Hawaiin daude, baina ez dira oporretara joan. Kokolulu proiektuan murgilduta dabiltza Eider Eibar ilustratzailea (Bilbo, 1980) eta Iskander Sagarminaga igerilaria (Galdakao, Bizkaia, 1983). Zazpi Itsasoen Erronkan murgilduta dabiltza, eta laugarren pausoa dute Hawaiikoa. Gaurtik maiatzaren 8rako tartean, proiektuko kapitainak hala agintzen dienean, ekingo diote erronkari: 42 kilometro igerian bata —hamabost ordu—; proiekturako unean uneko materiala sortzen bestea. Kokoak.eus webgunean ikus daiteke zeharkaldia.
Batzuk oporretara joaten dira Hawaiira, baina zuek beste baterako utzi dituzue hondartza ederrak eta ur jauziak, ezta? Itsas erronka marraztua da zuena, laugarren kapitulua.
ISKANDER SAGARMINAGA: Hori da. Baina hondartzak, mendiak, zuhaitzak... denetik izango dugu guk ere gure abenturan. 28 orduko bidaia izan dugu Hawaiiraino; luze joan da, nekatuta gaude, baina oso pozik, erronkarako prest.
Moloka’i eta O’ahu uharteen artean, Ka’iwi Kanala (Hezurren Kanala) igarotzen saiatuko zarete. 42 kilometro, hamabost ordu igerian, olatu handiak, haizea, korronteak, itsas fauna...
SAGARMINAGA: Itsaso Barearen erdi-erdian dago Hawaii, eta indar handia dauka itsasoak. Gure abenturan animalia asko izango ditugu inguruan: tigre eta zigarro marrazoak, marmokak, karabela portugesak, manta arrainak...
EIBAR: Iritsi eta berehala animalia pila bat ikusi ditugu: era askotako txoriak, koloretsuak, oso kantu berezikoak; imajinatu ere ez dugu egin nahi itsasoan zerekin egingo dugun topo.
SAGARMINAGA: Itsaso gogorra da hau. 2-3 metroko olatuak izango ditugu, haizeak gogor joko du... eta ura oso gazi dagoela jabetu gara. Sudur zuloak eta ahoa puztu egingo zaizkit, eta ea nola moldatzen garen jateko eta edateko.
Zuena ez da abentura soil bat, proiektu zabal bat dauka atzean: Oceans Seven edo Zazpi Itsasoen Erronka; munduko zazpi itsasorik gogorrenak zeharkatu nahi dituzue.
SAGARMINAGA: Zazpi Itsasoena mundu mailako erronkarik gogorrenetako bat da. Zazpiak desberdinak dira erabat, eta luzeena daukagu orain parean.
EIBAR: Jendeak oporrekin lotzen ditu toki hauek, baina gu lanean ari gara egunero. Edukiak sortzen, marrazten, dena dokumentatzen, webgunea elikatzen... Ez da erronkari aurre egitea bakarrik; egiten dugun guztiak iritsi egin behar du Euskal Herriko eta munduko haurrengana.
«Iskanderren zeharkaldi guztiak islatuta leudeke irribarre bat marraztuta. Beti izaten du irribarrea ahoan. Ikaragarria da»
EIDER EIBAR Ilustratzailea
Zer arrisku ditu zeharkaldiak?
SAGARMINAGA: Erronka guztiek daukate arriskua, baina kapitain bat joaten da beti gurekin, eta hark esaten digu noiz abiatuko garen, marrazoek ez eraso egiteko zein ordu den egokiena... Bi kayak ere joango dira ondoan, eta marrazoen aurkako sistema bat daukate haiek ere.
EIBAR: Guk sinisten dugu kapitainek-eta oso kontrolatuta daukatela hori dena.
SAGARMINAGA: Ur azpian urrutira ikusten denez, litekeena da igeri noala ur azpi-azpian hiruzpalau tigre marrazo ikustea. Ea nola erantzuten dudan baten bat igotzen hasten denean. Kuxkuxean inguratzen dira normalean, baina...
Kapitain bat badaukazuela esan duzue, baina beste kapitain bat ere badu proiektu honek: Eider Eibar ilustratzailea.
EIBAR: Bai! Batzuetan kapitain botere hori kentzen saiatzen da Iskander, oso burugogorra delako, baina saiatzen naiz berehala berreskuratzen [barrez]. Edukiak, irudiak, ikus-entzunezko materiala... nire ardura da alor hori guztia, eta, hein batean, kapitaina naiz ni ere.
SAGARMINAGA: Ilustrazio lanaz gain, Eiderrek ezagutzen nau ni ondoen, eta garrantzitsua da berari kasu egitea ni gauza arraroak egiten hasten naizela ikusten badu edo zerbait ondo ez doala nabaritzen badu.
EIBAR: Txalupan nirea da azken hitza, bai.
Sufrimendua nola marrazten da? Edo gozamena bakarrik nabaritzen da Iskanderren beso kolpe bakoitzean?
EIBAR: Iskanderren zeharkaldi guztiak islatuta leudeke irribarre bat marraztuta. Beti izaten du irribarrea ahoan. Ikaragarria da. Plazera da aurretik eta ondoren deskubritzen dugun hori guztia marraztea, jendea ezagutzea...
Itsaso azpian dena ikusiko duzuela esan duzue, baina Hawaiitik ikusten al da Zeelanda Berria? Han daukazue hurrengo proiektua, ezta?
SAGARMINAGA: Hawaiikoaz gain, Zeelanda Berriko, Gibraltarko eta Japoniako zeharkaldiak falta zaizkigu Zazpi Itsasoen Erronka gauzatzeko.
EIBAR: Gu ere ikusten eta ikasten ari gara eurekin, euren kultura ezagutuz, kondairen berri izanez, abestiak ikasiz... Oso proiektu polita da. Egun batzuk barru, adibidez, O’ahuko unibertsitatera joango gara, gure proiektua aurkeztera, eta Australiako Arte eta Diseinu ikasketetako ikasle batzuekin ere egingo dugu aurkezpen moduko bat. Kulturen arteko loturak sortzen ari dira kirola eta artea lotzen dituen proiektu honen bidez.
Kirola eta artea, euskaraz. Izan ere, zuek euskaraz igeri egin eta marrazten duzue, ezta?
EIBAR: Guk dena egiten dugu euskaraz, baina egia da tokian tokiko hizkuntzak eragina daukala, sticker-etan, esaterako. Orain arte, oso polita izan da dena.
«Zorte on» esaten al da horrelako erronka bati ekin aurretik?
EIBAR: Bai, mesedez! Beharko dugu eta!
Zorte on, beraz!
SAGARMINAGA: Eskerrik asko!
LOTSABAKO
Itsaso edo kanalik gogorrena?
SAGARMINAGA: Ipar kanala.Iristeko falta zaizuen toki bat?
SAGARMINAGA: Kokoa kraterra, Hawaiin; hor amaituko dugu erronka hau.Iskander, igerilaria ez bazina?
EIBAR: Astronauta!Eider, proiektu honetan egin duzun marrazkirik bereziena?
EIBAR: Etortzeko daudenak.