Iruñeko Planetario berritua nolakoa izango den aurkeztu dute, eta asmoa da 2027an zabaltzea

2025eko urtarrilean suntsitu zen planetarioa, sute baten ondorioz, eta Nafarroako Gobernuak 2,8 milioiko inbertsioa egingo du hura berritzeko. Lehen, %30 zen bisitariek erabiltzeko eremua, eta orain, berriz, %85 izango da.

Iruñeko planetarioaren diseinu berria. NAFARROAKO GOBERNUA
Iruñeko planetarioaren diseinu berria. NAFARROAKO GOBERNUA
itsaso jauregi 2
Iruñea
2026ko ekainaren 25a
14:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025eko urtarrilaren 14an, Iruñeko Planetarioaren kupulatik kea ateratzen zela ikusi zuen herritar batek. 07:00ak aldera hasi zen sutea, eta kalte material handiak eragin zituen, eraikineko kupulan bereziki. Harrezkeroztik, eraikinaren oinarri sendoak berreraikitzeko lanetan aritu dira, eta, gaur, prentsaurreko batean, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultur, Kirol eta Turismo kontseilariak iragarri du 2027an ateak irekitzeko asmoa dutela.

Planetarioa berritzeko proiektu arkitektonikoari dagokionez, NICDO enpresak kudeatuko du. Orain arte, eremu osoaren %30 zegoen publikoari irekita, eta, hemendik aurrera, %85 izango da. Gainera, kanpoko terraza eta eraikinaren goiko aldean dagoen eraztun formako begiratoki bat ere gehituko dute, baita kafetegi bat ere. Ondoan dagoen Yamaguchi parkearekin batzeko beharra azpimarratu du kontseilariak: «Bere ingurunearekin lotu nahi dugu, hau da, parkea eraikinarekin eta erdigunearekin integratzea. Hiriko birika berde horretara hedatzeko, hainbat elementu erabiliko ditugu: besteak beste, terraza, udako zinema eta harmailak».

(ID_16217573) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2026-06-25, Iruñea. Rebeca Esnaola kontseilariak Iruñeko Planetarioa berritzeko proiektua eta N...
 Javier Bardon, Rebeca Esnaola, Ramon Urdiain eta Paula Noia, Iruñeko aurkezpenean, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU

2027. Horixe da berrikuntza guztiak egiteko epemuga, Esnaolak aurreratu duenez, eta, hortik aurrera, ia eremu guztiak irekiko dizkiete herritarrei. Horietan, programazioa, edukiak eta ekitaldi askotarikoak eskainiko dituzte. Ramon Urdiain NICDOko zuzendari gerenteak ere prentsaurrekoan parte hartu du, eta eraikin berria nola antolatuko den azaldu du. Lehen solairuan egin du azpimarra; izan ere, tailerrak eta bestelako jarduerak egiteko gune bat antolatuko dute bertan.

Iruñeko planetarioaren egitura berria. IRUÑEKO PLANETARIOA

Solairu nagusian, bestalde, Tornamira aretoa mantendu egingo dute. Areto horrek 288 eserleku izango ditu, eta 480 lagunentzako lekua izango du, Paula Noia NICDOko Kultura Azpiegituren zuzendariak azaldu duenez: «Aretoaren berrikuntza nagusia da besaulki guztiak lurrean ezkutatu ahal izango direla, eta horrek asko zabalduko ditu areto hori erabiltzeko aukerak. Europako planetarioen proiekzio aretoen artean bakarra izango da Iruñekoa». Zeru izartsua ikusi ahal izango da bertatik, baina baita kontzertuak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA