonaiak moldatu zituen?

Bai. Hitz egiteko erak asko esaten du pertsonaia baten inguruan. Bokalak jaten zituzten, eta oso polita zen niretzat hori irakurtzea. 

«'Ainarek' dena egiten zuten elkarrekin, emakume taldeak babesa ematen baitzien»

LUCIA EZKER 'Uxina' film laburraren zuzendaria
Hizkuntzaren eta emakumeen istorioen aldetik memoria historikoko lana egin nahi zenuen?

Bai. Ondare materiala berreskuratu nahi genuen, edo gutxienez moduren batean omendu. Asko balio duen zerbait galduta dagoela dirudi, baina ez da horrela.

Zer esan nahi du uxina hitzak?

Elur bisutsa. Istorioarekin zerikusia zuen hitz bat nahi nuen, zaraitzueraz, eta bidaia arriskutsuaren sinbologia islatzen zuena. Bidaia ez da filmean agertzen, baina kanpoan dagoen mehatxu bat da.

Zergatik da garrantzitsua Mundua eta giza eskubideak zikloan zure lana aurkeztea?

Duela ehun urteko egoera bat bada ere, kolektibo horien egoera ikusarazi nahi nuen nire lanarekin; historia errepikatu ez dadin. Migranteak, emakumeak eta langileak: oso kolektibo zaurgarriak dira, eta zentzuzkoa zen ziklo honetan aurkeztea. Ainarek dena egiten zuten elkarrekin, emakume taldeak babesa ematen baitzien.

Ekoizlea zara zeurez. Nola izan da zuretzat zuzendariaren aulkian esertzea?

Oso naturala izan zen niretzat, oso modu pertsonalean bizi dudan istorio bat delako batez ere. Hasieran beldur handia nion zuzentzeari, baina disfrutatu dut azkenean. Buruan dudan ekoizlea alde batera utzi behar nuen beti; berehala mugak jartzen zizkidan. Zuzendaritza lanak egiterako momentuan, asko kutsatzen nau ekoizlea izateak: horregatik erabaki nuen filma logela batera mugatzea! 

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.