Norbaiti atentzioa emango dio tarteka. Eta, agian, batzuk gelditu ere egingo dira, jakin-minez, Bilbon pintatutako erretratu horren aurrean. Litekeena da ezaguna ez egitea, eta ez lotzea haren irudia eta kalearen izena. Eta litekeena da ez jakitea gizon hori, Areilza doktorea, Bizkaiko meatzaritza ospitaleen zuzendari izan zela, baita Gorlizko (Bizkaia) erietxearen sustatzailea ere; gidatu zuela, orobat, Basurtuko ospitalea; Bizkaiko Medikuen Elkargoko lehen presidentea izan zela, eta Bilboko Mediku Zientzien akademiako hirugarrena. Hori guztia sartzen da kale bakar batean.
1860an jaio zen Enrique Areilza, Bilbon, eta 1926an zendu. 19 urterekin bukatu zituen Medikuntza ikasketak. Juan Gondra Rezola mediku ohi eta medikuntzaren historialariak azaldu duenez, garai hartan ikasturte murriztuak egiten zituzten, gerra karlista igaro eta gero mediku gutxi baitzeuden; beste horrenbeste egin zuten karrera guztietan. Hala, Areilzak lau urtean bukatu zituen ikasketak, bospasei urtean egin beharrean, «aparteko» espedientearekin bukatu ere. «Doktoretza Parisen egin zuen, eta han ere ezohiko saria eskuratu zuen», balioetsi du Gondrak.

Eta horrek are harrigarriagoa bihurtzen du Areilzaren erabakia: izan ere, ez zuen Europako ospitale ospetsu batera jo, ezta, are, Bilboko osasun zentro prestigiotsu batera ere. Meatzaldeko ospitaleetan ekin zion bide profesionalari. «Familiak espero zuen kontsulta ipini eta dirua irabazten ibiliko zela, eta meatzeetako ospitaleetako postua onartu zuenean, ez zitzaien asko gustatu, oso lan gogorra baitzen, eta ez oso atsegina», kontatu du historialariak.
Izan ere, XIX. mendearen bukaeran Bizkaiko higiene eta osasun egoera kaskarrenetakoak zituen Meatzaldeak, Haizea Uribelarrea Abantoko Meatzaritzaren Museoko zuzendariak nabarmendu duenez. «Jendea pilatuta bizi zen, urarekin ere arazoak zituzten, gaixotasun kutsakorrak erraz hedatzen ziren...». Egoeraren larritasunaren erakusgarri da 1886an Ezkerralderako eta Meatzalderako onartu zuten Polizia eta Higiene Erregelamendua: arau haren bidez, mugatu egin zuten gela bakoitzean bizi eta ohe bakarrean lo egin zezaketen lagunen kopurua, aireztapen irizpide batzuk ezarri zituzten, baita neurri batzuk sustatu ere edateko ura seguruagoa izan zedin, besteak beste.
Neurokirurgialari aitzindaria
Heriotza tasa are gehiago handiarazten zuen meategietako lan gogor eta arriskutsuak, eta artarik ezak. 1880an, meategien jabeek hainbat ospitale ezartzea sustatu zuten istripuen ondorioak txikitzeko, eta Areilza arduratu zen zentro haien alderdi mediko eta teknikoez. 1881ean zabaldu zuten lehen ospitalea, Gallartakoa. Eta gehiago ere sortu zituzten hamarkada hartan: kasu baterako, Galdamesen eta Zugaztietan.
