Triple A (Alianza Anticomunista Argentina) edo A Hirukoitza eskuin muturreko erakunde terrorista parapoliziala izan zen, 1973tik 1976ra Argentinan jardun zuena. Poliziek, militarrek, inteligentzia zerbitzuetako agenteek eta eskuin muturreko sektoreekin lotutako zibilek osatzen zuten. Estatuaren babespean eta haren baliabideak erabiliz jardun zuen, ezkerreko militanteak, sindikalistak, intelektualak, ikasleak eta oposizioko kideak jazartzeko eta hiltzeko. 1976ko estatu kolpearen aurreko urteetan, izua zabaldu zuen herrialdean, eta errepresio paraestatalaren tresna nagusietako bat bihurtu zen.
Netflixeko Gordon telesailak Anibal Gordonen (Rodrigo de la Serna) bizitza du ardatz, A Hirukoitzari lotutako kriminalarena. Gaizkile arrunta zen, baina delinkuentzia ez zuen inoiz alde batera utzi; indarkeria politikoaren eta errepresio parapolizialaren zerbitzura jarri zuen bere jarduna. Marcelo Larraquy kazetari eta ikertzailearen eleberrietan oinarrituta, zazpi ataleko miniserieak kriminalaren ibilbidea marraztuko du, delitu arruntetik Estatuaren itzalean jarduten zuten indarkeria sareetaraino. Telesailaren sortzailea Pablo Trapero zinemagile argentinarra da, Argentinako Zinema Berriko izen esanguratsuenetako bat. El bonaerense (2002), Carancho (2010), Elefante blanco (2012) eta El clan (2015) dira haren lan ezagunenetako batzuk.
Gordonen biografia kontatzeko aitzakian, Argentinako historiaren pasarte ilun batera eramango du ikuslea Traperok. Gaizkile baten gorabeherak kontatzeaz harago, erakutsiko du indarkeria nola sortzen den, nola elikatzen den eta, boterearen babespean, nola bihurtzen den eguneroko jardun. Pertsona baten krudelkeriaren atzean dagoen sareari begiratuko dio.
Indar estetikoaren kontraesanak
Traperoren eszenaratzeak indar handia du. Kamera pertsonaiengana hurbiltzen da, ia haien arnasa sentitzeraino. Plano sekuentzien eta mugimendu zehatzen bidez, Gordonen atzetik egingo du aurrera, haren itzala balitz bezala. Ikuslea ere haren ondoan harrapatuta geratuko da, gertatzen ari denari bizkarra emateko aukerarik gabe. Ikuspegi formal horretan, Scorseseren, Bellocchioren eta Assayasen zinemaren oihartzunak antzeman daitezke, bereziki indarkeriaren eta boterearen arteko harremana irudikatzeko moduan.
Garaiaren berreraikuntza ere arreta handiz josita dago. Indarkeria airean dago, bazterretan zelatan, eguneroko bizitzaren azpian ezkutatuta. Narrazioak aurrera egin ahala, thriller politikoa izuaren eremura lerratuko da.
Dena den, bada telesailaren barruan nolabaiteko deserosotasuna eragiten duen zerbait. Zenbait unetan, eszenaratzea hain da ikusgarria, irudia eta soinua hain daude arreta handiz zizelkatuta, indarkeriaren gordintasuna ikuskizun bihurtzeko arriskua hartzen baitu. Morbotik gertu, edertasun estetikoak eta gaitzespen moralak elkarri begiratzen diote, eta ez beti modu orekatuan. Musikak ere gehiegizko presentzia hartzen du zenbait eszenatan.
Gordon miniserie deserosoa da, gordina, eta, zenbait pasartetan, neurrigabea. Baina baita indar zinematografiko handiko lana ere. Desoreka narratiboek eta indarkeriaren tratamendu estetikoak emaitza biribila izatea eragozten badiote ere, proposamen zinez gomendagarria da.
GORDON
- Sortzailea. Pablo Trapero.Â
Herrialdea. Argentina.
Urtea. 2026.Â
Aktoreak. Rodrigo de la Serna, Matias Recalt, Camila Peralta eta Matias Mayer.
Non ikusi. Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
Generoa. Thrillerra, drama.
Â