Edalontzia eskuan, zapia lepoan eta jokorako grina gainezka. Bilboko Aste Nagusiko mus txapelketan izena eman duten bikoteak hasi dira biltzen Hor Dago Abante konpartsaren txosnaren inguruan, lehiaketa noiz hasiko zain. Areatzako Teilape gunean lerrokaturik daude mahaiak eta aulkiak, eta jokalariak baino ez dira falta.
Ikusi gehiago
Aste Nagusian, klasiko bat da mus txapelketa. Aurtengoa 28.a izan da, eta bide luzea egin du Abante konpartsak lehenengo aldiz antolatu zuenetik. Oso gutxitan egin du huts: 2007ko Aste Nagusian, berbarako, euri jasa itzel batek zapuztu egin zuen lehiaketa, baina gaur egun Konpartsen Federazioaren egitarauan ongi erroturiko ekitaldia da, eta Abantek egitarau horri egiten dion ekarpenik garrantzitsuenetako bat.
«Musean aritzea tradizio handikoa da Euskal Herrian», azaldu du Abanteko kide Iker Callado Izak. «Euskararen aldeko konpartsa da gurea, Euskal Herriko historia eta kulturaren defendatzailea, eta horregatik hasi ginen txapelketa antolatzen».
«Guk kanpaina bat egin ohi dugu emakumeek parte har dezatela bultzatzeko, eta badirudi fruituak ematen ari dela»
IKER CALLADO IZA Abante konpartsako kidea
128 bikotek parte hartzen dute lehiaketan. Marijaia Arriagako balkoian agertu eta txosnak irekitzearekin batera zabaltzen da izena emateko epea, Abanteren txosnan bertan. Normalean, 128 lekuak azkar samar betetzen dira, eta bikote asko lehiatu ezinik gelditzen da, ekitaldiak duen arrakastaren seinale, baina aurtengoak marka guztiak apurtu ditu: «Beste urte batzuetan, astelehenean edo asteartean oraindik geratzen ziren leku batzuk libre. Aurten, berriz, inoiz baino azkarrago amaitu dira. Larunbatean bertan, txosnako lehenengo txanda bukatu orduko leku guztiak beteta zeuden».
Badago esaten duenik musean aritzea boladan dagoela, batez ere Bizkaiko zenbait eskualdetan eta gazteen artean. Horren adierazle izan al daiteke txapelketan parte hartzeko lekuak sei orduan bete izana? «Egia da hemen baditugula zenbait gizon beterano, urtero-urtero parte hartzen dutenak, baina azken urteotan gero eta gazte gehiago daude. Emakumeak ere ez dira gutxi: guk kanpaina bat egin ohi dugu emakumeek parte har dezatela bultzatzeko, eta badirudi fruituak ematen ari dela. Iazko txapelduna emakume batek eta gizon batek osatutako bikote bat izan zen, bigarren aldiz historian».
«Ondo pasatzea» helburu
Nahia Illera eta Xabier Martialai Bilbokoak dira, Santutxu auzokoak. Gazteak dira, eta, diotenez, uda osoa eman dute musean jokatzen; orain, estreinako aldiz erabaki dute txapelketan izena ematea: «Izan daiteke gazteen artean orain modan egotea; gure lagunartean behintzat beti aritu gara musean». Martialaik esandakoari ñabardura jarri dio Illerak: «Baina hemen aditu asko ikusten da; gazteak ez dira hainbeste». Haien helburu nagusia «ondo pasatzea» da; «eta lehenengo fasea gainditzen badugu, nahikoa».

Bikoteak hasi dira barrara hurbiltzen, kartak eta tantoak hartu eta zein mahaitan aritzea egokitu zaien ikustera. Apurka-apurka, aulkiak betetzen ari dira. Aurkariak agurtu eta eskua ematen diote elkarri, kirol legez. Txapelketa hasi aurreko azken minutuak baliatu dituzte zenbaitek ogitartekoari azken hozkadak emateko. Kaskagorri, Hontzak, Abante, Tintingorri eta beste konpartsa batzuetako elastikoak daramatzate jokalari batzuek.
Aitzol Garcia bilbotarrak larunbatean eman zuen izena txapelketan parte hartzeko, baina azken momentuan haren bikotekideak ez du etortzerik izan, eta beste lagun bati deitu behar izan dio. Azkenean, Libe Velasco etorri da Getxotik (Bizkaia) Garciari laguntzera, eta aitortu du «apur bat urduri» dagoela, baina lehenengo fasea pasatzeko itxaropena dute. Haiek ere uste dute goraka datorrela musaren inguruko interesa: «Gainera, orain badago eskuko telefonoaren bidez musean jokatzeko aukera, eta horrek erraztu egiten du etxean eta bakarrik aritu ahal izatea», erantsi du Garciak.
Erdiak aurrera, erdiak kanpora
Bikoteetako bat ez da agertu, eta haren kontra aritu behar zuena zuzenean sailkatu da hurrengo txandarako. Gainerako 126 bikoteak jokoan hasi dira. Serio daude jokalari gehienak, kontzentraturik, orain kartei begira, gero bikotekideari, gero aurkariei. Aurpegiei erreparatuta ezinezkoa da kartarik onenak nork dituen asmatzea.
Hiru jokoko partidak dira; bi joko irabazten dituen lehenengoak lortzen du sailkatzea. Partida batzuk azkar ebatzi dira; beste batzuk, ordea, katramilatu egin dira, eta lehiakideak dena emanda ari dira aurkaria menderatu nahian.
«Musean, karta onak edukitzea da gakoa. Ez dago beste sekreturik»
ANDONI BILBAO Mus jokalaria
Andoni Bilbao Sondikakoa da (Bizkaia), eta, Aste Nagusiko txapelketan estreinako aldiz parte hartzen ari bada ere, badu eskarmentua, beste festa eta txapelketa askotan aritu baita. Garaile izan dira lehenengo partidan: «Bi neskaren kontra jokatu dugu, eta ondo aritu dira. Ea hurrengoan ere zortea dugun». Haren ustez, jokoak ez du aparteko misteriorik: «Musean, karta onak edukitzea da gakoa. Ez dago beste sekreturik».
Bikoteen erdiak kanporaturik, bigarren faseari ekin diote gainerakoek. Bikote bakarrak jantziko du txapela, baina sariak egongo dira zortzi bikote onenentzat: Bilboko Konpartsek emandako garaikurrak, eta BERRIAk oparitutako produktu sortak. Eta denek izango dute arratsaldea giro onean eman izanaren poztasuna. Jokoa ez da errenta, baina ederra izan daiteke lagunartean eta jai giroan baldin bada.