Hizkuntzak generoaren pertzepzioan duen garrantzia aztertu du Laura Vela-Plo hizkuntzalari eta EHUko Filologia eta Historia saileko irakasleak (Basauri, Bizkaia, 1992). Marina Ortega eta Marta de Pedis ikerlariekin batera, 1.500 parte hartzaile baino gehiagorekin egindako hiru ikerketaren emaitza nagusiak aurkeztu zituen Vela-Plok asteazkenean, Bilbon. Bidebarrieta Zientifikoa egitasmoan, erdigunean jarri ditu hizkuntza esapideen erabilera eta hizkuntzak duen eragina, Gizona ala emakumea? Zientziak dioena generoaren pertzepzioari buruz euskaraz eta gaztelaniaz hitzaldian.
Zer-nolako eragina du hizkuntzak mundua ikusteko eran?
Hizkuntza da gizakiok komunikatzeko eta gure pentsamendua garatzeko erabiltzen dugun metodoetako bat, baina produktu kultural bat ere bada. Hizkuntza gizartearen arabera moldatuz doa, baita momentuaren arabera ere: pertsona bakoitzaren hitz egiteko era momentu bakoitzean aldatuz doa, kanpoko errealitatearen arabera. Ikerketaren bidez jakin nahi genuen ea adierazpen batzuk generoari lotuta dauden edo ez.
Zein zen ikerketaren abiapuntua?
Gure galdera nagusia hau zen: gure hitz egiteko erak eragiten du pertsonei buruz sortzen dugun interpretazioan? Gure ikerketan gizartean dauden aurreiritzi, ideia edo jarrera batzuk aztertu nahi genituen, horien atzean zer dagoen ikusteko. Euskara ez diren beste hizkuntza askotan genero gramatikala dago, frantsesez eta gaztelaniaz, adibidez. Benetan testu bat maskulinoz irakurtzeak edo norbaitek maskulinoz hitz egiten entzuteak alborapen sexista ekartzen du? Galdera horiei oinarri zientifiko bat eman nahi genien.
Horretarako, hiru ikerketa abiatu zenituzten. Zein zen parte hartzaileen profila?
Guztira hiru esperimentu egin ditugu: bi gaztelaniaz eta bat euskaraz. Gaztelaniaz egindakoetan, 18 urtetik gorakoekin hitz egin genuen, baita EHUko ikasleekin ere. Euskarazko ikerketa, berriz, EHUko ikasleekin egin genuen, konparaketa egin ahal izateko gaztelaniazko eta euskarazko datuak jasota.
«Ikusi dugunez, testu bat nola idatzita dagoen bakarrik ez, irakurlea zer generotakoa den ere garrantzitsua da»
Emaitzak ikusita, zein da bien arteko aldea?
Gauza batzuk antzekoak dira. Ikusi dugunez, testu bat nola idatzita dagoen bakarrik ez, irakurlea zer generotakoa den ere garrantzitsua da. Gero, gaztelaniazko ikerketan ikusi dugu testua maskulinoz idatzita dagoenean gizonen irudia ateratzen zitzaiela gehiago parte hartzaileei.
Zer testu irakurri behar zuten parte hartzaileek?
Gure ikerketa ahalik eta errealistena izatean nahi genuen, eta curriculum batzuk prestatu genituen: informazio berbera zegoen, baina modu desberdinean idatzita. Gaztelaniaz, curriculum bat maskulino generikoan idatzita zegoen oso-osorik, eta, beste testu bat, genero markarik gabe. Euskaraz ere bi curriculum prestatu genituen; bata generoaren inguruko pistarik eman gabe, eta bestea, gizonak ala emakumeak ziren zehaztuta.
Zein izan zen esperimentu horren emaitza?
Gaztelaniaz, maskulino generikoan zegoen testua irakurtzean, argi ikusi genuen gehienek gizona hautatzen zutela, batez ere gizonek: alborapen maskulino argi bat dago. Eta euskarazko kasua bitxia da: ez dugu alborapen maskulinorik aurkitu, ez estrategia batean, ez bestean. Generoaren inguruko pistarik gabeko testua irakurtzean, emakumeek beren generoa gehiago aukeratu zuten, eta gizonek apur bat gehiago aukeratu beren haien generoa, baina erdizka. Badirudi euskaraz generoari buruzko pistarik gabeko estrategia erabiltzen dugunean bakoitzak bere generoa aukeratzen duela gehiago.
Zer dago maskulino generiko horren atzean?
Euskara ez den hizkuntza batzuetan maskulinoa erabiltzen denean, talde misto bati buruz hitz egiteko erabiltzen da askotan. Jakin nahi genuen, nahiz eta denok dakigun horrelako erabilerak generikoak izaten ahal direla, ea testu bat irakurtzean zer gertatzen den. Ikusi duguna ez da berria: maskulinoz idatzita badago testua, gehienbat gizonei buruz pentsarazten digute.
«Badirudi euskaraz generoari buruzko pistarik gabeko estrategia erabiltzen dugunean bakoitzak bere generoa aukeratzen duela gehiago»
Esan ohi da euskarak ez duela generorik. Guztiz egia da hori?
Kike Amonarrizek saio bat zuen horren inguruan, ea euskara sexista izaten ahal den edo ez. Badakigu testuinguru batzuetan joera dagoela egokienak ez diren hitzak erabiltzeko, esanahi sexistagoa erakusten digutenak erabiltzeko. Adibidez, euskara batuan hitz egiten badugu, izenordainek ez dute genero markarik, baina beste egoera batzuetan bai, genero marka horiek agertzen dira. Beste hizkuntzetatik hitzak hartzean gertatzen da batez ere: aitak esatea gurasoak esan ordez. Hizkuntzen arteko harremanagatik garatu diren desberdintasun gramatikalak ere badaude.
Zer leku dute emakumeek hizkuntzan?
Hizkuntza erabiltzen dugunon erabakia da hori. Ikerketa honi esker ondorioztatu duguna da hitz egiteko erak eragina izan dezakeela beste pertsonen interpretazioan. Bereziki argia izan nahi badut eta aipatu nahi badut edozein generotako pertsona bati buruz ari naizela hizketan, agian esplizituki esateak laguntzen du. Euskarazko ikerketako parte hartzaileei galdetu genien ea uste zuten euskaran hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzea beharrezkoa zen edo ez: %60k baietz esan zuten.
Zeintzuk dira modu inklusiboan hitz egiteko dituzun gomendioak?
EHUk euskara inklusiboaren gida bat du, eta erdarazko kutsuak baztertzea gomendatzen du. Askotariko metodoak daude: adibidez, ez asumitzea gizon bati buruz hizketan ari direla generoa aipatzen ez dutenean. Hausnartu egin behar dugu hizkuntzaren ohituren inguruan, askotan generoaren binarismora eramaten gaituelako.
Nola atera eredu binario horretatik?
Gure ikerketa eredu binarioan oinarrituta dago, beste herrialde batzuetan egindako lanak izan ditugulako eredu gisa. Adibidez, gaztelaniaz egin dira nahiko lan e edo x morfemari buruz, eta irakurtzean duen eragina aztertu dute. Euskaran lan asko daukagu oraindik egiteko.
Zaila da hizkuntzan errotuta dauden ohiturak aldatzea?
Aldaketa azkarrak eskatzea beti da zaila. Badakigu hitz egitean are zailagoa dela geure burua kontrolatzea edo geure hitz egiteko eraren inguruan hausnartzea. Normalean, euskalki batean hitz egitera ohituta gaudenean eta testuinguru jakin batean euskara batuan egin behar dugunean, geure burua kontrolatu behar dugu. Testuinguru formaletan hausnartu beharko genuke nola hitz egiten dugun, lan eremuan mezu bat helaraztean ziurtatzeko berdintasuna dugula oinarri gisa.
Zein da ikerketaren hurrengo pausoa?
Hizkuntzaren inguruan garatu diren ikerketa gehienak mundu akademikoan geratu dira, eta gure helburua da lortu ditugun emaitzak gizarteratzea, hizkuntzak duen garrantzia helarazteko. Hurrengo pausoa da finantzaketa lortzea eta ikerketa hauetan aurrera jarraitzea. Bide bat ireki dugu euskararen ikerketaren bidez, eta oraindik hainbat galdera daude erantzuteko.