Andereño erretiratua

Mari Karmen Mitxelena: «Ikastoletako andereñoak militanteak izan ginen, era guztietara»

Elbira Zipitriaren etxean «beste mundu bat» zabaldu zitzaion Mari Karmen Mitxelenari, eta, ordutik, andereño lanetan pasatu du bizi osoa. Klandestinitatean hasita, Donostiako haur ugari euskaldundu eta hezi zituen. Orixe ikastolaren sortzaileetako bat da.

Mari Karmen Mitxelena. GORKA RUBIO / FOKU
Mari Karmen Mitxelena. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2026ko urriaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mari Karmen Mitxelena andereñoak (Usurbil, Gipuzkoa, 1938) barru-barrutik hartu du parte ikastolen mugimenduaren sorreran eta garapenean. Elbira Zipitriak «dena» erakutsi zion, eta, haren bideari segituta, Donostiako Parte Zaharreko Orixe ikastola sortu zuen; han aritu da lanean, 2003an erretiroa hartu zuen arte. 

Nolako haurtzaroa izan zenuen Usurbilgo San Esteban auzoan?

Usurbilera joan behar izaten genuen eskolara: errepidetik hiru kilometro dira. Txiki-txikitatik ohitu ginen tunela pasatzen. 640 metro: buruz ikasteko adina ibiliak gara.

Eta tuneletik trena pasatuko zen…

Hildakoak ere baziren, e! Jakiten genuen trenen ordua, baina ustekabean trenak izaten ziren. Nik oraindik 5 urte nituela, 6 urteko neska bat harrapatu zuen trenak. Ana Mari Zumeta zuen izena; gero margolaria izan zen Jose Luisen arreba. Izugarria izan zen hura. Gu belar txikian ohituak gara…

Eta tunelaz bestalde irakaslea zenuten zain, Usurbilgo eskolan.

Oso gogoan dut: Maritxu Olariaga zuen izena. Zortea izan genuen harekin: euskalduna zen, eta, gainera, abertzalea. Guri ez zigun arazorik jartzen euskaraz hitz egiteko, baina dena erdaraz ikasi behar genuen. Gainera, gu 70 neska ginen, adin guztietakoak, denak batera. Oso maitagarria zen; hura izan zen nire amari zera esan ziona: «Aizu, Mari Karmenek baditu ikasteko dohainak, eta zergatik ez duzue Donostiara eramaten batxilergoa egitera?». Nesketan inork ez zuen ikasten orduan, eta mutilek ere gutxi. Eta Donostian Teresarren eskolan hasi nintzen, Frantzia pasealekuan. Bazkaria poltsan eramaten nuen; ez genuen dirurik jangela ordaintzeko.

Eta zer moduz egin zenuen batxilergoa?

Oso ondo egin nuen. Ni beti izan naiz oso saiatua, langilea; bizitzak asko erakusten du, eta nik banekien nire gurasoak ze esfortzu egiten ari ziren nik ikasteko: ikasi eta ikasi eta ikasi aritzen ginen. Niretzat tortura bat zen esaten zigutenean erredakzio ariketa bat egin behar genuela. Gu erdaraz nahiko mugatuta geunden; herrian dena euskaraz egiten genuen, eta Donostiara hasi arte ez nuen erdaraz egin. Oso gogorra zen. Aitari esaten nion erdi negarrez laguntzeko, eta «lasai» esaten zidan: «Udaberriari buruz idatziko dugu, zure herriari buruz…». Hark laguntzen zidan ariketak egiten; kontablea zen Usurbilgo fabrika batean. Ama ere oso bizkorra zen.

«Arratsaldeetan, guk erakusten genien txikiei irakurtzen eta idazten. Nik uste dut hortik etorri zitzaidala bokazioa»

Argi zeneukan irakasle izan nahi zenuela?

Bai, garbi neukan Magisterioa egin nahi nuela, eta Ategorrietan zegoen eskola. Oraindik urrutiago! Maritxu Olariaga goizez guri irakasten aritzen zen, eta, arratsaldeetan, guk erakusten genien txikiei irakurtzen eta idazten. Nik uste dut hortik etorri zitzaidala bokazioa.

Eta Ategorrietako eskolan Jone Forcada andereñoa agertu zen egun batean.

Bai. Nik ez nekien ikastolak zeudenik ere; hain ezkutukoak ziren… Joan zen, eta galdetu zuen ea bazegoen neska euskaldunik. Ni bigarren mailan nengoen, eta hizketan hasi ginen. «Aizu, norbait behar dut arratsaldeetan, eskolak bukatu eta gero Frantses Eskolan dabiltzan ume batzuen euskara indartzeko». Baietz esan nion, eta horrela hasi nintzen.

Orduan ezagutu zenuen Elbira Zipitria?

Bai. Egun batean, Jone Forcadak Elbira Zipitriaren etxera eraman ninduen. Gaueko eskolan zegoen, helduei euskara ematen. Orduan irakasle gutxi zeuden, eta pozik hartu ninduen. Berehala hasi zen Elbira niri galderak egiten. «Ea Mari Karmenek zer esaten digun, hau kutsatu gabea dagoelako oraindik». Deklinabideak ikasten ari ziren. «Orixek aurkeztu zuen pertsona bat, eta esan zuen norakoaren zain dagoela». Inork ez zion antzeman zer esan nahi zuen, eta niri zapla bota zidan: «Aizu, Mari Karmen, zer da ‘norakoaren zain dago’?». Eta nik: «Apaiza edo irakaslea izango da, eta destinoaren zain egongo da». «O! Ezta Platonek ere!». Orixek hori bera erantzun omen zion bati.

Hala ezagutu zenuen, eta bizitza aldatu zizun.

Bai. Orduan garbi esan zidan: «Nik baldintza bakarra jarriko dizut. Magisterioan urte bakarra geratzen zaizu. Ba, bukatu. Eta, hori bukatu ondoren, nahi baduzu nire ikastolara etorri urtebeteko jarduketak egitera, praktikak». Urtebete pasatu nuen Magisterioa bukatzen, eta Elbirarengana joan nintzen.

Orduan euskaltzaletu zinen?

Etxetik gentozen euskaltzale, baina gogoratzen dut noiz egin nintzen abertzale. Ni ikastolan 20 urterekin hasi nintzen, eta handik bi urtera Agirre lehendakaria hil zen. Nik ordurako Elbirarekin harreman handia nuen, eta Jone Forcadaren lekua hartua nuen Kaiko ikastolan. 1960an, negar malkotan etorri zitzaidan Elbira: «Mari Karmen, lehendakaria hil da. Zerbait egin beharko dugu». Gipuzkoa plazako etxe batera joateko esan zidan; Elixabete Maiztegi bizi zen han, irakasle errepresaliatu bat. Joan nintzen, eta han ikusi nuen jendea: batzuk makinan idazten, beste batzuk telefonoz deika, besteak sartu-atera… Nik 21 urte izango nituen, eta fitxatu gabe nengoen. Esan zidaten autobus geltokira joateko, Lekarozko fraileei eta Loiolako jesuitei gutunak bidaltzera: bertan esaten zuten lehendakaria hil zela, Telesforo Monzonek Donibane Lohizunen zuen etxera eramango zutela gorpua, hileta noiz izango zen…

Eta zu zeu hiletara ere joan zinen?

Bai, bezperatik joan ginen Elbira eta biok. Monzonen etxera joan ginen, eta orduak pasatu genituen han; agintariak etortzen ziren, lurralde guztietako lur zatiak ekarri zituzten… Hurrengo eguneko hileta hunkigarria izan zen. Horregatik esaten dut hein handi batean nire abertzaletasuna hor piztu zela. Saseta batailoiko burua izan zenak eraman ninduen autoan Hendaiara, han topoa hartu nezan; gudariek ibilitako ikurrin handia zeraman auto berean… Elbirarekin leku guztietara joan nintzen: Aberri Egunetara, [EAJren] Alderdi Egunetara…

«Elbira Zipitriak esaten zuen berak ez zuela ezer berririk asmatu; bakar-bakarrik, onak eta aurrerakoiak zirenak hartu eta euskal sena txertatu»

Zer erakutsi zizun zuri Elbira Zipitriak?

Dena. Nik egin nuen Magisterioa ehun urte aurrekoek egindakoaren berdina zen. Elbiraren etxean hasi nintzenean, beste mundu bat izan zen. Neskak eta mutilak elkarrekin zeuden, eta denei heziketa bera ematen zien: jostailu denak denentzat ziren, izan panpinak, izan kamioiak. Ze aurrerakoia zen! Bera ez zen materiala idaztearen aldekoa; gero guk, harenari jarraituz, material ugari idatzi genituen Aralarren, Arantzazun… Puntaren puntako material pedagogikoa ezagutzen zuen: Montessori, Piaget… Horiek denak aztertu zituen. Esaten zuen berak ez zuela ezer berririk asmatu; bakar-bakarrik, onak eta aurrerakoiak zirenak hartu zituela, eta euskal sena txertatu. Horretan aparta zen. Eskola bizia zen. Elbirarekin ikasi nuen nik umeak hartu eta Urgull mendira joaten: kantatuz joaten ginen, hosto txapelketa egiten genuen, xomorro txapelketa… Geografia ikastea zoragarria izan zen: Urgull gora igotzen ginen, eta handik begira ikasten zuten zer den uharte bat, zer den lurmutur bat… Meritu izugarria ematen diet gauza horiei. Aitzindaria izan zen. Ikasi nuen guztia Elbirarekin ikasi nuen. Beste neska batzuk praktikak egiten aritu ziren nirekin ere, eta herrietan ikastolak sortzen aritu ziren andereño horiek.

Eta hori dena, klandestinitatean.

Begira, detaile bat esango dizut. 1968 inguruan gobernadore zibilak esan zuen eskolatze ziurtagiria behar zela, eta guk ezin genuen eman: zentro bat behar genuen. Horregatik, orduko ikastola gehienak parrokien babesean sortu ziren, eta gu 1968an Santa Mariako parrokoarengana joan ginen, babes eske. Babes osoa eman zigun, baina toki traketsak ziren oso: gela zahar batzuk, Santa Maria atzetik sartuta…

Gaur egun Elbira Zipitria andereñoaren kalea da.

Bai, izen hori jarri zion Ramon Labaien alkateak, haren ikasle izandakoak. Eta gogoratzen naiz gela haietan saguak izaten genituela… Horrelako tokietan hasi ginen, baina gurasoek dirua jarri zuten, maileguak eskatu zituzten eta Santa Mariako parrokoak toki hobea eman zigun obrak egiteko. Ze meritua zuten familia horiek! Orixe jakintza elkartea ere garai hartan sortu zuten, eta haren egiteko nagusia ikastola bultzatzea zen. Kosta zitzaigun, baina sortzeko baimena eman ziguten. Baimena emateko, inspektore bat etorri zen umeak aztertzera: gaztelania, matematika, gizartea… Jon izeneko mutil koskor bati zera galdetu zion: «Nola duzu izena?». «Jon». «Nola duzu izena?». «Jon». «Nola duzu izena?». «Juan», esan behar izan zion; Burutaran sendagilearen semea zen. «Zein da zure aberria?». «Euskadi»; ni dardarka aldamenean. «Banderarik ezagutzen duzu?». «Bai, ikurrina». «Badakizu nor den Franco?». «Gizon bat».

Beldur handia pasatutakoak zarete.

Izugarriak. Lau irakasle ginen: Elbira Zipitria, Miren Terese Aleman, Koro Aldanondo eta ni. Laurok sortu genuen Orixe ikastola 1969an, baina baimenik gabe oraindik…

«Gurasoek dirua jarri zuten, maileguak eskatu zituzten eta Santa Mariako parrokoak toki hobea eman zigun obrak egiteko. Ze meritua zuten familia horiek!»

Ikastola legeztatzeko garaia iritsi zen gero.

Gu beldurrez ibiltzen ginen, ez zigutelakoan baimenik emango. Halako batean, baiezkoa etorri zitzaigun: baimena genuela. Gu Orixen hasi ginenean, dirurik ez zegoen, baina Lagunaroko aseguru bat egin ziguten, eta horrekin jarraitzen genuen. Gizarte Segurantzan ez geunden inor, eta inspekzio batean izugarrizko isuna zetorkion ikastolari. Ba, irakasleak magistraturara joan ginen esatera urte hartan hasi ginela Orixen lanean… Orduan jarri gintuzten Gizarte Segurantzan. Ikastoletako andereñoak militanteak izan ginen, era guztietara.

Ikastola legezkoa izan zenean, gauzak asko aldatu ziren?

Material aldetik, bai, eta udala egin zen kargu garbitasunaz. Lehenago guk garbitzen genituen gelak, eta amek, komunak. Urteetan eta urteetan ibili ginen horrela. Gu ekarrita gaude kamioi bat pupitreekin udaletxe ondora, eta haurrek eta guk Urgullera eraman. Militantzia hori ja bukatu da.

Eta gero Orixe ikastola publifikatu egin zenuten.

Borroka handi bat izan zen. Ni baiezkoaren aldekoa nintzen, eta esango dizut zergatik. Guk Orixen bizi osoa borrokan pasatu genuen lokalak edukitzeko, ez genituelako, eta publifikatzeak hori erraztuko zuen. Urgulleko eraikina lortu genuen, eta Zuloaga plazakoa ere bai; azken hori nik erretiroa hartu eta gero. Asko kostata. Eta Kanpandegi kalean zegoen ikastola lortu izana garaipen bat izan zen; Miguel Muñoaren ikastola, gerra aurrekoa, han egona zen!

«Nik uste dut jendeak ez dakiela askorik, batez ere oraingo guraso gazteek, ikastolak nondik datozen. Hutsune handi bat dago, eta ja denak bagoaz!»

Eta 2003an hartu zenuen erretiroa.

Denek esaten zidaten: «Baina nola biziko zara zu ikastolarik gabe?». Ba bizi naiz, bizi naizenez. Unibertsitatean hasi nintzen, ingelesa ikasten hasi nintzen, informatika kontuetan… Bidaiak ere egin ditut, eta gizartean lan asko egin dut.

Jabetzen al zara ze garrantzi duen egin duzuen lanak?

Nik uste dut jendeak ez dakiela askorik, batez ere oraingo guraso gazteek, ikastolak nondik datozen. Hutsune handi bat dago, eta ja denak bagoaz! Nik 89 urte egin behar ditut urtarrilean.

Beraz, garrantzitsua da transmisio lana.

Izugarri. Jendeak uste du ikastolak perretxikoak bezala sortu direla. Gu militanteak izan gara! Eta gurasoek ere izugarrizko meritua izan zuten; haiek ere benetako militanteak izan ziren. Ikastolek sufrimendu handia izan dute, baina hori bai: poza ere bai.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA