Udako gau bat da ipurtargia. Zeru izartsu bat. Haurtzaroko oroitzapen bat. Ihintzaren aurreko iluntasun argi bat. Fosforeszentzia ulergaitz bat. Ezusteko magiko bat. Mirari txiki bat. Noiz ikusi zenuen azkena? Badakizu zurea izango dela agian ipurtargiak ikusi zituen azken belaunaldia? Inork erremediorik jarri ezean, horrela izango da. Amatatzen ari baitira haien kriseiluak. Nabarmen egin du behera ipurtargien populazioak. Gero eta ipurtargi gutxiago dago. Argi kutsadurak nahastu egiten ditu, eta ez dira ugaltzen. Klima aldaketak ez die haien arrautzei eta larbei behar bezala garatzen uzten. Habitatak galtzen ari dira. Pestizidak arnasten. Eta argia ari zaie itzaltzen.
Ez da irudipen soil bat: «Egia da: pentsatzen jarrita, ez dut aspaldian ipurtargirik ikusi». Science of the Total Environment aldizkariak egindakoa da azken ikerketa, orain arte egin duten osoena, eta susmoa baino ez zena kezka bihurtu duena. Firefly Watch (Ipurtargien Behaketa) izena jarri diote herritarren zientzia proiektuari. Kentuckyko Unibertsitateak eta AEBetako Nekazaritza Departamentuak babestu dute, eta 24.000 behaketa jaso dituzte. Adimen artifiziala erabiliz landu dute halako datu tamaina, eta emaitza argigarria izan da. «Bagenekien argi kutsadurak, habitataren galerak eta pestiziden erabilerak ipurtargiei eragiten ziela, baina, datuak eskala handian aztertzean, argi geratzen da klimaren faktorea uste baino garrantzitsuagoa dela», azaldu du Darin J. McNeilek, ikerketaren arduradun nagusiak. Klima aldaketak, alegia: berotze globalak eta tenperatura aldaketak. Izan ere, uda beroek mesede egiten diete ipurtargi helduei, baina beroa pilatzeak eta hezetasuna gehiegi murrizteak kolapsoa eragiten du ipurtargien populazioan. Beste horrenbeste gertatzen zaie neguan: neguko tenperaturen igoerak hibernazioa eta ziklo fenologikoa aldatzen ditu, eta horrek desoreka kritikoak eragiten ditu arrautzen eta larben garapenean.
Ez dira denak berdinak. 2.000 ipurtargi espezie baino gehiago daude munduan. 11-13 artean daude Iberiar penintsulan, eta emeek bakarrik egiten dute argi penintsulako horien artean. «Euskal Herrian ohikoena Europako ipurtargia da: Lampyris noctiluca. Litekeena da besteren bat ere egotea, geroz eta ohikoagoa baita halakoak ere tokiz mugitzea», azaldu du Alberto Castrok, Aranzadi zientzia elkarteko entomologoak. Badu xarma haren argiak, baina ez da horren animalia ikusgarria —eta polita— gerturatzean. «Kakalardoei buruz ari gara hizketan. Lampyridae familiako kakalardo mota bat da ipurtargia. Lanpara hitz horrek zeri buruz ari garen jakiteko seinale bat ematen digu jada».

Euskal Herrian ez da horien inguruko segimendu zehatzik egin, orain arte. «Ez dakigu zein den ipurtargiaren benetako egoera. Baina aditu gehienak bat datoz: ipurtargien populazioa murrizten ari da. Geroz eta ale gutxiago daude, eta geroz eta espezie gutxiago. Pertzepzio hori orokorra da», nabarmendu du Aranzadiko entomologoak.
Batzuen iruditerian hegaka agertzen dira, besteenean belaze baten ertzean dizdizka. Castrok dio espezieen araberakoa izaten dela hori. «Baina ohikoena zera da: arrak hegalariak izaten dira, eta emeek ez dute hegan egiten; hegoak ez dituzte garatuak. Emeak lurrean gelditzen dira, eta argi egiten dute, arrak erakartzeko». Finean: argia euren artean komunikatzeko tresna ezinbestekoa da. Eta argiaren kutsadurak ipurtargi arren eta emeen arteko komunikazioa eta ugalketa «eragozten» du: «Arrak emeen argi seinaleei jarraitzen die. Gizakiok sortutako argiarekin erabat nahasten dira; eta orientazioa galtzen dute. Kontua ez da gizakiok sortutako argi horrek ipurtargi emeek sortzen duten argiaren antza duela; kontua da gaueko animaliek ilargiaren eta izarren argia baliatzen dutela orientatzeko. Horrenbeste argirekin, nahastu egiten dira, eta ez dira orientatzen. Galdu egiten dira espazio horretan. Argiekin eklipsatuta gelditzen dira, eta jada ez dute ipurtargi emeen argirik ikusten». Eta argia ez da bakarrik arrak eta emeak elkar erakartzeko. «Argi horrek predatzaileak ikaratu eta nahastu egiten ditu. Predatzaileak argia ikusten du, eta zapore oso txarra izan dezakeen zerbaitekin identifikatzen du. Badu halako oroitzapen txar moduko bat».
«Horrenbeste argirekin, nahastu egiten dira, eta ez dira orientatzen. Galdu egiten dira espazio horretan. Argiekin eklipsatuta gelditzen dira, eta jada ez dute ipurtargi emeen argirik ikusten»
ALBERTO CASTROAranzadi zientzia elkarteko entomologoa
Ipurtargiek larba fase bat ere izaten dute. «Horiek lirateke maitekiro hartxo argitsuak deitzen diegun horiek. Larbek ere argi egiten dute, gutxiago bada ere». Eta larba horiek eurak predatzaileak dira. Jaten dituzte barraskiloak, bareak... «Sekulako abilezia dute: behin eta berriz kosk egiten diete barraskiloei eta bareei, eta listu moduko bat injektatzen diete hozkada bakoitzean. Listu horrek efektua noiz egingo zain egoten dira, eta hor sortzen den zopa moduko hori zurrupatzen dute gero». Baina ez dira hainbeste, eta ez dira horren jatunak ere. «Ez dut uste izurriteen kontra borrokatzeko modukoak direnik, baina, bueno, baratzean lagun dezakete barraskiloen eta bareen kontra».Â
Baina zertarako balio dute orduan ipurtargiek? «Larbak predatzaileak dira, eta predatzaileek ipurtargiak jaten dituzte. Oreka horretan laguntzen dute». Espezie baten «erabilgarritasuna» neurtzea «oso zaila» dela dio Castrok: «Baina gaur egun gutxi daudelako edo eskasak direlako ia batere funtziorik betetzen ez dutenak oso erabilgarriak izan daitezke etorkizunean. Aldaketak etengabe ari baitira gertatzen. Badaude espezie batzuk lehen beste espezie batzuek betetzen zituzten funtzioak bete ditzaketenak. Horregatik da horren garrantzitsua ahalik eta espezie dibertsitate handiena mantentzea, aldaketa global horien aurrean».

Castro ere ezkor mintzo da ipurtargiaren etorkizunari buruz: «Argi artifizial horrek urte osoan irauten du, eta geroz eta gehiago dago. Ipurtargiaren habitata desagertzen ari da: geroz eta landazabal gutxiago dago. Belazez eta zuhaitzez osatutako geroz eta mosaiko gutxiago dago. Dena da berdina: monolaborantza. Klima aldaketak ere eragiten die: hezetasuna dute gustuko, eta geroz eta lehorte handiagoak ari gara jasaten. Pestizidak, plagizidak... Arazo asko dituzte aurrera egiteko».
Nola egiten dute argi?
Ipurtargiak izaki bioluminiszenteak dira. Naturako fenomeno kimiko eta biologiko txundigarrienetako bat da haien abdomenaren azpialdean gertatzen dena: euren kabuz argi hotza sortzeko gaitasuna dute, ia berorik igorri gabe. Lide Arana EHUko Kimika Aplikatuko irakaslearena dira azalpenak: «Entzima baten eraginez gertatzen da dena, eta oxidazio erreakzio bat da. Luziferasa izeneko entzima batek katalizatzen du erreakzio hori: gertatzen dena da proteina bat erabiltzen dela substratu bezala eta horren produktuetako bat argia dela; fotoiak ekoizten dira erreakzio horretan. Entzima luziferasa da, eta argia egiteko erabiltzen duen molekula luziferina da. Erreakzioak fotoiak sortzen ditu; alegia, argia. Hori da guk ikusten duguna». Ipurtargiak arnasa hartzen duenean, oxigenoa zabaltzen da gorputzean zehar. Oxigeno hori abdomeneko zelula espezializatu horietara iristen denean, luziferasari esker, bioluminiszentzia erreakzioa eragin eta argi eder hori kanporatzen da. Eta zergatik deitzen zaie izaki horiei bioluminiszente? «Argiaren jatorria biologikoa edo biziduna delako. Eta hor parte hartzen duten molekula guztiak biomolekulak direlako. Organismo biziek igorritako fotoiak dira; alegia, argia».
«Oxidazio erreakzio bat gertatzen da. 'Luziferasa' izeneko entzima batek katalizatzen du erreakzio hori, eta erreakzioak fotoiak sortzen ditu; alegia, argia»
LIDE ARANAEHUko Kimika Aplikatuko irakaslea
Baina ipurtargia ez da naturan dagoen izaki bioluminiszente bakarra. Ezagunena eta xarmarik eta magiarik handiena duena bai, ziurrenik, baina badaude bioluminiszenteak diren onddoak: laurogei espezie baino gehiago daude euren kabuz argi berdexka bat sortzen dutenak, intsektuak erakarri eta horien bidez euren esporak hedatzeko. Panellus stipticus onddoa da horien artean ezagunena. Badaude bioluminiszenteak diren itsasoko izakiak ere: mikroorganismoak —noctiluca izenekoak kolore urdinxka distiratsua ematen dio itsasoari gauez—, marmokak —Aurelia aurita izenekoa da ikusgarrienetako bat—, txipiroi ipurtargia —Watasenia scintillans du izena, eta argia erabiltzen du arrain txikiak erakarri eta ehizatzeko—, olagarro eta barraskilo espezie jakin batzuk, itsasoko harrak, eta arrain abisal espezie jakin batzuk ere bai. «Guztiak elkartzen dituen ezaugarria hori da: izaki bizidunak direla, eta beren kabuz argia igortzeko gai direla: izan elkarren artean komunikatzeko, edo izan beste funtzio batzuetarako», nabarmendu Aranak.
Ipurtargien kasuan, udako gauei eta haurtzaroko oroitzapenei argi egiteko. Noiz ikusi zenuen azkena?