«Basurtuko ospitalea XIX. mendean geratua zen, eta Bordeleko edo Europako beste hiri batzuetako zentroekin homologatzea lortu zuen Areilzak»
JUAN GONDRA REZOLA Mediku ohia eta medikuntzaren historialaria
Erronka ez zen nolanahikoa. «Meategietan oso istripu larriak egoten ziren», azpimarratu du Uribelarreak. «Adibidez, gaur egungo auto istripu baten parekoak ziren. Dinamitarekin-eta eztandak egiten zituzten egunero, harriekin egiten zuten lan, tresna gogorrekin, bagonetekin...». Harrapaketak izaten ziren, harriak buru gainera amiltzen zitzaizkien, eta mutilazioak ere ohikoak izaten ziren. «Istripu horiek langileen bizitza aldatzen zuten: handik aurrera ezin izaten zuten lanik egin, edo ez, behintzat, ordura arte bezala». Higiene baldintza kaskarren eta hamabi orduko lanaldien ondorioz, lesiook gaiztotu egiten ziren sarritan.
Areilzak hogei urte egin zituen zuzendari gisa, eta «izugarrizko lana» egin, Gondraren irudiko. Urtero-urtero, Europako hainbat ospitale bisitatzen ahalegintzen zen, hango liburuak, aldizkariak eta aparatuak jaso eta meatzarientzako ospitaleak punta-puntako baliabideez hornitzeko. Garai hartan, inguruan ez zegoen traumatologia zentro hoberik, Gondrak nabarmendu duenez. Areilza protoneurokirurgialari gisa ere deskribatzen dute maiz, Juan Jose Zarranz neurologoaren kontzeptua erabilita. «Neurokirurgialaria izan zen espezialitatea asmatu baino lehen. Garezur istripuetan sekulako ebakuntzak egin zituen», esan du historialariak. Kasurako, trepanazioak: garezurra zulatzea, gehiegizko presioak burmuinari kalte egin ez diezaion. Beste teknika aurreratu batzuk ere ekarri eta aplikatu zituen, Uribelarrearen berbetan: X izpiak, anestesia... Ez zion sekula utzi ikasteari eta irakurtzeari. Eta, gainera, haren prestigioak erakarrita, beste profesional bikain asko aritu ziren meatzariak artatzen.

Epidemiologia izan zen Areilzaren beste interesetako bat, eta arlo horretan ere esku hartu zuen. «Kolera epidemiaren lehen mehatxua 1885ean izan zen, hasiberria zela, nolabait esateko, baina sen on ikaragarriz jardun zuen, ur hornidurari eta saneamenduari heldu zien eta, batez ere», esplikatu du Gondrak. Bilbora lekualdatu zenean, jada XX. mendean, ez zuen zuzeneko parte hartzerik eduki hiriaren saneamenduan, baina lagundu zuen horretan ere. «XIX. mendearen bukaeran, Bilbok heriotza tasa beldurgarriak zituen; hobetu beharrean, egoerak okerrera egin zuen mendeak aurrera egin ahala. 1900ean hobetzen hasi zen, eta [1936ko] gerra heldu zenerako hilkortasun tasa erdira jaitsia zen».
Goitik beherako aldaketa
Ez zen kolera izan, hala ere, garai hartan osasun publikoa astindu zuen gaixotasun bakarra. «Urtero, Bilbon berrehun pertsona hiltzen ziren tuberkulosiak jota, eta Bizkaian ere beste asko», zehaztu du historialariak. Hedapena mugatzeko, hainbat osasun zentro eraiki zituzten garai hartan: Bilboko Santa Marina ospitalea, gizon helduak artatzeko, eta Gorlizkoa, haurrentzat, gaitzak eriei bereziki erasaten zien-eta hezurretan eta artikulazioetan. «Areilza izan zen Gorlizko ospitalearen sustatzaile nagusia», baieztatu du Gondrak. «Bizkaiko aldundiko diputatu bat, Felipe Llano, dizipulu izandakoa zuen, oso lagunak ziren, eta haren bidez lortu zuen aldundiak dirua ipin zezan ospitalea egiteko». Areilzak ez zuen kargu teknikorik izan Gorlizko ospitalean, baina askotan bisitatzen zuen, eta oso harreman estua izan zuen ospitale hartako lehen mediku-zuzendariarekin, Luis Larrinagarekin.
Areilzaren itzalaz baliatu medikuak konbentzitzeko
Bizkaiko Medikuen Elkargoaren aurreneko presidentea izan zen Enrique Areilza. Erabaki estrategikoa izan zen, hein handi batean. Elkargoa 1917an eratu zuten, lege baten ondorioz: mediku elkargoak sortu behar zirela ezarri zuen arau hark, eta medikuek elkargo bateko kide egin beharra zeukatela jarduteko. «1899an antzeko lege bat onartu zuten, baina Bizkaiko medikuek arbuio itzela erakutsi zuten, eta gehienek ez zuten bete», esplikatu du Juan Gondra Rezola mediku ohi eta medikuntzaren historialariak. «Beldurra zegoen ea berriro gauza bera gertatuko ote zen, eta horregatik eskatu zioten Areilzari presidente izateko aurkez zedin».Â
Bete-betean asmatu zuten: urtebete pasatu baino lehen, lurraldeko ia mediku guztiak ziren elkargoko kide.
Basurtuko ospitalean borobildu zen Areilzaren ibilbidea. Hango zuzendaria izan zen 1918tik 1926ra, hil zen arte. Bitxikeria bat aipatu du Gondrak, Areilzak harreman «kuriosoa» izan baitzuen Basurturekin, haren iritziz: hango kirurgialari burua izateko hautagai izan zen 1886an, baina ez zuen eskuratu postua. Zuzendari moduan sartu zen azkenik. Eta hor ere arrasto sakona laga zuen, zortzi urte eskasean «guztiz eraldatu» zuen-eta Bilboko ospitalea. «XIX. mendean geratua zen, eta Bordeleko edo Europako beste hiri batzuetako zentroekin homologatzea lortu zuen».
Hiru zutabetan oinarritu zuen Areilzak Basurturen antzaldaketa: espezializazioak sortu zituen, hezkuntza sustatu, eta ikerketari hauspoa emateko ahalegina egin, nahiz eta ez zion astirik eman hirugarren adarra ere garatzeko. Ginekologia eta erditze arloa, traumatologiakoa eta urologiakoa sortu zituen, besteak beste. «Gauza batzuk jada egiten ziren, baina ez zuten zerbitzu propiorik. Izpiak bazeuden, baina ez zegoen izpien zerbitzurik; erradiologia eta erradioterapia zerbitzu bat eratu zuen Areilzak. Laborategi bat bazegoen, baina mediku baten ardura zen; Areilzak analisi birikoen laborategi bat sortu zuen, baita anatomia patologikoarena ere; hori erabat berria zen».
«Meategietan oso istripu larriak egoten ziren. Dinamitarekin-eta eztandak egiten zituzten egunero, harriekin egiten zuten lan, tresna gogorrekin, bagonetekin...»
HAIZEA URIBELARREA Abantoko Meatzaritzaren Museoko zuzendaria
Halaber, ospitalea medikuntza fakultate bihurtu gura zuen. «Eta, hein batean, lortu zuen», egin du ñabardura Gondrak. «Zuzendari izendatu eta hurrengo urtean barnetegi bat sortu zuen ikasleentzat. Espedientearen arabera sartzen ziren, eta urtero postu jakin batzuk eskaintzen zituzten: urte batzuetan hamabi, beste batzuetan zortzi...». Ikasle bilbotarrak etxean bizi ziren, baina kanpokoek aukera zuten ospitalean lo egin eta jateko. Bertoko medikuek ematen zizkieten klaseak, eta gero hainbat fakultatetan egiten zituzten azterketak, batik bat Valladoliden, baina baita Madrilen eta Zaragozan ere (Espainia). 36ko gerra bitartean, berrehun mediku inguru trebatu zituzten; tartean, Gondraren aita. «Gaztea nintzela, 50eko eta 60ko urteetan, Bilboko medikurik ezagunenak izan ziren», gogoratu du historialariak.