Aritza taldeko burua da Xalbat Seosse (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1990). Euskola Euskal Herrian fabrikatu kola ekoizten hasi zen enpresa sortu berritan, eta ondotik bertzelako edariak ekoizten hasi zen. Pressoir de Pays Basque izeneko fruitu zukuak, Loreak deitu koktelak, Abarratia garagardoak, baita alkohol batzuk ere: gina, rona, whiskia eta abar. Kupela sagardotegia eta izen bereko sagardo marka ere sortu zituen. Iaz erosi zuen Hazparneko Bob's Beer enpresa (Lapurdi), eta horrekin batera enpresa sortu zuen helburu berarekin segitzen du egun: «Produktu gama bakar batekin ez bizitzea, hori arriskutsua izan daiteke eta».
Bob’s Beer Hazparneko garagardotegia erosi zenuen iaz. Enpresa sortu zenuenetik ekoizpenak dibertsifikatzea da zure helburua?
Hamar urtez elkarlanean ari ginen Bob’s Beer garagardotegiarekin, gu ginen haien banatzailea eta bezero nagusia. Enpresa erosiz gero, gurean ekoizten dugu garagardo hori, eta produktua sare guzian banatzen dugu: ostalaritzan, elkarteetan eta supermerkatuetan.
Horrez gain, fruitu zukuak, kola eta bertze hainbertze garagardo eta alkohol mota ekoizten dituzu.
Eragin fabrika sortu genuelarik Aiherran duela lau urte, ideia zen produktu gama bakar batekin ez bizitzea, hori arriskutsua izan zitekeelako. Euskola edaria ekoizten hasi ginen, eta gero Pressoir du Pays Basque zukuak. Enpresa handitzeko inbertsioak egin genituen, eta orduan pentsatu genuen garagardoen bidez gauzatu zitekeela inbertsio hori. Horrek guziak hazten lagundu gaitu, eta gure geroan inbertitzeko parada eman digu. Aurten ere 800.000 euro inbertitu ditugu, eta orain hamasei lagun gaude Eragin fabrikan; hasi ginelarik, lau ginen bakarrik.
Saltzen duzuen guzia ikusirik, den-dena Euskal Herriko lehengaiekin ekoiztea ezinezkoa izango da, ezta?
Fruituen aldetik, entseatzen gara sagarrak eta kiwiak tokikoak izatea, baina aurten biziki zaila izan da Euskal Herrian sagar gutiago zelako, eta hori arazo handia izan da. Beraz, zukuak egiteko sagar gehienak Lot eta Garonatik eta Tarn eta Garonatik [Okzitania] ekarrarazi behar izan ditugu. Halere, kontratuak ditugu Irisarriko eta Bardozeko ekoizleekin. Etorkizunean, ideia litzateke ekoizpen sarean inbertitzea hemengo sagarrak baizik ez baliatzeko.
«Etorkizunean ideia litzateke ekoizpen sarean inbertitzea hemengo sagarrak baizik ez baliatzeko»
2023an Israeli lotu produktuen boikota hasi zen Euskal Herrian: Coca Cola konpainiari lotu edariak, bertzeak bertze. Horri esker merkatu bat ireki zaizue?
Iparraldean ez, baina Hegoaldean bai, argiki. Han boikoterako jarrera masiboa sumatu dut, eta hori pozgarria da. Boikotari esker lortu dugu Euskola Hegoaldean sarrarazten. Ez dut hainbertzeko boikotik sumatu hemen, eta gainera Iparkola kola berria ari da merkatuan sartzen, eta elkarte batzuk galtzen ari gara. Horrek sekulako pena ematen dit, zinez; izan ere, Ipar Euskal Herriko kola gisa saltzen dute, baina ikusten da Frantzian egina dela etiketa ontsa so eginez gero.
Bilboko Aste Nagusian, Euskolaz gain, Eusko Tonik eta Eusko Limoi ere ikusi dira aurten.
Otsailean Hegoaldeko banatzaile batzuekin eta elkarte batekin elkartu ginen gure produktu gama merkatuan sarrarazteko. Tokiko mozkina nahi zuten, eta hala egiten dugu guk; bestalde, horrek exijitu digu Hegoaldean erabiltzen dituzten hogei zentilitroko botila ttipietan ekoiztea dena. Botilak egin ditugu, eta gama oso bat garatu dugu. Horrela, Euskola, azukrerik gabeko Euskola, Eusko Limoi, Eusko Laranja eta Eusko Tonik saltzen hasi ginen. Lan anitz egin dugu denbora gutian, eta Hegoaldeko merkatuan sartu izanak harrotasun handia eragin dit.
Elkarte eta konpartsez gain, kausitu duzue ostalaritzan sartzen?
Oraindik ez. Gainera Coca Cola kexu da elkarte batzuk galdu dituelako. Bilboko Konpartsetako kantitateak handiak dira, eta orain Coca Cola sekulako beherapenak proposatzen ari da. Beraz, zaila izaten ari da, baina guretzat oso interesgarria da, Coca Colarekin borrokatu nahi dugu eta.
Salmenten egoera bazter utzirik, ekoizten duzuenak ur anitz behar du. Geroz eta ur gutiago den garai hauetan, horrek kezkatzen zaitu?
Botilatzeko makinek ur anitz kontsumitzen dute motorrak hozteko, eta, horri aurre egiteko, duela bi urte iragazketa makina batean inbertitu genuen. Ur hori ez galtzeko, baliatu duen ur guzia kupel batera bideratzen du iragazteko makinak. Inbertsio biziki ona izan da, ur anitz ekonomizatzen dugulako horri esker. Baina gure ur gehiena produktuaren barnera doa, eta gure industria ez da gasnategi bat bezalakoa. Haiek ur anitz-anitz kontsumitzen dute gasna egiteko; guk, anitzez gutiago.
Euskararen presentzia bultzatzen hasi zineten enpresa sortu zenutelarik. Zertan da lanketa hori?
Biziki interesgarria da lanketa hori, Baionako enpresan hasi genuelako Xabi Kastorene irakaslearekin. Urtero lankide erdaldun batzuk hartzen ditugu, eta ohartu ginen euskara ikasi nahi zutela gehienek. Batzuk lotsatzen dira, baina beste batzuk buru-belarri dabiltza ikasketa prozesuan. Lankide batek kasik B2 azterketa lortu du berriki, eta horretan ari gara, hori dena bultzatzen. Gure filosofoan beharrezkoa da luzera begira denek euskara jakin dezaten. Hiru taldetan antolatzen ditugu klaseak: hasiberriak, erdi mailakoak eta goi mailakoak.
LOTSABAKO
Ekoizten duzuen edari gustukoena?
Eusko Limoia, bikaina da lejia egiteko.Enpresaren hurrengo erronka?
Heldu den urteko inflazioari aurre egitea, anitz kezkatzen nau horrek.