Ez da atentzioa ematen duen lehen elementua Leonardo da Vincik ustez egindako Salvator mundi margolanean; deigarriagoak dira, beharbada, Jesu Kristoren begi sakonak, altxatuta daukan eskuaren forma, tunikaren oparotasuna. Eta horiei guztiei erreparatu ondoren egiten du jauzi begiradak ezkerreko eskuan daukan esfera kolorgera. Baina bestelakoa da zientzialari baten soa. Juan Manuel Garcia-Ruiz Donostia International Physics Centerreko kristalografoari esferak eman zion atentzioa koadroa, New Yorken (AEB) ikusi zuenean, 2017an. Eta interes bereziz erreparatu zion bolaren burbuila txiki mordoari. Zergatik orbainduko zuen artistak Jainkoari erreferentzia egiten dion elementu bat?
Artelana zaharberritu zuen Dianne Modestiniren laguntzarekin, eta informazio oparoa azaleratu du Garcia-Ruizek soilik esferari erreparatuta. Salvator mundi zientziaren begietatik behatu zuten Modestinik eta Garcia-Ruizek atzo eta herenegun, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan, hurrenez hurren, EHUren Zientzia Astearen barruan.

Artista askok irudikatu zuten Jesu Kristo munduko salbatzaile gisa, baina bola hori erabateko salbuespena da. Izan ere, optikak nabarmen zailtzen du elementu garden bat margotzeko prozesua. Ertz horri heldu diote, besteak beste, Da Vinciren egiletza auzitan jartzen dutenek. «Huts bat dagoela diote, munduaren inguruko irudia buruz behera islatu beharko litzateke eta», Modestiniren hitzetan. «Esaten dute Leonardok ez lukeela hanka sartze hori egingo».
Mineralogian jantzia
Garcia-Ruizek esplikatu duenez, egia da halako esfera batek iraulita islatzen dituela pareko objektuak, baina distantziaren araberakoa da; objektuari itsatsita dagoenean, behar bezala ikusten da hura esferaren atzetik. Beste buruhauste optiko bat aipatu du zientzialariak: halako figura baten atzean marra bat ipiniz gero, esferak deformatu egiten du trazua; salbu marra bolaren diametroan kokatzen bada. Artistak tentuz jokatu zuen horretan ere: Jesu Kristoren tunikaren pleguek erditik zeharkatzen dute, eta nahikoa zabalak dira distortsiorik igarri ez dadin.
Baina egileak halako nekeak hartu bazituen esferak islatutako irudia aratza izan zedin, zergatik josi zuen lorratz mordo batez?
Da Vinciren sasoirako (XV-XVI. mendeak), aspaldi ziren ezagunak inklusio fluidoak: hau da, mineral bat kristalizatzen ari denean barruan geratzen zaizkion likido edo gas hondarrak. Baina aztarna horiek ez dute itxura bera elementu guztietan. Beiran, inklusio fluidoek itxura borobila izaten dute, eta mineral osoan zehar egoten dira barreiatuta; kuartzoan, forma geometrikoagoak hartzen dituzte.
«Milimetro bat baino handiagoak diren inklusio guztiek forma geometrikoa dute»
JUAN MANUEL GARCIA-RUIZ DIPCko kristalografoa
Modestinik zaharberritzerako egindako azterketak erabilita, ikusi zuten orbanak hainbat segmentutan margotuak daudela. «Milimetro bat baino handiagoak diren inklusio guztietan antzeman daiteke ez dutela forma esferikoa, baizik eta geometrikoa», zehaztu du Garcia-Ruizek.
Esfera kuartzozkoa da, hortaz. Eta ez da zehaztapen hutsala. Izan ere, arroka kristala, kuartzoaren aldaera guztiz garden bat, Jainkoarekin identifikatua zegoen garai hartan. Jesu Kristok kristala darama eskuan, ez beira: Da Vincik zorroztasun zientifikoz adierazi zuen elementuaren izaera jainkotiarra. Orbanen bitartez.