Elkarrizketarako hitzartutako ordua baino minutu gutxi batzuk lehenago, Donostiako Zinemaldiko zenbait datu errepasatzen ibili da Koro Santesteban jaialdiko prentsa arduraduna (Donostia, 1964), beste lankide batekin batera. Ez dago ohituta elkarrizketatua izatera, bera izan baita orain arte kazetarientzat elkarrizketak lotzen ibili dena. Horregatik, aitortu du «urduri» dagoela, eta eman beharreko datu garrantzitsuak aurretik errepasatzeak «lasaitu» egiten duela.
Zinemaldiko estres guztia pasatu al zaizu?
Bai, okerrena pasatu da, baina oraindik gelditzen da egiteko lanik. Materiala bidaltzen jarraitu behar dugu, eta aurtengo aldiaren balorazioa egin; izan ere, oso garrantzitsua da jendeak esan duena kontuan hartzea, hurrengorako zer hobetu dezakegun jakiteko. Hemendik aste gutxira hartuko ditut oporrak, eta orduan hartuko dut atseden.
Nolatan hasi zienen Donostiako Zinemaldian lanean?
Kasualitatez izan zen. Londresen egin nuen egonaldi batetik itzuli, eta uda horretan izebak esan zidan jaialdia prentsa departamentu bat osatzen ari zela, eta jendea kontratatu nahian zebiltzala. Aurkezteko esan zidan, eta hala egin nuen. Viktoria Eugenia antzokira joan nintzen, Zinemaldiak han baitzuen egoitza garai hartan, eta hantxe egin nuen proba, Genoveva Gastaminzarekin, hedabideen orduko arduradunarekin.
Betidanik izan al duzu zinemarako zaletasuna?
Donostiar gisa, gutako gehienak hazi gara etxean jaialdiaren inguruko kontuak entzunez. Paga ematen ziguten gurasoek, eta beti joaten ginen pelikularen bat ikustera. Betidanik gustatu izan zait zinema.
Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Urte hauek izugarrizko aukera izan dira jada gustatzen zitzaidan mundu baten inguruan ikasten jarraitzeko. Jakin-mina dut, eta zorrotza naiz neure buruarekin; beraz, gauzak ondo egin nahi nituen orduan ere. Asko gustatzen zitzaidan nire lana, eta ez zidan ahalegin berezirik eskatzen. Polita izan zen Genovevarekin batera orduko komunikazio plangintza finkatzea. Zortea izan nuen garai hartan iritsita.
«Urte hauek izugarrizko aukera izan dira jada gustatzen zitzaidan mundu baten inguruan ikasten jarraitzeko»
Zerk bultzatu zaitu urte hauetan guztietan lan horretan aritzera?
Jendeak Zinemaldiari dion estimua ikusteak hartan lan egiten jarraitzeko poztasuna ematen dizu. Gogotsu egiten dut lan, eta ez dut beste inora joateko asmorik. Jaialdia ondo doa, pozik egoten naiz, eta jendea ere pozik gelditzen da. Oso nirea sentitu izan dut betidanik. Oso gogobetegarria izan da jaialdian lan egitea, eta hala da oraindik ere; aldatzen ez den zerbait da.
Hedabideekin egiten duzu lan. Nolakoa da haiekiko hartu-eman hori?
Haiekin izan dudan harremana oso aberasgarria izan da. Profesional handiekin topo egin dut bidean, eta bata besteari beti adi egoteak hobetu egin du harremana. Beti bidali izan ditugu prentsa oharrak Euskal Herritik kanpo, eta, horri esker, Euskal Herritik kanpoko hedabideak etorri dira Donostiako Zinemaldira. Madrilera eta Bartzelonara joan izan gara, eta zenbait jarduera antolatu han. Cannesen egiten den jaialdian ere bulegoa izaten dugu urtero, eta aukera bikaina izaten da harremanak egiteko. Behin Susan Sarandonekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta Donostiako Zinemaldiaz hitz egiteko aprobetxatu. Berlingo eta Veneziako jaialdietan ere egonda gaude.
Eskaera berezirik jaso duzu inoiz?
