Jon Iriazabal eta Raul Urkiza, Ai Laket elkarteko kideak: «Informazioak ez du drogaren aurka egingo, baina arriskuak murriztu ditzake»

Drogen kontsumoaren arriskuak murriztea du helburu Ai Laket Gasteizko elkarteak. 25 urte bete ditu aurten, eta webgunea berritu dute.

Ai Laket elkarteko kideak
Raul Urkiza eta Jon Iriazabal. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
urko iridoy alzelai
Gasteiz
2023ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Ai Laket elkarteak 20 urteko bidea egin du. Gasteizko alde zaharretik hurbil kokatuta daude, eta drogen arriskuak murriztea dute helburu. Arriskua eta gozamena parez pare, «balantza batean orekaren bila»; horrela irudikatzen dute haien lana Raul Urkizak (Gasteiz, 1979) eta Jon Iriazabalek (Gasteiz, 1990). Elkarteko lankideak dira biak, droga kontsumitzaileak edo kontsumitzaile ohiak. 20. urteurrenean, webgune berria aurkeztu berri dute.

Ezinbestekoa da kontsumitzailea edo kontsumitzaile ohia izatea Ai Laketen lan egiteko, ezta?

RAUL URKIZA: Bai, hala da. Hurbiltasuna ematen digu horrek, guregana datozenen aurrean. Drogaren arriskuak ezagutzeko, kontaktu bat izan behar duzu substantziekin, eta guk badugu edo eduki dugu. Hemen sartzen den oro epaitua ez sentitzea nahi dugu, haiek jakin dezaten haiek kontsumitzen duten bezala guk ere kontsumitzen dugula edo kontsumitu izan dugula.

Txarrak dira drogak?

URKIZA: Drogak ez dira ez txarrak, ez onak. Guk ematen diegun erabilerak adieraziko du nolakoak diren. Moduak egokiak edo txarrak izan daitezke, baina norberak aukeratzen du hori. 

JON IRIAZABAL: Kontsumo arduratsuaren alde egiten dugu guk, baina ezin dugu ukatu kontrakoak ere badaudela. Azken finean, tresna bat dira drogak. Denok ezagutzen dugu fentaniloa, adibidez, orain modan baitago. Orain deabrua da, baina betidanik erabili izan da medikuntzan. Erabilera aldatu da, besterik ez.

Zerk murriztu dezake arriskua?

IRIAZABAL: Informazioak, dudarik gabe. Informazioak ez du drogaren aurka egingo, baina ondorio txarrak murriztu ditzake. Arriskua eta kaltea ez dira gauza bera, baina, informazioa falta bada, kalteak eragingo dizkigu.

URKIZA: Hiru faktoreren araberakoa izango da drogekin edukiko dugun bizipena: substantziaren konposizioa, testuingurua eta guk geu. Zer kontsumitzen dugun baldin badakigu, eta izan ditzakeen kalteak identifikatzen baditugu, arriskua, ziurrenik, murriztu egingo dugu.

Baina arriskua ezin da desagertu, ezta?

IRIAZABAL: Hori da: hutseraino ezin dugu murriztu arriskua, beti hor egongo baita. Baina, era berean, gozamena ere drogen parte da, hori izaten da-eta, normalean, substantziak kontsumitzeko arrazoi nagusia.

URKIZA: Arriskua eta kaltea hor egongo dira beti. Baina ez soilik drogetan. Bizitzako edozein jarduerak eragin dezake kaltea, nahiz eta beti saiatzen garen dena gutxienera murrizten. 

Edozeini zuzendu dakioke informazioa?

URKIZA: Bai, ez da soilik gazteentzako mezu bat. Adin guztietako jendeari zabaltzen diogu guk informazioa. Moduak aldatu daitezke; hau da, ez da berdina institutu batera joatea hitzaldi bat ematera, edo jai giroan karpa bat jartzea.

Beraz, modu asko daude informazioa helarazteko?

IRIAZABAL: Hori da. Adibidez, analisiak egiten ditugu, jendeak ekartzen dituen drogak aztertzeko. Horrela ere jendeari esan diezaiokegu zer ari den kontsumitzen. Informazioa emateko beste modu bat da.

URKIZA: Proiektu asko jarri ditugu abian azken urteetan. Gazteen lokaletan dauden kontsumo ohiturei buruz ere jardun izan gara, gazteei substantzien berri emanez. Gazteentzako zerbait da hori, baina jarduerak ez ditugu gazteekin soilik egiten.

Zenbat aldiz entzun duzue drogen aldeko apologia egiten duzuela?

IRIAZABAL: Askotan. Guk ez dugu esaten drogak onak direnik, ez dugu esaten drogak guai direnik. Norberaren erabakiaren alde egiten dugu guk, betiere informazioa jaso ondoren. 

URKIZA: Gure estatutu eta helburuen artean oso argi dugu: ez dugu drogen kontsumoaren aldeko informazioa zabaltzen. Jendeak nahastu egiten du gure mezua. Badirudi drogen aurka ez bazaude haien alde zaudela. Oso argi dugu drogak gai estigmatizatu bat direla.

Webgunea berritu duzue.

URKIZA: Webguneak aukera asko ematen dizkigu. Webgunean gure ezagupen guztia irudikatzea dugu helburu. Datu base handi bat izatea nahi dugu, guregana hurbiltzen diren kontsumitzaileek eraikitako datu basea. Guk laborategira bidali ditugun laginen emaitzak ikus daitezke bertan. Uste dugu oso garrantzitsua dela horrelako biltegi bat edukitzea, Euskal Herrian droga kontsumitzeko ditugun ohiturak gordetzeko.

IRIAZABAL: Bi edizio egin ditugu. Alde batetik, ordenagailukoa, gehienbat helduagoei zuzenduta, diseinu formalago bat duena, eta, bestetik, gazteentzakoa, informalagoa eta sakelakora bideratutakoa. Hori da gure erakusleiho nagusia, gure sare sozialekin batera. Informazioa zabaltzeko tresna oso handia da, eta gurekin harremanetan jartzeko bide onena da.

LOTSABAKO

Erreferente bat drogen arriskuen murrizketan? IRIAZABAL: Patricia Martinez Redondo.

Pelikula bat? URKIZA:Miedo y asco en Las Vegas. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.