Iñaki Goikoetxea

«Honatx muntatzearen arrasto bat: 12. urtearekin lotura dauka»

Eguberri inguruetan hasi ohi da inauterietako egitura erraldoiak prestatzen, baina ideia lehenagotik mamitua du. Aurtengoak eman dio inoizko lanik handiena.

2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Esan daiteke Tolosako inauterietan kolore anitz eta parrandaz gain badagoela beste protagonista bat: Iñaki Goikoetxea (Tolosa, 1948). Urteak daramatza bere jaioterrian inauterietako muntatze ikaragarriak egiten, eta, zalantzarik gabe, ingurutik pasatzen direnei harridura eta barreak eragiten. Oso gauza bitxiak egin izan ditu, denak ere ikusgarriak.

King-Kong erraldoia eta Ann Darrow, alimaleko erlauntz bateko erregina... Aurten zer?

Elkarrizketa hau noiz aterako da?

Igandean.

Ni ere igandean aterako naiz... Orduan, ez dizut esango, ados? Nahiago dut sorpresa izatea, horrela jendeak ezer jakin gabe ikus nazan!

Ederki... Dena den, aurten ere egitura izugarri horietako batetik zintzilikatuko zara?

Bai, tira, ez naiz zintzilikatuko, baina bai, Tolosan zerbait agertuko da. Aurten zortzi metroko egitura bat eraikiko dut lurrean. Batzuetan, nire egiturak eraikinetan eta zuhaitzetan ezarriizan ditut, baina aurten ez. Zortzi metro baino gehiago izango ditu, eta ni horren barrenean egongo naiz, sei metrora edo...

Pixka bat txikiagoa ez al zen nahikoa?

Agian, baina niri jendearen erreakzioa ikustea gustatzen zait: barreak, irribarreak... Orduan, ikusgarri aritzen banaiz, hobeto. Egia da, hala ere, batzuetan lan handia izaten dela, eta aurtengoa izango da, segur aski, orain arte lan handiena eman didan proiektua.

Han goian ordu asko pasatzen dituzu geldirik... Ez zara aspertzen?

Ez, ez! Badakizu zer gertatzen den? Jende ezagun pilo bat dagoela eta ia gelditu gabe ari zaizkidala deika, keinuka... Horrela, konturatu orduko pasatzen zait denbora, eta, egia esan, oso ongi pasatzen dut!

Baina basoerdi bakar bat edateko aukerarik ere ez duzu...

Ez du axola! Egia da oso zaila izaten dela egoten naizen lekuetara igotzea, eta ez dudala edateko aukerarik izaten, baina niri bost. Gainera, hori ez da beti horrela izan, muntatzearen egitura Fronton jatetxean jarri izan dudanean edan izan dut, bai. Hango sukaldariak, Roberto Ruizek, oso ondo zaindu izan nau; badaki zein den nire ardo zuri gustukoena, eta urdaiazpiko pintxoak igo izan dizkit! (Kar-kar-kar)

Badakizu dagoeneko Tolosako inauterietako zati garrantzitsu bat zarela, ezta?

Bai, tira, azkenean jendea pixka bat ohitu egin da ni ikustera... Ondo dago!

Eta jendeak zer esaten dizu kalean?

Askotan esaten didate zerbait, baina ez didate galdetzen zer egiteko asmoa dudan... Azken finean, badakite ez diedala esango... Bestela, ez litzateke ezustekoa izango!

Egin dituzun muntatzeen artean, baduzu gehien maite duzunen bat?

Batzuk oso ondo gelditu dira. 1998an, zuhaitz bat jo zuen hegazkin bat atera nuen, hiru metro pasatxoko altueran. Arrakasta handia izan zuen; jendea oraindik gogoratzen da. Horrezgainera, Harold Lloyden ingurukoakoroitzapen oso ona ekartzen ditburura. Erloju baten orratzetatikzintzilikatu nintzen; tira, ez nengoen zintzilikatuta, ni eserita eroso-eroso nengoen, baina zintzilik nengoela zirudien. Muntatze hura asko gustatu zitzaidan.

Inoiz ez zara ideiarik gabe geratu?

Ez, ez... Bilatu ez arren, urte osoan ideiak etortzen zaizkizu burura. Aurtengoa duela urte batzuk otu zitzaidan, eta 2012. urterako pentsatua neukan. Honatx nire aurtengo muntatzearen arrasto bat: 12. urtearekin dauka lotura.

Muntatzean ez zaudenean mozorrotzen zara ala muntatzearekin nahikoa duzu?

Ez, ez, goian ez nagoenean ere mozorrotu egiten naiz. Ez dut uste inauterietan sekula kaleko jantzita atera naizenik.

Eta Veneziako edota Brasilgo inauterietara joateko esango banizu?

Ez dakit, baina ez dut uste! Ni hemengoa naiz, eta hau gustatzen zait... Gaur-gaurkoz, ezetz esango nizuke! Badakit bazterretan oso inauteri ederrak badirela; Veneziakoa izugarria izango da... Tira, agian beste noizbait,bai, zergatik ez?

Orduan, hasieran behintzat, desertatuko ez duzunez, zure herrian muntatze erraldoiak ikusteko aukera izango dugu datozen urteetan ere?

Hori ere ez dakit seguru... Gauza bakoitzak bere garaia du, eta urte asko dira jadanik muntatze ikusgarriak egiten... Zenbaitetan pentsatzen dut: 'agian, aurten bukatuko dut', baina hurrengoan animatu egiten naiz! Orduan, ez dakit. Kontua da muntatze ikusgarri hauek lan handia dutela eta konplexuak direla. Egitura sinpleagoekin aurrera jarraitzea errazagoa litzateke... Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.