Esango nuke berezirik ezetz. Kazetariek programazioaren berri jakin nahi izaten dute normalean. Kartel ofiziala aurkezten dugunean, adibidez, kalitate oneko materiala bidaltzeko eskatzen digute, karteleko pertsonaia elkarrizketatzeko modua emateko edota kartelean agertzearen arrazoia argitzeko. Jaialdiak irauten duen egunetan, berriz, lekuei lotutako eskaerak jasotzen ditugu gehienbat. Hau da, Viktoria Eugenian zerbait grabatu nahi dutela, adibidez; beraz, nire eginkizuna da ziurtatzea tarte horretan ez dela filmik proiektatuko. Bestalde, gonbidatuekin harremanetan jartzeko ere eskatzen didate, eta nik eskatzen ditut baimenak. Batzuetan ongi ateratzen da, baina beste batzuetan ez. Funtsean, hedabideek egun osoan gertatzen denaren berri eman dezaten saiatzen gara, gu erotu gabe, eta hori izaten da zailena.
Teknologia berriek lana erraztu al dizute?
Bai. Orain erabat ezberdina da; erritmoa asko bizkortu da. Sare sozialek ere inportantzia handia dute, eduki asko mugitzen baita halakoetan. Baina, aldi berean, izugarrizko lana ematen didate. Influencer askoren eskaerak jasotzen ditugu, baina guk ez ditugu influencerrak akreditatu nahi influencerrak izateagatik soilik. Babesleek ekarri nahi badituzte eta tapiz gorritik pasatzen badira, euren kontua da, babesleek deitzen baitiete. Beste gauza bat da influencer horren eduki nagusia zinema izatea, eta filmen analisiak egitea. Jarraitzaile asko izaten dituzte, eta ona izan daiteke jaialdiarentzat, jende asko erakartzen baitute, baina, eskaerak jaso arren, gauzak bereizten jakin behar da.
«Influencer askoren eskaerak jasotzen ditugu, baina guk ez ditugu influencerrak akreditatu nahi influencerrak izateagatik soilik»
Zuzendari eta aktore famatu asko izan dira jaialdian. Nolako harremana izan duzu haiekin?
Nire karguan, harreman konplexua izan dut haiekin betidanik. Lehen, jaialdia txikiagoa zen, Viktoria Eugenia eta Maria Cristina hotelaren artean egiten baitzen. Hotelean errazagoa zen gonbidatuekin egotea. Filmak ekarritako merchandising-a jasotzera joan, filmeko aktoreekin topo egin, eta agurtu egiten zizuten. Edonola ere, tratu profesionala izan dut beti haiekin. Agenda beteta etortzen dira, eta oso ondo neurtu behar duzu denbora.
Izan duzu aukerarik miresten duzun norbait gertutik ezagutzeko?
Zinemaldiaren 50. urteurreneko festan, esaterako, Francis Ford Coppolari ni eserita nengoen aulkia utzi nion, baina esan zidan ez zela beharrezkoa, biak sar gintezkeela. Eta nik erantzun: «Nola ez dizut utziko hemen esertzen?». Hitz egin genuen, eta oso atsegina iruditu zitzaidan. Beste batean, Meryl Streepek aurretik ikusi nahi izan zuen prentsaurrekoa egingo zen gela, eta nik lagundu nion. Opari bat izan zen niretzat, asko miretsi izan baitut beti. Oso aberasgarriak izan dira pertsonaia famatuekin izandako elkarrizketa guztiak, eta haiek gertutik ezagutzeko aukera zoragarria izan da nire lana.
Brad Pitt izan da aurtengo gonbidaturik entzutetsuena. Harekin ere egongo zinen, ezta?
Begira, bi orduz egon nintzen harekin tapiz gorrian, eta lagunek esaten zidaten: «Baina nola eusten diozu zutik oraindik?». Tuntun galantak. Betidanik erakarri izan nau, eta horregatik esaten zidaten hori lagunek. Jendea erabat hunkituta zegoen harekin, eta bera oso adi zegoen libreta guztiak sinatzeko. Kontu handia izan zuen horrekin, eta nik zera pentsatzen nuen neurekiko: «Ez al da nekatuko?». Bada, ez. Ez dut inoiz horrelakorik ikusi, eta ez nuen huts egin nahi izan.
Lehen baino handiagoa al da Zinemaldia gaur egun?
