Inurriak, zapata zolari bultzaka

'Zer esan ez badakizu... ekarri kroketak!' hitzaldia egin dute Iñurri elkartekoek Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan, minbizia jasaten dutenek behar duten sostenguaz aritzeko. Leku berean dute ‘(min)bizi’ erakusketa, Iñurriren ibilbidearen ispilua.

Amaia Ullate, Eli Bergaretxe eta Marta Diez, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Ullate, Eli Bergaretxe eta Marta Diez, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Hernani
2026ko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Urte txar bat, ezta? Bularreko minbizia tokatu zaizu, behintzat». «Gaztea zara, lasai: aterako zara!». «Baina zu ez al zeunden, ba, hilda?». «Baina zuk alkohola edan dezakezu?». «Minbizia? Non kutsatu zara, ba?». «Dagoeneko ondo egongo zara, ezta? Ile ederra duzu...». «Umorea behintzat ez duzu galdu». «Alaitu zaitez, neska!». «Minbizia daukazu? Ez zaizu, ba, antzematen».

Bereak eta bi entzun behar izaten dituzte minbizia jasaten dutenek, nahiz eta askotan asmo onez esaten dizkieten. Kalean oinez dabilenak asmo txarrik gabe inurriak zapaltzen dituen moduan, pertsona askoren iruzkinek «izugarrizko mina» egiten diete minbizia pairatzen dutenei. Baina horretarako dago Iñurri elkartea, haiek zapaltzen dituzten zapata zola horiei bultza egiteko.

2019an sortu zutenetik, Iñurri elkartean minbizia igaro dutenei, igarotzen ari direnei eta haien bidelagunei laguntzen diete, ikuspegi feminista eta eraldatzailearekin, denetariko zerbitzuak ematen saiatuta: fisioterapia onkologikoa, laguntza psikologikoa, talde terapiak, zoru pelbikoko fisioterapia, nutrizio zerbitzua, erretiroak eta, bereziki, sare bat. Tribu bat osatzen dute, eta antzematen da.

«Ile denak galdu eta gero, zergatik galdu behar dugu umorea ere? Ematen du beti egon behar dugula triste, burumakur, etxetik atera gabe... Ba, ez»

AMAIA ULLATE'Inurria'

«Ea, etorri aurrera, ez dugu-eta kutsatzen!». Inurriz, haien bidelagunez eta bidaide potentzialez betez joan da Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista. «Zer moduz?». «Ondo!». «Txarra kenduta, ezta?». Eseri dira denak. «Aurreko batean borobilean jarri ginen denak... Orain elkarri begira egon beharko dugu!», esan die Marta Diez inurriak aurrean dituztenei; 2022an hasi zen bularreko minbiziarekin, eta «hortxe» dabil. Alboan ditu Amaia Ullate eta Eli Bergaretxe, inurriak haiek ere. Ullatek ere bularreko minbizia du 2022tik, eta Bergaretxeri 27 urterekin diagnostikatu zioten minbizi bera; bularreko minbizi metastasikoa dauka egun.

«Gu ez gara hizlari profesionalak. Gu inurriak gara, eta borondate oso ona jarriko dugu», ohartarazi du Diezek, eta txaloka erantzun dio tribuak. «Horrela eserita egon arren, kafe tertulia egingo dugu», azaldu du Ullatek. «Gai tabuak jendeari ikusarazten saiatzen gara», segitu du Bergaretxek. Hain zuzen ere, dibulgazio lan handia egiten dute, eta mila formula baliatzen dituzte horretarako: podcasta, egutegia, bertso saioak, bakarrizketak, erakusketa, hitzaldiak… Hiru inurri haiek Zer esan ez badakizu... ekarri kroketak! hitzaldia eman dute asteon. «Orain kontatuko dizkizuegu guk ia egunero aditzen ditugun esaldiak. Benetako esaldiak dira, guk aditutakoak edo jasandakoak», hasi da Diez.

«Urte txar bat, ezta? Bularreko minbizia tokatu zaizu, behintzat».

