Frankismo garaitik hona izan da aldaketarik euskaldunentzat: frankismopean, euskara debekatuta zegoen, eta orain, berriz, kalean entzuten diren zortzi elkarrizketetatik bat euskaraz da. 60 urte bete dira aurten Tolosako (Gipuzkoa) eskola batean 12 urteko ikasle batek, erdararik jakin gabe, «En la escuela no tengo que hablar vasco» mila aldiz idatzi behar izan zuenetik; eta iaz EAEn araubide orokorreko ikasketetan matrikulatuta zeuden ikasleen %71,2 D ereduan zebiltzan. Eta Ipar Euskal Herrian euskal hiztun kopuruak eta euskararen kaleko erabilerak joera beherakorra izan badute ere 1997tik, EEPk, Euskal Konfederazioak sustatuta, Euskara 2050eko epemugan izeneko txostena aurkeztu zuen duela bi urte, eta helburutzat jarri lurralde horietan 2050ean euskal hiztunak %30 izatea. Bada, sinetsita prozesu horretan bizi izandakoak eta ikasitakoak lagungarri izan zitezkeela Euskal Herriko mugez gaindiko hizkuntzentzat, Garabide elkartea abiatu zuten duela hogei urte inguru. Euskalgintzan eta lankidetzan oinarrituta, boluntario lanetan aritu dira hamaika lagun orduz geroztik, bereziki Hegoalde Globaleko hizkuntza gutxituekin «zubiak» eraikiz. Prozesu horretan, funtsezkoa izan zaie Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren, Durangoko Udalaren (Bizkaia) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza, elkarteko kide Andoni Barreñak eta Xabi Etxeberriak aitortu dutenez.
Etxeberria Garabideko lankidetza teknikaria da egun, eta azaldu du hiru gidalerro dituztela finkatuak: Hegoalde Globaleko, bereziki Hego Amerikako, hizkuntza gutxituekin lankidetzan aritzea; Euskal Herriko ikastetxeetan hizkuntza aniztasunari buruzko kontzientziazio lanak egitea, eta aditu ikastaroa aurrera eramatea.
Lehenengoari dagokionez, adierazi du tokian tokiko komunitateen beharretara egokitzen direla, eta zubi lana egiten dutela komunitate horien eta haien beharrak asetzeko lagungarri izan daitezkeen Euskal Herriko eragileen artean. Aitortu du sarri hezkuntzarekin lotutako kontuak izaten direla tartean, hezkuntza sistema eta ikastolak «erreferentziakoak» baitira. Bide horretan, bi adibide azaldu ditu: AEKko eta ikastoletako material didaktikoak sortzeaz arduratzen diren zenbait aditu aritu dira Caucan (Kolonbia) lankidetzan, nasa yuwe hizkuntza gutxiturako materialak sortzen. Martxan ipini duten azken lankidetza Oaxacan (Mexiko) dagoen mixe herriarekin abiatu dute. Antza denez, hiztunak badituzte, baina bertako adituek ondorioztatu dute eten bat izan dela hizkuntzaren transmisioan. Eta Aste Santuko oporraldian hara joan da Arizmendi ikastolako kide bat, hiru komunitatetako 30 haurrekin hiru proba pilotu abian jartzera.
Bestalde, nazioartean egiten duten lana «ikusgarriagoa» bada ere, Euskal Herrian bertan ere aritzen dira lanean. Ikastetxeetan barna ibiltzen dira hizkuntza gutxituen inguruan hizketan. «Ikastetxera Marokoko norbait iritsi berri dela esaten badigute, pentsatzen dugu arabieraz egingo duela, baina, akaso, amazigeraz hitz egiten du etxean. Edo Boliviatik datorren beste batengatik pentsa dezakegu gaztelaniaz egiten duela, baina, agian, etxean kitxuaz hitz egiten du gurasoekin». Argi mintzatu da Etxeberria egiteko dagoen lanaz.
