Pasatu dira egun batzuk zeharkaldi gogorrak gainditu dituenetik, eta poz-pozik da Iskander Sagarminaga Galdakaoko (Bizkaia) igerilaria. Ez da gutxiagorako. «Pisu bat kendu dut. Halako erronkek karga handia dute psikologikoki, eta Ipar kanaleko itxaronaldia gainditu izana garrantzitsua izan da niretzat». Uda honetan igerilariak lortu duena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ekainaren 29an, Manhattango itsas zeharkaldia (New York, AEB) egin zuen: 48,5 kilometro zortzi ordu eskasean; uztailaren 7ko gauean, Kaliforniako (AEB) Santa Catalinako kanalekoa egin zuen, hau da, 35 kilometro, hamabi ordu eta 26 minutuan; eta abuztuaren 3an, Irlanda eta Eskozia lotzen dituen Ipar kanalean egin zuen igeri: hamar ordu eta 28 minutuan osatu zuen 37 kilometroko ibilbidea. Lehen euskal herritarra da Ipar kanala neoprenorik gabe igerian zeharkatzen duena. Eta historiako markarik onenetan hamazazpigarrena egin du.

Iaz ere saiatu nahi izan zuen Ipar kanaleko zeharkaldia egiten, baina ez zuen aukerarik izan, eguraldiaren eraginez. «Iazkoa gogorra izan zen: hilabete eman nuen itxaroten, eta, azkenean, igeri egiteko aukerarik ez. Oraingoan, halako batean esan zidaten biharamun goizean bostetan joateko, eta erabakiko genuela irten ala ez. Eta entzun genuen irten gintezkeela, baina 11 ordu nituela erronka egiteko... Berezia izan zen, baina estututa joan nintzen». Erronka ez zen nolanahikoa. «Izango al nintzen ordu haietan uraren tenperatura aguantatzeko gai?». Izan ere, ez dago edonoren esku 11 orduz hamahiru gradu inguruko tenperatura duten uretan igeri egitea, nola-eta neoprenorik gabe, gainera. «Zorionez, aurten hamalau gradutan zen ura, eta, batzuetan, hamabost gradura ere igo zen». Zeharkaldi hori egiteko, sasoian egon behar, bistan da. «Sasoiko egon behar duzu, zeren, erritmoa moteltzen baduzu, hoztu egiten zara. Gainera, adi joan behar duzu, marmokak saihesten». Irlandako kostaldetik irten zenean, Sagarminagak marmoka erraldoi ugari topatu zituen hasieran. «Ura nahiko iluna da. Begira ibili behar duzu non dauden marmokak, norantz duten garroa, eta horren arabera saihestu behar dituzu». Zeharkaldiko lehen lau orduetan nahikoa lan izan zuen horrekin. «Bide erdian, medusaren bat agertu zen. Amaierako partean, beste marmoka batzuk ere bai. Baina lortu nuen onik iristea».

Hainbat telebista katetan egin dizkiote elkarrizketak Galdakaoko igerilariari azkeneko asteetan. Horietako askotan nabarmendu du erronkaren %70 arlo psikologikoari dagokiola, eta %30 arlo fisikoari. «Edonola ere, fisikoki oso ondo prestatuta joan behar dugu halako zeharkaldiak egiteko». Bada, aipatu du Santa Catalinako kanaleko erronka berezia izan zela buruz. «Kilometro asko egin behar dituzu, gauez, ilunpetan, eta inguruan animalia pilo bat daudela». Erritmoari eustea ere funtsezkotzat jo du. «Kudeatzen joan behar duzu. Ezin zara oso astiro joan, ezta oso arin ere, indarra gordetzeko. Baina ordu asko ematen dituzu buruan gauza piloa kudeatzen. Eta natural egin behar duzu, zeren, larritzen bazara, energia gehiago kontsumituko duzu. Esango nuke arlo psikologikoa dela funtsezkoena».
Datorren urtean Hawaiira
Korronteen arabera, zeharkaldiak egiteko denbora aldatu egiten da. Kasurako, Manhattangoa korrontea alde zuela egin zuen Sagarminagak, eta horri esker lortu zuen zortzi orduko markatik jaistea —aurten soilik bi igerilarik lortu dute ibilbidea zortzi ordu baino gutxiagoan osatzea—. Kaliforniako zeharkaldian, aldiz, korrontea kontra izan zuen hainbat kilometrotan. Komeriak orduan. «Gogorra izan zen».

Itsas erronka horietan guztietan, Eider Eibar bikotekidea izan du alboan Sagarminagak, itsasontzi txiki batean, zeharkaldia kontrolatzen duen kapitainarekin. Marrazki ugari egiten eta argazkiak ateratzen aritu da Eibar zeharkaldi horietan. Haien egitasmoen marrazki, argazki eta bideoak Kokoak.eus webgunean sareratu ohi dituzte. «Zeharkaldi horietan guztietan Eider itsasoan izan da, eta aitortu dit baten bat gogorra egin zaiola». Eibarrek landutako materialari dagokionez, Dimako (Bizkaia) haurrekin egindako pegatina batzuk jartzen ibili ziren AEBetan eta Irlandan. «Datozen hilabeteetan, gure esperientzia kontatzen jarraituko dugu ikastetxe batzuetan. Badugu proiektu bat egitasmoa ikastetxeetan zabaltzeko. Haurrek ere gozatu dezaten, eta mundua ezagutuz joan daitezen».

Egindako itsas zeharkaldiez aritu ostean, Sagarminagak iragarri du izango dela besterik: 2026ko maiatzean, Hawaiira (AEB) joango dira, Molokai uharteko kanaleko zeharkaldia egitera. 47 kilometro ingurukoa da. «Ipar kanalean izan genuen kapitainak lagundu digu harremanak egiten. Bestalde, Australiako jendea ere jarri da nirekin harremanetan, laguntza eskaintzeko». Igerilariak hamasei ordu inguru beharko ditu kanal hori zeharkatzeko.
Eta horren ostean, Zeelanda Berriko zeharkaldia eta Japoniakoa. «Sekulako gogoa dugu hurrengo erronkei heltzeko. Zeelanda Berriko eta Japoniako bidaiak, esate baterako, ametsetako bidaiak dira Eiderrentzat eta biontzat».