Berehala segitu du Diezek: «Inoiz ez da urtebetean bukatzen. Betirako da: gurekin biziko den zerbait». Nahiz eta emakumeen artean intzidentzia handieneko bat den eta dezente ikertu duten, minbizia izaten segitzen du. Argi mintzatu da Ullate: «Ematen du zortea eduki dugula bularrekoa izateagatik, baina zuk nahi duzu minbizia? Emango dizut, e!».

«Gazte izateagatik, ematen du sendatu egin behar dugula, baina gaur egun hori da gutxien diagnostikatzen dena, ez dagoelako prebentziorik gure adinean»

ELI BERGARETXE'Inurria'

«Gaztea zara, lasai: aterako zara!».

Bergaretxek hartu du hitza: «Hori niri esan izan didate... Bai, gaztea naiz, baina zer egingo diot, ba! Gazte izateagatik, ematen du sendatu egin behar dugula, baina gaur egun hori da gutxien diagnostikatzen dena, ez dagoelako prebentziorik gure adinean». Bergaretxek bere gorputza ukituta aurkitu zuen koskorra. «Nik gorputza ukitu ez banu, hil egingo nintzen, prebentziorik ez dagoelako. Aldarrikatzen dugu gazteei begira egon dadila prebentzioa, gero eta kasu gehiago daude eta».

Gaur egun bularreko minbizia prebenitzeko baheketak 48 urte baino gehiagoko emakumeei egiten dizkiete Osakidetzan, baldin eta ez badute aurrekaririk familian; Osasunbidean, 45 urtetik gorakoei. «Ikusten ari gara 30 eta 40 urte arteko gazte askok tamalez minbizia dutela; agian 50 urterekin mamografia bat egitea alferrik da», nabarmendu du Ullatek. «Zerbait nabaritzen baduzue, tematu zaitezte!», galdegin du Diezek: «Edozer dela, tematu!».

«Minbizia? Non kutsatu zara, ba?».

«Hori gizon igerilari batek galdetu zidan. Hartan tratamendua ez nuen hartzen eta burua bizi-bizi neukan... ‘Igerilekuan!’, esan nion. Ez dakit berriz ere joan zen...», gogoratu du Diezek. «Informazio falta izugarria dago», deitoratu du aurrean eserita duten inurri batek. «Eta zer behar dagoen denari buruzko iritzia emateko, ostiarik jakin gabe. Galbahetxo bat buruaren eta ahoaren artean...», aldarrikatu du beste batek. «Ez badakizu zer esan, ez esan ezer...». «Eta ekarri kroketak!», erantzun dio tribuak, aho batez.

«Umorea behintzat ez duzu galdu».

«Hori bota zidaten niri», jarraitu du Ullatek. «Ile denak galdu eta gero, zergatik galdu behar dugu umorea ere? Ematen du beti egon behar dugula triste, burumakur, etxetik atera gabe... Ba, ez. Nik agian orain bizitzeko gogo handiagoa dut lehen baino». Eta beste alde baten berri eman du Diezek: «Bi aldeak daude. Umore ona baduzu: ‘Jo, ez duzu, ba, umorea galdu’. Galdu beharko bazenu bezala. Eta umorerik ez daukazunean, berriz: ‘Alaitu zaitez, neska!’. Orduan?». «Agian galbahetxo batzuk atera behar ditugu merchandising moduan...», biribildu du Bergaretxek.

«Gu ere erori egiten gara askotan, baina Iñurri da azpian dagoen sare hori, beti eusten diguna. Luxu bat da sorgin hauek gure inguruan izatea»

MARTA DIEZ'Inurria'

«Asmo txarrik gabe egiten dute...», esan dute publikotik. «Baina min ikaragarria egiten du. Batzuetan galbahea jarri behar dugu», uste du Diezek. «Ekarri kroketak, gozatu egiten ditugu eta. Batzuetan besarkada batek gehiago egiten du. ‘Hemen nago’ esateak, ‘Ez dakit zer esan’ esateak», iradoki du Bergaretxek. «Askotan ez da hitzik behar. Ondoan egoteak bakarrik, zuri entzuteak, asko balio du. Hustu behar duzunean hor egoteak ja asko esan nahi du», nabarmendu du Ullatek.

