Festazale direnek agenda betea izan ohi dute Euskal Herrian: hasi herrietako festetatik, eta hirietako Aste Nagusietaraino, jai giroan murgiltzeko aukera izaten da urteko edozein sasoitan. Bada, festarik onena zein den erabakitzeko lehiaketa bat eginda hasi dituzte gaur inauteriak Tolosan (Gipuzkoa). Plaza Zaharra mukuru beteta ekin diete jaiei, eta Ostegun Gizena ospatu.
Udaletxeko balkoira atera dira Kabi Alai elkarteko kideak, urteroko parodia egitera, eta haiek iragarri dute lehiaketa martxan dela: «Jakin ezazue aurten festarik onenen lehiaketa bat egin dela Euskal Herri mailan. Eta, nola ez, Tolosako inauteriak finalisten artean gelditu dira!».
Beste finalisten artean daude Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak, Iruñeko sanferminak, eta Bilboko Aste Nagusia. Baina bada udaletxe azpian desadostasuna adierazi duenik ere. «Aizue, eta Donostia, zer?», galdetu die izozkia eskuan duen gizon batek. «Aizu, zuek lehenengo fasean kanporatu zintuzteten, Faltzesekin batera!», erantzun diote udaletxetik, harro. Barrez lehertu da plaza.
«Tolosar askorentzat Pintxana da lehen txaranga, kalean jotzeko aukera ematen duena»
MILA GARCIA Pintxana txarangako kidea
Protestak protesta, ordea, jai horietako ordezkariak udaletxeko balkoira igo dira hurrenez hurren. Gasteizko jaien ordezkari gisa Zeledon agertu da, aterki eta guzti. Ondoren, Iruñeko San Ferminen eta jota kantariaren txanda izan da. Azkenik, Marijaia agertu da, eskuak gora jasota. Tolosako inauterien txanda iristean, berriz, aurkezpenik ez dutela behar argudiatuta, herri bozketarekin hastea erabaki dute, plazako jendeari ahotsa emanda.
Gasteizen alde daudenei eskuinera mugitzeko eskatu diete, Iruñeko sanferminen zaleei, ezkerrera, eta Bilboko Aste Nagusia gustukoen dutenei makurtzeko esan diete. Inor ez da mugitu, ordea, bere tokitik. Espero zitekeen moduan, Tolosako inauterien aldekoei salto egiteko eskatu dietenean, gogotsu egin dute jauzi Plaza Zaharrean bildutakoek. «Kontaketarik egin gabe ere, argi eta garbi ikusi da aurtengo lehiaketa Tolosako inauteriek irabazi dutela. Atera dadila saria jaso eta txupinazoa botatzera aurtengo Kabi Alai Kuttuna: Pintxana txaranga!».
Omenaldia Pintxanari
Ordu erdi lehenago jaso du, hain justu ere, udaletxeko batzar aretoan, aurtengo Kabi Alai Kuttuna izendapena Pintxana txarangak. Urtero inauteriei ekarpena egin dien talde bat omentzen dute modu horretan. Taldearen ohiko kantuarekin hasi dute ekitaldia. «Pin, pin, Pintxanatarrak gu gera. Pin, pin, Pintxanatarrak beti».
Herri txaranga da Pintxana, inauterizale askoren harrobia. 1940. urtean sortu zuen harakin talde batek, eta, horregatik, harakinen jantziak eraman ohi dituzte soinean. Gaur egun, 150 lagun inguru biltzen dira Ostegun Gizenean. «Egin duten ibilbide luzearen ondorioa da merezimendu hau. Izan ere, tolosar gutxi izango dira talde honetatik edo txaranga honetatik pasatu ez direnak», goraipatu dute omenaldi ekitaldian.

Txarangako Mila Garciak hartu du hitza, eta gogoan izan ditu txarangatik pasatutako kide guztiak: «Gure abestiak dio ‘Pin, pin, Pintxanatarrak gu gara’. Gu bagara, bai, baina Tolosa ere bada Pintxana. Tolosar askorentzat Pintxana da lehen txaranga, instrumentua ikasten hasi eta jende artean jotzeko aukera ematen duena».
Kabi Alai Kuttunaren oroigarri bat eman diete udal ordezkariek: txarangaren hainbat argazkirekin osatutako argazkia. Eta, trukean, txarangaren pinak banatu dizkiete batzar aretoan zeudenei. Batzar aretotik jaitsi, eta parodia amaitu orduko astindu dituzte instrumentuak. Nola bestela, txaranga batek? Eskuak gora eta kantuan abiatu dute festa. Ia astebete dute inauteriez gozatzeko.