Kolore fluoreszentedun zintak, belarritako zintzilikariak eta Zumbonak dioen kamisetak jantzi, eta zumbako animatzaile bihurtzen dira Lide Marquet (Donostia, 2003), Garazi Lasa (Donostia, 1999) eta Ane Agirrezabal (Donostia, 2003). Ez dute inoiz zumba klaserik jaso, baina ez dute horren beharrik publikoa dantzan jartzeko. Donostiako Aste Nagusian ariko dira gaur, Lastan, 18:30ean. Eta bai, jendea izerditan jarriko dute.
Beroa nahikoa ez, eta jendea izerditan jarri nahi duzue Aste Nagusian?
LIDE MARQUET: Guk nahi duguna da jendeak ondo pasatzea; jendeak lasai dantza egiteko toki bat sortu nahi dugu. Baina bai, jendeak askotan esan digu kanta erdian gelditu behar izaten duela, izerditan dagoelako. Gu gero dutxatzera joaten gara, baina batzuek zera egiten dute: zumba, eta zuzenean parrandara.
Zumba dantzatzea ez da horren erraza, orduan?
ANE AGIRREZABAL: Ez, eta karpa baten barruan, are zailagoa da. A ze berotegi efektua!
«Zumba egiten dugu, edo hori uste dugu...», diozue Instagramen. Nolatan sortu zenuten Zumbonak?
AGIRREZABAL: Aurreko urteko maiatzean hasi zen dena: Aieteko jai batzordean zerbait egin nahi genuen, Euskaraldia zela eta. Okurritu zitzaigun zumba talde herrikoi bat ekartzea. Baina azken momentuan ezin izan zuten etorri, eta esan genuen: «Egingo dugu hirurok?». Eta ordu erdiko kontua izan behar zuena luzatu egin da. Egun horretan bertan deitu ziguten [Donostiako] Piratek, eta hemen gaude.
MARQUET: Ez dugu saioa askoz ere gehiago prestatu. Gure helburua ez zen zumbako hirukote bat sortzea, behintzat.
GARAZI LASA: Gure ideia zen egun horretan saioa egitea, eta gero bakoitzak bere bizitzarekin aurrera jarraitzea. Gainera, hirurotako inork ez du inoiz zumba egin. Horregatik esaten dugu zumba egiten dugula, edo hori uste dugula. Guk, azkenean, egiten ditugu zumbakoak direla uste dugun hainbat pauso, eta, bestela, gorputza mugitzen dugu. Berez, euskal dantzak egitetik gatoz.
Gainera, gehienbat euskarazko abestiekin egiten duzue saioa, ezta?
MARQUET: Hasieran denak euskarazkoak ziren, ikuskizuna Euskaraldiaren parte zelako. Orain sartzen ditugu beste hizkuntza batzuetako abesti batzuk ere. Baina bai, saiatzen gara abestien erdiak edo gehiago euskaraz izan daitezen.
Animal print-a edo animalia estanpatua ezinbestekoa da?
LASA: Bai, kamisetaren azpitik janzten dugun bainujantzian ikusten da, eta Instagramen ere argitalpen guztiek dute animal print-a.
AGIRREZABAL: Hori da gure marka. Denoi pila bat gustatzen zaigu, eta esan genuen: aurrera.
Zer diozue publikoaz? Euskal Herriko gazteek badakite gerria mugitzen?
AGIRREZABAL: Denetarik dago, baina saiatzen dira. Aurreko hilabetean, Oiartzunen izan ginen, eskertza egunean, eta zoragarria izan zen, mundu guztia dantzan hasi zen.
LASA: Bai, beti egoten da lotsatiren bat, baina beti egoten da baten bat dena emanda. Eta gu, super gustura!
«Beti esaten dugu kontua ez dela dantza ondo edo gaizki egitea. Kontua dantza egitea da, eta gozatzea»
Hortaz, erritmorik ez dutenak ere gonbidatuta daude zuen saiora?
AGIRREZABAL: Bai, noski! Gerria pixka bat mugitu, eta listo.
MARQUET: Guk beti esaten dugu kontua ez dela dantza ondo edo gaizki egitea. Kontua dantza egitea da, eta gozatzea. Gu gara hor goian erridikulua gehien egiten dutenak.
LASA: Gainera, ez dute abesti bat jarri eta beren kasa dantzatzen; guri kopiatzen digute. Orduan, modu batera edo bestera, zerbait aterako da. Pausoak ere errepikatzen ditugu, orduan, lehen dantzan agian ez zaizkie ondo aterako, baina hurrengoetan akordatzen dira aurrekoez.
Donostiarrak zarete. Berezia da zuentzat Aste Nagusian parte hartzea?
AGIRREZABAL: Bai, oso berezia. Aurreko urtean ere egin genuen saioa, eta zeharo harrituta gelditu ginen. Gu Piratetan egoten gara urtero, egunak joan eta egunak etorri. Oso berezia izan zen.
LASA: Gainera, gure bigarren saioa izan zen iazkoa, Aietekoaren ondoren. Jendea benetan gustura ikusi genuen. Nik uste zerbait berria dela, eta horregatik gustatu zaiola jendeari. Guk ere ondo pasatzen dugu goian gaudela, eta nabaritzen da. Eta asko jolasten dugu publikoarekin; hori ere garrantzitsua da.
Saioaren ondoren, parrandan ere zumba egiten duzue?
MARQUET: Bai, bereziki saioa eduki eta gero, zumbako pausoak bakarrik ateratzen zaizkigu [barrez].
LASA: Berdin dio zer abesti, zer estilo: gure artean begiratu, eta segituan hasten gara hanka gora eta hanka behera. Segituan konektatzen dugu horrekin. Beti dira pauso berdinak.
Baduzue aholkurik ikusleentzat? Nola prestatu behar dute zuen saiorako?
LASA: Etor daitezela eta disfrutatu dezatela. Gainera, abesti guztiak ezagunak dira. Animatu egiten zara. Ez dezatela lotsarik eduki, okerrenak gure gertukoak baitira. Nik baditut lagun batzuk...
LOTSABAKO
Zumbarako abestirik onena?
HIRUREK: Horrelako.Eta okerrena?
HIRUREK: Geldoak direnak.Artillari bazinete, zeri emango zeniokete su?
HIRUREK: Zezenketei.