Handitu dena zinemaren industria da. Industriako jende asko interesatu da jaialdiaz, eta horri esker handitu da. Hazkunde hori oso ona da jaialdiarentzat. Latinoamerikako zinema, esaterako, asko handitu da hemen. Eta euskal zinema zer esanik ez.
Nola ikusten duzu euskal zinemaren industria?
Erabat liluratuta nago euskal zinemak izan duen bilakaerarekin. Izugarri hazi da bai produkzio aldetik, bai ikusle aldetik, bai kalitate aldetik. Rebordinos ilusio horrekin joango da Zinemalditik, industriak izan duen hazkundeak piztutako ilusioarekin. Betidanik izan dira euskarazko filmak, baina oso gutxi ziren lehen. Orain, ikusi besterik ez dago zenbat film dauden euskal zinemaren aurkezpena egiten dugunean.
«Erabat liluratuta nago euskal zinemak izan duen bilakaerarekin. Izugarri hazi da bai produkzio aldetik, bai ikusle aldetik, bai kalitate aldetik»
Diego Galan, Manuel Perez Estremera, Mikel Olaziregi eta Jose Luis Rebordinos. Lau zuzendari izan ditu jaialdiak zu lanean egon zaren bitartean. Nola bizi izan duzu jaialdia bakoitzarekin?
Jaialdira heldu nintzenean, Diego Galan zegoen zuzendaritzan. Lan egiteko modu oso emozionala eta inpultsiboa zuen, eta argi zuen gauza batzuk aldatu egin behar zirela, bai eta handitu egin behar genuela ere. Ilusioa kutsatzen zigun besteoi, baita zinemarako zaletasuna ere, bereziki hiriari. Jaialdiaren eskema bat ondu zuen, eta eskola bat sortu. Haren ostekoa, Manuel Perez Estremera, oso maitatua zen zinemaren munduan lan egiten zutenen artean. Lasaitasun uneak gogoratzen ditut harekin. Mikel Olaziregik, berriz, lan egiteko beste modu bat zuen; zinemaren oso zalea zen. AEBetako izar handiak bidaiatzen hasi ziren, eta hark harreman estua egin zuen haiekin. Nazioarteko filmek jaialdian interesa izan zezaten lortu zuen. Rebordinosekin izan dut antzik handiena, bioi asko gustatzen baitzaigu jendearekin hitz egitea. Gure etxera datozela pentsatzen dugu, eta oso adi egoten gara gonbidatu guztiak gustura egon daitezen.
Harreman oso estua izan dut zuzendari guztiekin, eta horietako bakoitzak izugarrizko garrantzia izan du jaialdiaren ibilbidean; izan ere, ulertu dute garai bakoitzean jaialdiak zer behar zuen. Guztiak izugarri konprometitu dira, eta haiekin lan egiteko gogoa pizten du horrek.
Maialen Belokik hartuko du zuzendari kargua orain. Zer ekarriko dio jaialdiari?
Urte askoan lan egin du gurekin, eta oso ondo ezagutzen dugu elkar. Ez dut uste erabateko aldaketarik egongo denik. Iruditzen bazaio sail batzuk hobetu egin behar direla, indartu egingo ditu. Badakit egingo duen guztiak zentzua izango duela. Trantsizio polita bezain interesgarria izatea espero dut. Gainera, haren lehen urtea Donostiako Zinemaldiaren 75. urteurrena izango da; beraz, uste dut aldi polita dela jaialdian lan egiteko. Garai oso onean heldu da, gaitasun ezin hobeekin.
Espainiako Zinema Akademiak Komunikazio Saria eman zizun. Nola hartu duzu saria?
Ustekabe handiz hasieran, baina ilusioa etorri zitzaidan gero. Lankideek esan zidaten harro sentitu zirela ikusita saria hemen zegoela eta gure lan guztia aitortua zutela. Jende guztiak gauza politak esan zizkidan, eta oso hunkigarria izan zen. Are, oraindik ere jendeak geldiarazi egiten nau kalean, zoriontzeko. Rebordinosek esaten zidan asko eskertzen zuela saria jaso izana, modua ematen baitzuen normalean ikusten ez den lana ikusarazteko. Lantaldearen balioa azpimarratzen du sariak; izan ere, batek bakarrik egindako lanarekin ez zoaz inora. Jarraitzeko gogoa ematen dizu, eta uste dut garai onean heldu zaidala saria.