«Hizkuntza gutxitu guztiek duten arriskuari aurre egiteko». Iñaki Martinez de Luna Garabide elkarteko zuzendariaren hitzetan, helburu horrekin sortu dute Bihar egitasmoa. Proiektuak hiru ardatz ditu: munduko hizkuntza gutxituen egoeraren diagnostikoa egitea, azterketa horren emaitza Euskal Herrira ekarri eta euskaldunen bizipenekin alderatzea, eta lau eguneko kongresu bat egitea, proiektua borobiltzeko. Irailaren 23tik 26ra egingo dute biltzar hori, Euskal Herriko hiru tokitan: Bilbon, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Soziolinguistika Klusterra, Taupa mugimendua eta Plazara kolektiboa ibili dira Garabide elkartearekin elkarlanean.
Hizkuntza minorizatuek duten egoeraren ondorioak aztertzea ezinbestekoa dela azaldu du Martinez de Lunak, eta atera duten ondorioetako bat da kontrako diskurtsoak zabaldu egin direla baita hizkuntza gutxitu horiek erabiltzen dituzten komunitateen barnean ere. Martinez de Lunak adierazi du horri aurre egiteko «inflexio puntu bat sortu beharra» dagoela, eta hizkuntzaren aldeko jarrerak zabaldu behar direla gizartean.
60Zenbat hizkuntza komunitatek parte hartu duten: Europako, Ipar Amerikako, Erdialdeko Amerikako, Hego Amerikako, Afrikako eta Ozeaniako hizkuntza minorizatuen komunitateek parte hartu dute proiektuaren lehen fasean.
Iaz egin zuten proiektuaren lehen urratsa: munduko hizkuntza gutxituen komunitateetako bizipenak biltzea eta aztertzea. Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterraren zuzendariak eman du horren berri gaur goizean Bilboko Euskararen Etxean egindako aurkezpenean. Diagnostikoaren emaitzak iraileko kongresuan aurkeztuko dituzte. Hala ere, Larreak aurreratu du emaitzak «aberatsak» direla, eta hezkuntza komunitateen esperientziak «heterogeneoak» direla: «Gai batzuk etengabe errepikatzen dira talde guztietan; beste batzuk, berriz, oso tokian tokikoak dira, eta bizipen batzuk kontraesankorrak ere izan daitezke».
Larreak nabarmendu du ikerketa ez dela izan «ariketa akademiko hutsa». Izan ere, proiektuaren antolatzaileen asmoa da hizkuntza minorizatuak biziberritzeko munduko hainbat komunitatek baliatzen dituzten narratiba eta diskurtsoak aztertzea, baina baita etorkizunerako diskurtso berriak sortzea ere, ekintzaileek, erakundeek eta akademiak baliatu ditzaten. Aldi berean, herrien arteko saretzearen garrantziaz ere aritu da. «Hizkuntza gutxituen aldeko borroka ez da bakartua, beste komunitate batzuekin konektatuta egiten da, eta lotura horiek sortu eta horietan sakondu nahi izan dugu».
«Adimen kolektiboan sinesten dugu, eta iruditzen zaigu, guk ikusten dugunaz haratago, gizarteak esango digula gaur egungo beharrak zeintzuk diren»
JOSUNE MENDIZABALTaupa Mugimenduaren zuzendaria
Baina nola ekarri ikerketaren emaitzak Euskal Herrira? Erronka horri ekin diote orain. Jasone Mendizabal Taupa mugimenduaren zuzendariak azaldu duenez, Iruñean egin zuten atzo diagnostikoa «sozializatzeko» eta «digeritzeko» lehen saioa. Urrats horretan, munduko beste hizkuntza gutxituen komunitateetan gertatzen dena transmititzeaz gain, bizipen horiek euskal gizarteak dituenekin alderatuko dituzte.
Mundu mailan kokatzeko
Intersekzionalitatearen aldeko hautua egin dutela nabarmendu du Mendizabalek. Euskal Herriko hamar herritan bina saio egingo dituzte, eta, horietan, askotariko herri mugimenduek parte hartuko dute. «Adimen kolektiboan sinesten dugu, eta iruditzen zaigu, guk ikusten dugunaz haratago, gizarteak esango digula gaur egungo beharrak zeintzuk diren». Bi hilabete iraungo du fase horrek. Getxon (Bizkaia) egingo dute azken mintegia, eta Mendizabalek azaldu du Euskal Herriko eragile guztiak gonbidatuko dituztela, azken ondorio batzuk ateratzeko.
«Euskara mundu mailan kokatzeko egitasmoa izango da. Une mamitsua, seriosa, alaia, eraikitzailea eta nahi dituzuen adjektibo guztiak». Horrela definitu du Eneko Gorrik, Plazara elkarteko kideak, udazken hasieran egingo duten kongresua. Bihar proiektuaren hirugarren eta azken ardatza izango da. Gorrik argitu du ez dela prozesu baten amaiera, ereingo duten «haziaren hastapena» baizik.
Kongresuak lau egun iraungo du. Bilbon egingo dute lehen saioa; bigarrena eta hirugarrena, berriz, Irunen; eta azkena, Hendaian. Programa zelakoa izango den zehaztu ez duen arren, Gorrik adierazi du mintzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak antolatu dituztela Irungo Ficoba aretoan. Hizketaldiak ez ezik, dimentsio artistiko eta kulturala ere izango du biltzarrak. Maiatzaren 11n irekiko da kongresuan izena emateko epea.