Iraganeko harrien oraingo loreak

Neguan txukunketa lanak egin ondoren, berriro zabaldu dute Badaiako Santa Katalina lorategi botanikoa. Mundu osoko landareak daude bertan. Bisitari ugari erakarri ditu asteburuan.

Santa Katalina lorategi botanikoan komentu zaharra da arretagune nagusietako bat. BERRIA
Santa Katalina lorategi botanikoa. Komentu zaharra da arretagune nagusietako bat. BERRIA
aitor biain
2026ko apirilaren 11
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negu minean, itxita geratzen da Santa Katalinako lorategi botanikoa, eta iraganeko mamuek izaten dute inoren bistatik at agertzeko tokia komentu ohiaren aurrien artean hazten den landare basoan. Belarria finduz gero, garai bateko fraideen otoitzak, gerrate karlistetako soldaduen oihuak eta beste arima erratuen hotsak aditzea irudituko zaio kontu horiekin sinesbera den ikusleari. Udaberriarekin, ordea, bizitza berriro dator bueltan lorategira, eta ez metaforikoki soilik: ateak irekitzeko egunek lorategiaren irekiera markatzen dute, eta hezur-haragizko bisitari ugari bertaratzen da. Larunbatean ere, eguraldia beste munduko bisitarientzat lagungarriago izanagatik, bizien arteko bat baino gehiago ikus daiteke Iruña Okako (Araba) harribitxiaz gozatzen.

Historia eta botanika, biak uztartzeko beta ematen baitu Santa Katalinak. Eta bi arlo horiek erakarrita hurbildu dira bisitari gehienak. «Txakurrekin bidaiatzen duen neska bati ikusi nion argazkia sare sozialetan iaz, eta orduz gero banuen etortzeko gogoa. Halere, lorategiak berak baino komentuaren aztarnek erakartzen naute gehiago», aitortu du Maialen Segoviak. «Ni, aldiz, landareek erakartzen naute gehiago. Sarreran gidak azaldu digunez, komentua zutik zenean bertan bizi ziren monjeek askotariko loreak landatu zituzten», erantzun du Maitane Montielek. Arrasatekoak (Gipuzkoa) dira biak, eta Kixkur txakurrarekin egin dute bisita.

Lekuak Santa Katalinari eskainitako ermita bati zor dio izena. XIII. mendean amaieran edo XIV. mendearen hasieran eraiki zuten, jatorrizko dorretxearen ondoan. XV. mendean, ordea, monasterio bilakatu zen, jeronimotar monjeena aurrena, eta agustindarrena ondoren. 1835ean hutsik geratu zen, eta handik urtebetera erre egin zuten liberalek, lehen gerra karlistan. Abandonatuta egon zen harik eta 1999. urtean Iruña Okako Udalak eskuratu zuen arte. 

Hainbat urteko lanen ondoren, zaharberrituta dago egun eraikina. Burdinak eta egurrak hartzen dute garai batean harriak zuen lekua. Marisol Ortiz de Zarate Arruabarrena eta Adolf Cucala kataluniarrei arreta eman die horrek. Begi onez hartu dute: «Asko gustatu zaigu esku hartzea nola egin duten. Mimo handiz egina dago, ikusten denez». Punturik garaienean begiratoki bat ere jarri dute, eta han goitik Gasteiz ikusten da.

Bonsaien erakusketa bat ere ikus daiteke Santa Katalinan. BERRIA
Bonsaien erakusketa bat ere badago Santa Katalinan. BERRIA

Loreak eta izarrak

Edonola ere, komentu zaharra da eremuko arretagune nagusietako bat, baina Santa Katalina hori baino gehiago da. 30.000 metro koadroko azalera baitu landare basoak, eta mundu osoko milaka zuhaitz, lore eta landare aurkitu daitezke bertan, Japoniatik hasi eta Txileraino, Himalaiatik igarota. «Liluratuta» geratu dira Markel Fernandez eta Marisa Lopez de Egilaz ama-semeak horiekin guztiekin. «Oso politak dira, batez ere bonsaiak», esan du gazteenak. «Baina oso zailak dira etxean izateko; edo hori esan dit amak».

Behatzeko toki bat baita Santa Katalina. Egunez eta gauez bisitatzekoa. Behera eta gora begiratzekoa. Loreei ez ezik izarrei ere so egitekoa; aukera hori ere ematen baitu lorategiak. Zentzumen guztiak piztea da gakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA