Artaburu3D proiektuaren sortzailea

Markel Goikolea Zarraoa: «Izugarrizko lana da pertsona baten aurpegia maskara bihurtzea»

Herrietako buruhandien erreplikak, fikziozko pertsonaien maskarak eta pertsona errealenak egiten ditu Goikoleak. 3D inprimagailuarekin egiten ditu, eta eskuz margotu. Umeentzat egiten hasi zen, baina ezkongaien aurpegien eskaerak jasotzen ditu gehien.

Markel Goikolea Zarraoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Markel Goikolea Zarraoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badago jende mota bat eguneko 24 orduak motz geratzen zaizkiona egin beharreko gauza guztiak egiteko. Haietako bat da Markel Goikolea Zarraoa (Arrasate, Gipuzkoa, 1986). Astean zehar fabrika batean egiten du lan, eta asteburuan musika jartzen du disko festetan eta ezkontzetan. Baina, hori gutxi balitz bezala, duela hilabete batzuk buruhandiak eta maskara pertsonalizatuak egiten hasi zen. 3D inprimagailu bat erosi, eta etxean ipini zuen, musika nahasketak egiteko mahaiaren alboan. Artaburu3D izena jarri dio proiektuari, bai eta Instagram kontu bat sortu ere (@artaburu3d). Bertan ikus daitezke egindako zenbait pieza.

Ba al duzu zure aurpegiaren maskararik?

Oraindik ez. Gustatuko litzaidake, baina beldur pixka bat ematen dit emaitzak. Ez dakit prest nagoen horretarako.

Zer pertsonaia egin dituzu?

Denetarik egin dut. Azkenak, esaterako, El Conquistador del Caribe programako aurkezleen maskarak izan dira: Julian Iantzirena, Lur Errekondorena eta Patxi Alonsorena. Quevedo abeslariarena ere egin nuen, baita Pello Reparazena eta Iñigo Etxezarretarena ere. Xabier Zaldua aizkolariari ere egin nion beste bat, eta berari eman nion, Tolosako zezen plazan izan zen okasio batean.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Eta fikziozkoak ere egin dituzu?

Bai, horiekin hasi nintzen, gainera. The Mask filmeko protagonista egin nuen lehendabizi, eta Nobita, Doraemon, eta Arrasateko zenbait buruhandiren erreplikak ere egin ditut.

 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Nolatan hasi zinen?

Nik berez fabrika batean lan egiten dut, baina asteburuetan DJa naiz. Erokeria badirudi ere, bai, hiru lan ditut. Disko festa asko egiten ditut umeekin, eta pentsatu nuen dibertigarria izango zela koreografia batzuetan maskarak txertatzea. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen maskarak erosi nituen hasieran, baina lagun batek esan zidan ondo egongo litzatekeela 3D inprimagailu bat erostea, pieza batzuk egiteko. Erosi egin nuen, eta ikusi nuen inprimagailuan bertan egin zitezkeela maskarak.

Zein izan zen egin zenuen lehenengo pieza?

Arrasateko buruhandi baten erreplika egin nuen, eta izugarri ondo atera zitzaidan. Baina, besterik gabe, bere horretan gelditu zen.

«Ezkontza batean maskara bat oparitu nion bikote bati, eta sekulako arrakasta izan zuen. Hortik aurrera, maskara pertsonalizatuak eskatzen hasi zitzaidan jendea»

Noiz ekin zenion berriz maskarak egiteari?

Ezkontzetan ere ibiltzen naiz musika jartzen, eta pentsatu nuen: «Zeozer handia egin daiteke ezkontzetan ezkongaien aurpegiekin, bai eta ezkondu aurreko agur festarako ere». Hala, ezkontza batean maskara bat oparitu nion bikote bati, eta sekulako arrakasta izan zuen. Hortik aurrera, maskara pertsonalizatuak eskatzen hasi zitzaidan jendea.

Zein da sorkuntza prozesua?

Lehenbizi, diseinua egiten dugu, eta, ondoren, inprimatu. Pieza inprimatuta dagoenean, sobera dauden zati guztiak kentzen ditut, eta lixatu. Azkenik, margotu egiten dut, eskuz. Hasieran esprai batekin egiten nuen, baina jabetu nintzen toxikoa zela. Izugarrizko usaina botatzen zuen. Kontuan hartu behar da umeek eta helduek jartzen dituztela maskarak; beraz, eskuz egitea erabaki nuen.

Zein da prozesuaren zatirik zailena?

Margotzea, zalantzarik gabe. Buruhandi bat margotzea, adibidez, oso erraza da, karikatura bat baita, baina pertsona baten aurpegia zailagoa da. Pertsona horren antza izan behar du, eta, horretarako, xehetasun asko egin behar dizkiozu. Izugarrizko lana da pertsona baten aurpegia maskara bihurtzea. Edonola ere, lortzen dugu, eta jendea oso pozik gelditzen da emaitzarekin.

Zenbat denbora behar duzu pieza bat egiteko?

Asteak. Pentsa, pieza bat inprimatzeko lauzpabost egun behar dira, eta margotzeko, beste lauzpabost egun.

Zenbat denbora daramazu maskarak egiten?

Orain dela gutxi hasi nintzen, beste lagun batekin batera. Bost hilabete inguru daramatzagu honekin; azken finean, bakoitzak bere lanak dauzka, eta denbora asko eskaini behar diozu honi. Hala ere, hasi ginenetik material gehiago dugu. Lehen, inprimagailu bakarra genuen; orain, berriz, hiru. Hortaz, lehen hiru aste behar banituen maskara bat egiteko, orain hiru maskara egiten ditut hiru astean.

Zure maskarek estilo propioa izan dezaten saiatzen zara?

Bai. Buruhandi bat edozeinek egin dezake, erraza baita. Baina pertsona baten karikatura edo maskara ez, zailagoa baita xehetasun guztiak egitea eta pertsonaren antza izan dezan lortzea. Oso jende gutxi dago hori egiten duena, eta aukera bikaina iruditu zitzaidan horretan hastea.

LOTSABAKO

Noren maskara egin nahiko zenuke?
Euskal mitologiako pertsonaia batena.

Etorkizuneko nahi bat?
Diru asko izatea eta inprimagailu handi bat erostea, buruhandiak osorik egiteko. Orain zatika egiten ditut, eta piezak itsatsi.

Zer eskatzen dizute gehien?
Ezkongaien aurpegiekin maskarak egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA