2013ko uztailaren 25a. Santa Ana jaiak Tuteran (Nafarroa). Poteo ordua. Kale estu-estu bat. Bertan, txoko «berezi» bat: Pasaia taberna. Barnean, eszenatoki bat, eta haren gainean, Bafana kuadrillako bi lagun. Batek irrintzi bat bota du, eta jarraian besteak.
2014ko uztailaren 25a. Beste behin, jai giroak leku berera eraman ditu Bafanako adiskideak. Aurreko urtean bota zituzten irrintzien oihartzuna entzuten da oraindik tabernan, eta, bigarren urtez, oholtzara igo dira bi lagunak. Badirudi irrintziek ez dutela galdu antzina zuten indarra: oihu luze horiek mendiak zeharkaturik, artzainek modua zuten elkarrekin komunikatzeko. Tuteran, berriz, irrintziek kaleak zeharkatu dituzte. Berehala, Pasaia taberna «kale artzainez» bete da, denak irrintzia botatzeko prest.
Horrelaxe sortu zuen Bafana kuadrillak irrintzi txapelketa. Eneko Dominguez lagun taldeko kideak azaldu du aurreko bi «irrintzi saio inprobisatu» horiek izan eta gero, txapelketa «ofizial bat» egitea erabaki zutela. Horren erakusgarri, kartelak itsatsi zituzten karriketan jendea parte hartzera gonbidatzeko: «Gure harrigarri, jende pila bat animatu zen». Hain zuzen, hirugarren aldi horretan «hamar irrintzilari inguru» bildu zirela argitu du antolatzaileak.
Gaurkoa txapelketaren hamargarren aldia da —pandemia zela-eta ez zen festarik egon bi urtetan—, eta Tuterako Gaitero tabernan izango da, 14:00etan. Pasaia taberna itxi egin zuten, eta txapelketa taberna hartako atearen aurrean egin zuten txapelketa urte batzuetan. Gero, Gaitero tabernara igaro ziren.
Iaz, «hogei pertsonak baino gehiagok» parte hartu zuten: haurrek, gazteek zein helduek. Horietaz gain, Bafana kuadrillako bi aitzindariek ere urtero botatzen dute irrintzia. «Tradizio bihurtzea nahi dugu», esan du Dominguezek.
Era berean, «askotariko elkarteek» proposatutako kolaborazioei ezezkoa eman diete. «Nahiago dugu kale giro espontaneo hori mantendu», nabarmendu du antolatzaileak.
Txapelketan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Antolatzailearen hitzetan, irrintzilari batzuk aurrez sare sozialen bidez jartzen dira haiekin harremanetan, baina «gehienak azken momentuan animatzen dira».
Urtero, Bafana kuadrillak aukeratzen du irabazlea, eta, horretarako, kontuan hartzen dute publikoak irrintzi bakoitzari jotako «txalo zaparradaren indarra». Parte hartzaile orok irrintzi egindakoan, epaimahaiak hiru gogokoenak aukeratzen ditu, eta aukeratuek berriz botatzen dute irrintzia. Azkenik, irabazleari txapela janzten diote, eta bigarren postua lortzen duenari, berriz, zapi gorri bat. Iaz, txapelduna Alicia Cornago izan zen, eta berrikuntza gisa irrintzi graziosoena ere saritu zuten, txapel «barregarri» batekin.
Iruñeko Irrintzi peña
Dominguezek azaldu du Iruñean Irrintzi izeneko peña bat dagoela eta haiek ere irrintzi txapelketa bat antolatzen dutela San Fermin txikian. Urte batean, iruindarrek Bafanako lagunak gonbidatu zituzten bertara; denek batera bazkaldu zuten, eta tuterarrekin urte hartako irabazlea ere joan zen, txapelketan irrintzia bota zezan. «Egun ederra pasatu genuen», adierazi du antolatzaileak.
Aurten, hamargarren urteurrena ospatzeko, Bafana lagun taldeak Irrintzi peña gonbidatu du Tuterara.
Bide batez, atzo hasi ziren Santa Ana jaiak Tuteran, eta gaur, irrintzi txapelketaz gain, askotariko egitasmoak egongo dira egun osoan. Esate baterako, 17:00etan, haurrentzako ur jolasak antolatuko dituzte; 21:00etan, Exuvia eta Chicarela rock taldeek joko dute; 22:00etatik 01:00era bitarte, DJak izango dira; eta parrandazaleenentzat Vulkano orkestrak joko du 01:00ean.