Historiaurreko hominido talde bat oso baldintza primitiboetan bizi da: bizirik irautea da asmo bakarra. Goiz batean, monolito beltz misteriotsu bat agertu da haien haitzulotik kanpo; guztiz angeluzuzena, guztiz ezohikoa. Taldekideek, hasieran, beldurrak eta ezjakintasunak bultzatuta erantzungo dute, baina, gero, haietako bat hurbildu egingo da, eta hatzak kristal iluneko ertzetatik lerratuko ditu. Kontaktu horren ondoren, «errebelazio» moduko bat izango du tximinoak: kristalak tribu horren bilakaera abiaraziko du, eta hezur bat erreminta eta arma gisa erabil dezaketela ohartuko dira. Horrela hasten da Stanley Kubricken 2001: A Space Odyssey (1968) filma, baina Juan Manuel Garcia-Ruiz zientzialari eta kristalografoak fikzio hori egia ote den ikertu du. Kristalen inguruko liluraren sustraietan sakontzeko, DIPC-k zuzendutako ikerketa talde batek esperimentuak egin ditu txinpantzeekin, hominidoengandik eta gizakiengandik genetikoki hurbilen dagoen espeziearekin.
Askotan aurkitu dituzte kristalak aztarnategi arkeologikoetan. Bazen zerbait harri horietan desira objektu bihurtzen zituena, ezertarako erabiltzen ez baziren ere: ez zituzten arma, erreminta edo bitxi gisa erabiltzen. Baina, orduan, zergatik bildu? «Egindako ikerketen arabera, hominidoek 780.000 urte daramatzate harri horiek biltzen, gutxienez», azaldu du ikerlariak. Kristalak biltzeko desira hura ikertu nahi zuen Garcia-Ruizek, eta hori egiteko bidea gizakien lehengusu hurbilekin lan egitea zela ikusi zuen: txinpantzeekin, alegia. Garcia-Ruiz antropologo afizionatu eta enpresaburu batekin harremanetan jarri zen; tximinoen erreserba bat du hark, animaliak tratu txarretatik babesteko, eta horrela hasi zen hogei eguneko azterketa prozesua. Manuela, Guillermo, Yvan, Yaki, Toti, Gombe, Pascual, Sandy eta Lulu txinpantzeak izan ditu lankide.

«Sorpresa atsegina izan zen ikustea txinpantzeek kristalekiko zuten erakarpena zein indartsua eta itxuraz naturala zen, eta horrek iradokitzen du horrelako objektuen inguruko sentsibilitateak sustrai ebolutibo sakonak izan ditzakeela», adierazi du ikerlariak. Sustrai horietan sakontzeko hiru esperimentu egin zituzten. Lehendabizikoari Monolitoa deitu zioten, Kubricken filmaren omenez. «Kristala erabiltzen dute pelikulan, gure planetan hominidoen bilakaera aldatzeko gai izango zen adimen estralurtar oso indartsu bat sinbolizatu behar zutelako. Kristal bat da naturaz kontrakoa den elementua delako. Naturaren forma guztiak kurbatuak dira: hodeiak, mendiak, ibaiak, zuhaitzak, landareak, animaliak... Dena da kurbatua, kristalak izan ezik», ondorioztatu du ikerlariak.
«Lehen gizakiei, ingurunea ulertzen saiatzen zirenean, ezagutzen ez zituzten patroiak erakargarriak izango zitzaizkien segur aski, eta hori garrantzitsua izango zen haien prozesu kognitiboan»
 JUAN MANUEL GARCIA-RUIZ DIPCko ikerlaria eta kristalografoa
Ikerlariak kristal bat eta harri bat jarri zituen bi oholtzatan: biak berrogei zentimetrokoak ziren, kolore eta pisu berekoak. Hurrengo goizean, txinpantzeak logelatik atera zirenean, bi elementuekin egin zuten topo. Harria ukitu zuten, baina berehala baztertu egin zuten. Manuelak kristala hartu, besarkatu, eta jolasten diren lekura eraman zuen. Ertzak ukitu eta gero, bertan utzi zuen, eta Guillermok altxorra eskuratu eta logelara eraman zuen, ezkutuan. «Logelan dagoenean, kristalari bueltak ematen dizkio, eta kristalaren simetria aztertzen ari dela dirudi. Liluragarria da», esan du ikerlariak.
Altxorrari begira
Bigarren esperimentuan, harri arruntak eta kristal gardenen bi mota nahastu zituzten. Txinpantzeek, plataformara iritsi zirenean, berehala hartu zituzten kristalak. Esperimentua berriz egin zuten hurrengo egunean, eta gauza bera gertatu zen: berehala kristalak hartu zituzten ahoarekin. Garciak azaldu duenez, ez da ohikoa txinpantzeek gauzak ahoan eramatea, eta haien altxorra babesteko modu bat izan daitekeela ondorioztatu du. Ahoan ezkutatzen dute, eta leku seguru batean bakarrik atera, non kristalaren gardentasuna miretsi dezaketen.
«Distira deigarria da, baina ez da erakarpen nagusia. Gardentasuna interesatzen zaie», gehitu du Garciak. Hirugarren esperimentuak formarekin du zerikusia. Hiru kristal jarri zituzten: pirita, kuartzoa eta kaltzita. Desberdinak dira distirari eta gardentasunari dagokienez, eta txinpantze bakoitzak bere kristalak hautatzen zituela ikusi zuten. Baina Sandyk, kristal guztiak hartu, ahoan sartu, eta plataformaren goiko aldera eraman zituen. Arratsaldean, ikertzaileak aukera izan zuen behatzeko txinpantzeak zer egin zuen kristalekin: bereizi egin zituen; pirita alde batetik, kuartzoa bestetik eta kaltzita bestetik.
Ikerketak ez zuen aztertu txinpantze batzuek besteek baino interes handiagoa ote zuten kristalen inguruan. Hala ere, ikerlariak dio etorkizuneko ikerketetan kontuan hartu beharko litzatekeela txinpantzeen nortasuna: «On Kixoteak eta Santxoak daude; idealistak eta pragmatikoak. Batzuentzat, kristalen gardentasuna liluragarria izan daiteke; beste batzuei, berriz, usaintsuak eta jangarriak diren jakitea interesatzen zaie».Â
Esperimentuetan lortutako informazioari esker, ikerlariak ondorioztatu du gardentasuna eta forma ezaugarri erakargarriak direla txinpantzeentzat, eta agian elementu berberek piztu zuten lehen gizakiek harri horien inguruan zuten interesa. Hominidoak inguratzen zituzten mundu naturaleko hodeiak, zuhaitzak, mendiak, animaliak eta ibaiak kurbetan oinarritzen dira, eta, beraz, elementu gutxik zituzten lerro zuzenak eta gainazal lauak. Kristalak dira poliedro natural bakarrak, hau da, hainbat gainazal lau dituzten solido natural bakarrak. «Lehen gizakiei, ingurunea ulertzen saiatzen zirenean, ezagutzen ez zituzten patroiak erakargarriak izango zitzaizkien segur aski, eta hori garrantzitsua izango zen haien prozesu kognitiboan», adierazi du Garcia-Ruizek.
Txinpantzeak duela sei milioi urte banandu ziren gizakien arbasoetatik, Garcia-Ruizek azaldu duenez, eta, oraingoz ez dagoenez inongo arbaso komunen berri, hominido horiek behatzeko modurik hurbilena da esperimentuan egindakoa: «Txinpantzeen portaerak ere asko erakusten digu hominidoek kristalei dagokienez izan zezaketen portaerari buruz». Esperimentuaren hasieran, zientzialariak «deus gutxi» zekien txinpantzeei buruz, baina «harrigarria» iruditu zitzaion gizakien oso antzekoak direla ikustea. Gogoratzen duenez, animalien eremuan zegoen egun batean, Manuelak keinu bat egin zion ahoarekin, zerbait seinalatuz bezala. Seinalatu zuen norabidean begiratu zuenean, masusta zuhaixka bat zegoela ikusi zuen; ikerlariak fruta ekartzea nahi zuen.
Bere ingurunean
Esperimentuan parte hartu duten txinpantzeak ohituta daude gizakietara, baita naturan ez dauden eremu geometrikoetara ere. Beraz, ikerketa berbera naturan bizi diren txinpantzeekin egitea da hurrengo pausoa, Garcia-Ruizen ustez. Tximino basatiekin egitea litzateke ideala: «Aztertu ditugun txinpantzeek ezagunak dituzte forma poliedrikoak eta zuzenak. Hala eta guztiz ere, kristalek erakartzen dituzte; beraz, pentsa zer gertatuko litzatekeen inoiz lerro zuzenik ikusi ez duten txinpantzeekin».
Eta orain, hurrengo pausoa beste ikerketa gune bat bilatzea da. Boli Kosta, Senegal eta Tanzania dira planteatzen ari diren helmugetako batzuk, baina, ikertzailearen arabera, «nahiko zaila» da proiektua antolatzea: «Arazoa da ez dutela uzten txinpantze basatiekin esperimentuak egiten, ez dutelako nahi interakzio handirik izatea haiekin. Guk kamerak bakarrik jarri nahi ditugu, baina ulertzen dut segurtasun neurriak izatea».
Bien bitartean, kristalak gizakien ibilbidean izan duen eragina aztertzen jarraituko du Garcia-Ruizek: «Kristala babesleku bat da, lasaitasun izugarria ematen dizun zerbait, erabat espirituala. Horregatik gustatzen zaio jendeari kristalak edukitzea. Hortik etor daiteke hori, hominidoaren eta artearen historian kristalek izan duten inpaktu horretatik».