Hori bai: «Horrelako esaldiak guk ere esan izan ditugu, eta ikasi egin dugu», oroitarazi du Diezek. «Eta ikasiko ditugunak! Horregatik da garrantzitsua ikusgaitasuna...», esan du Ullatek. «Eta horretarako oso ondo dago Iñurri», erantsi du Bergaretxek. «Ez da berdina zure ingurukoekin hitz egitea zure minez, edo Iñurri elkartekoekin: beste lasaitasun bat da, beste ulermen maila bat da, normala den bezala. Eta eskerrak horrelako elkarteak dauden». «Oxigeno balbula da guretzat, eta eusten digun sarea. Zirkuan malabaristak egoten dira, ba, zintzilik, azpian sare bat dutela? Malabaristek badakite edonoiz eror daitezkeela. Gu ere erori egiten gara askotan, baina Iñurri da azpian dagoen sare hori, beti eusten diguna. Luxu bat da sorgin hauek gure inguruan izatea», esan du Diezek, txalo artean.

Sostengua

Izan sorgin, izan inurri, elkarri eusteak duen garrantziaz aritu dira Kulturarteko Plaza Feministako aretoan. Haren azpiko solairuan, eraikin barruko plazan, zera azaltzen da argazki batean: hiru beso elkarri eusten; haietako batetik lore eder bat sortzen da. Sostengua dago idatzita argazki horren ondoan. Hari begira ari da Julene Illarramendi Iñurri elkartearen sortzaileetako bat: «Minbizia diagnostikatzen dizutenean, behar duzun lehen gauza sostengua da. Iñurri gehienbat horretarako dago: eusteko. Diagnostikoa edukita entzungo zaituen norbait, aholkuak emango dizkizun norbait, besarkatuko zaituen norbait».

Iñurri elkarteak berak ondutako (min)bizi erakusketan ari da hitz horiek esaten. Hura esploratzen hasi eta berehala, zera esaten dio testu batek bisitariari: «Ongi etorri gordetzeko ezer ez daukagunon erakusketara». Horrekin bat dator Illarramendi —hark eta Miren Cuerdok sortu zuten elkartea—: «Egia da. Guk oso gutxi dugu gordetzeko, ez dakigu ezer gordetzen. Erakusketa honekin erakutsi egin nahi dugu, hitz egin, eta esploratu».

Hernanin egongo da urriaren 9ra arte, eta Eibarrera (Gipuzkoa) eramango dute hurrengo egunean; han urri amaierara arte egongo da. «Leku bat» nahi zuten orain arteko ibilbidea erakusteko, eta horixe da erakusketa: Iñurrik egiten duen lanari eta hark ikuspegi feministaz eta era kolektiboan aldarrikatzen duenari lekua egiten dio. Atalka banatuta dago, eta testuz, irudiz eta denetariko elementuz josita dago. «Urte dezenteko bidearen ispilu bat da. 2022an hasi ginen elkarlanean, eta unibertso bisual bat eraikiz joan gara. Hori guztia jaso nahi izan dugu», azaldu du Beñat Elizaldek; bera arduratu da erakusketa diseinatzeaz.

Julene Illarramendi eta Beñat Elizalde, 'min)bizi' erakusketan. JON URBE / FOKU
Julene Illarramendi eta Beñat Elizalde, '(min)bizi' erakusketan. JON URBE / FOKU

Erakusketaren hasiera samarrean hitz bat nabarmentzen bada, hauxe da: gorputzak. «Guk beti esaten dugu gorputza jartzen dugula. Inurriek gorputza jartzen dute, eta sistema honetan sartzen ez diren edo ikusi nahi ez diren gorputzak dituzte. Hemen ematen diegu lekua, eta gorpuzten dituzten gaiak lantzen ditugu», azaldu du Illarramendik. «Gorputzak gaixotasunean asko sufritzen du, baina gaixotasun honek biolentzia soziala eta kulturala ekartzen ditu, eta hori gorputzetara iristen da. Horretatik asko dago hemen», erantsi du Elizaldek.