Adituei aditzen
Aditu ikastaroa funtsezkoa da komunitateetako eragileekin harremanak sustatzeko eta sendotzeko, Etxeberriak azaldu duenez. Munduan barnako hizkuntza gutxituetako hamar-hamabost eragile politiko eta sozial Euskal Herrira etortzen dira bi hilabetez, ikastaroa egitera. Bertan, hizkuntza biziberritzeko estrategiei buruzko formakuntzak jasotzen dituzte, eta Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren ikuspegi ahalik eta zabalena barneratu: bisitan eramaten dituzte Nafarroako Erriberako eta Iparraldeko ikastoletara, zenbait udaletara…
Azken finean, erakusten diete zer eragilek parte hartzen duten euskararen biziberritze prozesuan, adibide horiek haien komunitateetarako baliagarri izan daitezkeelakoan: «Euskararen biziberritze prozesuan gorabeherak izan ditugu, noski, baina hemen ikusten dituztenek modua ematen diete etorkizun oparo bat irudikatzeko», azaldu du Etxeberriak. Ikastaroa amaitzean nor bere komunitatera itzuli, eta praktikaldiari ekiten diote.
Biharrari so
Horietaz gain, badute beste proiektu bat ere esku artean: Bihar egitasmoa. Bi urtez aritu dira Garabide, Soziolinguistika Klusterra, Taupa mugimendua eta Plazara kolektiboa elkarlanean, eta irailean lau eguneko nazioarteko kongresua egingo dute Bilbon, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Duela hilabete egindako aurkezpenean azaldu zuten hizkuntza komunitate minorizatuak eta haiek biziberritzearen inguruko diskurtsoak izango dituztela ardatz. Horretarako, nazioarteko adituek egindako diagnosi bat eta Euskal Herrian egindako sozializazio ariketa bat erabiliko dituzte.
Solasaldiak, mintegiak eta mahai inguruak antolatu dituzte, eta, hizketaldiez gain, alde artistikoa eta kulturala ere izango ditu kongresuak. Lau egunez, aztergai izango dituzte munduko hizkuntza minorizatuek biziberritzeko baliatzen dituzten narratiba eta diskurtsoak, helburutzat hartuta etorkizunerako diskurtsoak sortzea, «ekintzaileek, erakundeek eta akademiak baliatu ditzaten».
Nasa herria
Iraileko kongresuan nasa herriarekin egindako lankidetza ere aipatuko dute. Nasa herriaren parterik handiena Kolonbiako Cauca departamentuan bizi da, eta Kolonbiako indigenen %13 dira komunitate horretakoak. Viviana Gonzalez Garzon hizkuntzalaria 2004an heldu zen hara. Unibertsitate graduko azkenengo lauhilekoa egitera joan zen, eta orduan ezagutu zuen nasa herria, Abelardo Ramosen bitartez, lehen hizkuntzalari nasaren bitartez alegia. Bien artean, gaztelaniaren eta nasaren arteko itzulpen lan bat egin zuten, eta, ordutik, barrutik bizi izan du nasen proiektu politikoa: «Ez gara kanpotik begira egon. Haiekin batera ibili gara, prozesuaren barnean. Proiektu politikoan murgildu gara, ardatza hizkuntzan ipinita». Handik bost urtera, 2009an, Kolonbiako Kultura Ministerioak PPDE Aniztasun Etnolinguistikoa Babesteko Programa abiatu zuen. Eta bertan zebilen lanean Jon Landaburu hizkuntzalaria. Garai horretan, nazioarteko trukeak abiatu zituzten, eta modu horretan heldu zen Andoni Barreña Toribio hirira.
Iritsi zenean, harrituta gelditu zen hango antolamendu politikoarekin: «Hiru antolamendu maila zituzten. Hasteko, CRIC zegoen, Caucako erakundea; ondoren, ACIN, iparraldeko indigenen ordezkaritza moduan, eta, azkenik, Plan de Vida deitzen diotena [Bizi Plana], Toribio hirikoa. Izugarria zen hori guztia». Horrez gain, miresgarria iruditu zitzaion nolako borondatea zuten hizkuntzaren arloan: «Berrogei sustatzaile liberatu zituzten hizkuntzaren inguruan lanean jartzeko!», baina arazo bat identifikatu zuen, prestakuntza falta. Beraz, arlo hori lantzeko baliatu zuen bere egitasmoa. Gonzalezek ere programa horretan parte hartu zuen, eta nasa yuwe hutsezko haur eskolak abiarazi zituen 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat, wasak izenekoak, Euskal Herriko murgiltze ereduko eskolen parekoak.

Barreñak argi azaldu du hasierak ez zirela errazak izan: «Gu Europatik joandakoak ginen, zuriak... Mesfidatiak ziren gurekin, eta erabat ulergarria zen. Hasieran kolonizatzaile moduan hartzen gintuzten, eta hori denbora hartuz eta harremanak sendotuz landu eta ezeztatu behar da». Eta hain zuzen horregatik nabarmendu du Gonzalezek hiztegiaren garrantzia. Bertakoek ulertu behar izan zuten ez zetozela laguntzera, lankidetza bat egitera baizik, ez baitira gauza bera tradizionalki lankidetza moduan hartu dena eta lankidetza linguistikoa: «Truke baten antz handiagoa du honek». Eta horixe bera azpimarratu du Barreñak ere: «Guk argi daukagu herri bakoitzak bere bidea egin behar duela, eta bakoitzak bere testuingurua eta baliabideak dituela. Guk gure teknikak azaldu dizkiegu, eta argi adierazi: 'hartu hortik zuei baliagarria zaizuena'». Gonzalezek horixe bera nabarmendu du: «Kooperazioa izan da oinarria eta gu saretzeko motorra».
Handik bi urtera heldu zen Garabide Toribiora, Caucara. Hiru hilabeteko egonaldia egiteko aukera eskaini zieten hemezortzi adituri, bakoitzak bere esparruan proiektu bat garatu zezan. Garai hartan bereziki bi helburu zituztela kontatu du Barreñak: alfabetatzea eta wasak eskolak garatzea. Gonzalezek hezkuntzarekin jarraitu zuen, eta adierazi du orduan hasi zela «euskalnasa prozesua». Garabidek zubiak eraiki zituen hango beharrei erantzuteko modua izan zezaketen euskal eragileekin. Horren adibide da talde batek ikasketa proiektua osatzen lagundu izana eta beste batek material didaktikoa osatzea. Lanketa horietan Ane Ortegak eta Rosa Elizburuk egindako ekarpenak nabarmendu ditu Barreñak. Eta lankidetza hitzaren zentzu osoa ulertzeko, funtsezkoa da proiektu horren prozesua ulertzea: euskal esperientzia abiapuntu moduan erabili ahal izateko, sortu beharreko curriculumak eta materialek izan beharrekoak helarazten zizkieten Euskal Herriko adituek, eta nasak arduratzen ziren egokitzapenak egiteaz: «Marrazkiak eta adibideak haien errealitatera moldatu behar ziren: ezin dituzu hemengo liburuetako azal zuriko pertsonak ipini, eta praktikan erabiliko dituzten adibideak jarri behar dituzu: medikuarenera joatea, adibidez». Bada, hamabost urte igaro dituzte «sare horiek sendotzen», eta horrek fruituak eman ditu.
Izan ere, Gonzalezek adierazi du, euskararen bilakaerak esperantza pizten diela gainontzeko herriei: nasari, kitxuari, maputxeari… Eta esperantza horretatik abiatuta eta lankidetzan sareak sortzen ibilita, pauso nabarmenak eman dituzte, zailtasunak gorabehera: «Batzuetan atzerapausoak eman ditugu, edo oso astiro joan gara, bai, baina erronkek erakutsi digute zer norabide hartu, eta metodologia zehatzak eta finkoak sortu ditugu, oinarri moduan funtsezkoak direnak».
Gaur egungo egoera
Gonzalezek aitortu du lorpen kuantitatibo nabarmenik agian ez dela izan, baina lorpen kualitatibo nabarmenak bai: «Agian ezin dugu esan ehun hiztun gehiago izatea lortu dugunik, baina nasak beren hizkuntzaz harro egotea eta gurasoek haurrei nasaz egitea bai. Hizkuntzen biziberritze prozesuan funtsezkoa den aktibazioa lortu dugu, eta hori oinarrizkoa da hizkuntzaren etorkizunerako, hiztunik gabe ez baitago hizkuntzarik».
Bada, Gonzalezek doktore tesi batean aurkeztu ditu saretze horrek emandako fruituak, Jon Sarasuak zuzendutako El proceso de revitalización del Ju´gthë´we´sx Pthüusenxi y la aportación del sistema de cooperación lingüística vasca (Ju´gthë´we´sx Pthüusenxi hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesua eta euskal hizkuntza lankidetzaren ekarpena) izenekoan. Duela hilabete inguru aurkeztu zuen, Gasteizen, eta cum laude aipamena (ohorezko matrikula) lortu zuen. Ea lan akademikoa bezain bikaina den nasa yuwe hizkuntzaren etorkizuna.