«Jule Goikoetxeak gogorarazi zigun titi bat ez berreraikitzea manifestu politiko bat dela bere horretan», irakurrita sartzen da bisitaria Gorputzak atalean. Testuaren alboko apalean ileorde bat, bularrerako protesi bat eta plastikozko titiburu bat daude. «Guretzat garrantzitsuena da pertsona bakoitzak egin dezala nahi duena, eta ez dadila izan sistemak, bikotekideak edo medikuak esaten diolako. Gorputz asimetrikoak ditugu, besteen begiradak itsustuak... Gu hori dena aldarrikatzera gatoz: asimetrikoak gara, eta ederrak», aldarrikatu du Illarramendik.

«Minbizia beti lotzen da heriotzarekin, eta bai, izan daiteke, baina bizitza ere badauka, eta bizitzak gozagarria izan behar du»

JULENE ILLARRAMENDIIñurriren sortzailea

Sostenguari buruzko atala dator berehala, eta sareak eta tribuak segitzen diote. Horixe baita Iñurri elkartea, sare bat, tribu bat. «Pertsona bat etortzen denean minbizi mota batekin, guk egiten dugu lehenengo laguntza, baina gero zuzenean badakigu ze inurrik lagundu ahal dion. Harremanetan jartzen dira, eta sarea handitzen da. Whatsapp talde bat ere badute, 300 lagun baino gehiagokoa, eta askorako balio die. ‘Onkologikora noa kimioterapia egitera, eta ez daukat norekin joan. Norbaitek lagunduko dit?'. Eta badaude lagunduko dioten inurriak. Sare oso indartsu bat da», nabarmendu du Illarramendik.

«Elkar laguntzen dute, segituan ulertzen dutelako elkar, bide antzekoa egin dutelako», segitu du Elizaldek. Bide antzekoa egin dute, eta antzeko zapalkuntzak jasan behar izaten dituzte, esaterako, sexualitatearekin lotuta. Hari buruzko atala da akaso erakusketako deigarriena, jostailu sexualez josita dagoelako. Horixe da «taburik handiena», salatu duenez: «Ematen du gaixo zaudenean gaixo zaudela soilik, eta kimioan zentratuta egon behar duzula, beste guztiak ez duela balio».

«2022an hasi ginen elkarlanean, eta unibertso bisual bat eraikiz joan gara. Hori guztia jaso nahi izan dugu»

BEÑAT ELIZALDEErakusketaren diseinatzailea

Erakusketak heriotza eta dolua ere hizpidera ekartzen ditu, eta bizitza ere bai. Minbizia pasatu duen andre bat haurdun azaltzen den argazkiari erreparatu dio Illarramendik. «Minbizia beti lotzen da heriotzarekin, eta bai, izan daiteke, baina bizitza ere badauka, eta bizitzak gozagarria izan behar du. Kalitatezko bizitza bat eduki nahi dugu: ikerketarik gabe ez dago bizitzarik, eta horrek inbertsioa behar du».

Eta hori dena tribuan aldarrikatzen dute, eta elkarrekin aritzen dira borrokan. Taldeko argazki bati begiratu dio, eta neska bat seinalatu du. «Bera Leire zen. Haren ametsa Madrilera joatea zen, eta Mirenek eta biok esan genuen joan behar zuela. Zaintza aringarrietan zegoen, gaizki, eta haren amak esan zuen: ‘Goazen’. Joan ginen denak, eta han hil zen. Iñurriren oparia izan zen bere azken bidaia Madrilen izatea. Hori da tribua guretzat». Tribu bat, eta bizi filosofia bat: hil arte bizi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA