Ikusguneko koordinatzailea

Amets Martinez de Heredita: «Kalera atera behar dugu gure luma eta genero adierazpen guztiekin»

Sexu orientazio, genero adierazpen eta identitate orotako jendeak Gasteizko jaiak «aske» bizitzeko eskubidea duela aldarrikatu du Ikusguneko kideak. Espazio «seguruak» sortzeko eskatu du.

Amets Martinez de Heredita. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Amets Martinez de Heredita. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusgune Gasteizko LGTBI Behatokiaren aurtengo txostenak agerian jarri du eremu publikoan eta gaueko aisialdian egoten direla kolektibo horren aurkako irain eta gorroto mezurik gehienak. Gasteizko jaietan ere hala izaten da, Ikusguneko koordinatzaile Amets Martinez de Hereditak azaldu duenez (Gasteiz, 1981). Horiek horrela, eraso matxista eta LGTBIfobikoei aurre egiteko telefono zenbakiak eta protokoloa martxan jarri dituzte Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak; bi mugimenduen arteko elkarlana goretsi du Martinez de Hereditak.

Zer garrantzi du horrelako protokolo bat martxan jartzeak Gasteizko jaietan?

Garrantzi handia du. Urtero gure txostenetan ikusten dugu jaietako espazioetan eta gaueko aisialdian izaten direla eraso gehienak, ez bakarrik LGTBI pertsonen kontrakoak, baita emakumeen kontrakoak eta arrazistak ere. Hortaz, mugimendu feministarekin eta LGTBI mugimenduarekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa da espazio seguruak sortzeko eta indarkeria matxistari modu bateratuan erantzuteko.

Aurten indarra jarri diozue prebentzioari eta erreparazioari. Zer esan nahi du horrek?

Gure helburua ez da pertsona LGTBIfobiko horiek zigortzea edo espetxeratzea, baizik eta testuingurua bera eraldatzea. Horretarako, erreparaziorako eta prebentziorako erremintak funtsezkoak dira. Jaiak aske eta nahi dugun bezala bizitzeko eskubidea defendatzen dugu. Eta erasoak gertatzen direnean, gizartearen eraldaketa barne hartzen duen erreparazio prozesu bat jarri behar dugu martxan.

Zuek zer ikusi duzue azken urteetan Gasteizko jaietan? Nolako gertakariak dira ohikoenak?

Oro har, Gasteizko jaiak lasaiak izaten dira, nahiz eta urtero izaten diren erasoak, fisikoak barne. Blusa eta Nesken Elkarteak lan handia egin du, adibidez, kuadrilletan izaten ziren mezu edo abesti LGTBIfobikoak kentzeko. Hala ere, oraindik badaude maskulinitateari lotutako mezu LGTBIfobikoak. Martxan jarri dugun telefonoetan ez diegu soilik eraso fisikoei erreparatzen: gorroto diskurtsoak eta mezuak ere jasotzen ditugu. Gonbita egiten diegu halako mezuak entzun edo jasotzen dituztenei kontatzeko.

Ikusgunek 24 eraso LGTBIfobiko dokumentatu zituen 2024an, horietako asko gorroto mezuekin lotutakoak. Zer gogoeta egiten duzu?

Mezu batzuk betidanik egon dira, baina badira azken urteetan ultraeskuinaren gorakadagatik etorri diren mezuak ere. Argudio eta sinbolo ultraeskuindarrak ere agertu izan dira zenbait mezurekin lotuta, eta horiek egin dute gora bereziki. Zehazki, margoketetan ikusi dugu hori, eta kezkagarriena da horietako batzuk ikastoletan agertu izana. Ikasleek LGTBI kolektiboaren alde egindako horma irudiei eraso egiteak inpaktu bikoitza du: mezua bera, eta komunitateari egiten zaion erasoa. Asko kezkatzen gaituzte gorroto diskurtsoek, bereziki eraso fisiko bihur daitezkeelako.

«Gure helburua ez da pertsona LGTBIfobiko horiek zigortzea edo espetxeratzea, baizik eta testuingurua bera eraldatzea»

Ultraeskuinaren mezuek gora egiteaz harago, errealitateak erakusten du maskulinitate erreakzionarioa eskuin zein ezker ideologian dagoela. Zer diozu horren inguruan?

Bai, maskulinitate hegemonikoa ez dago eskuineko ideologiarekin lotuta soilik; ezkerreko mugimenduetan ere patriarkatua errotua dago. Denok deseraikitze prozesuan egon beharko genuke, baina uste dut ardura handiagoa dutela ezkerreko alderdietan eta mugimenduetan militatzen duten gizon horiek, baldin eta behingoz feminismoaren aliatu izan nahi badute.

Gorroto diskurtsoak, mezuak, erasoak... LGTBI kolektiboan beldurra sumatzen duzu?

Guk ez dugu beldur hitza erabili nahi. Baditugu erremintak, eta komunitate moduan aurre egiten diogu egoerari. Gasteizen kontzientzia badago, eta ezin dugu indarkeria egun batetik bestera ezabatu, baina kalera atera behar dugu gure luma eta genero adierazpen guztiekin. Jaiak, kaleak eta gauak ere gureak dira, eta jaigune horiek okupatu eta aske gozatu nahi ditugu.

Ekainean, Harrotasunaren Egunean, Gasteizko Udaleko PSE-EE eta PP taldeek erabaki zuten LGTBIQ+ sigletatik Q+ hori kentzea adierazpen instituzionaletik, argudiatuta berdintasun planak ez dituela queer identitateak aipatzen. Zer iritzi duzu horri buruz?

Bere garaian oso irakurketa kezkagarria egin genuen, atzerapauso bat izan delako. Gasteizko Udalak urteak daramatza queer identitateei buruzko ekintzak antolatzen, eta horregatik ez dugu ulertzen jarrera hori. Udalak esan zuen prest zegoela gizarteak hala eskatzen bazuen berdintasun plana aldatzeko, eta guk esan genuen Q+ hori txertatzeko baldin bada alda dezala. Hala ere, argi esan behar dugu queer identitateak babesten dituzten beste arau batzuk badirela, adibidez Europako Batasuneko LGTBI estrategia, eta beraz horiek aintzat hartuta ez zegoela zertan berdintasun plana aldatu. Udalak esan digu aldaketa hori egiteko prozesu parte hartzaile bat abiatuko duela; ontzat jotzen dugu, baina argi utzita gure eskubideak eta identitateak ez daudela eztabaidagai, eta pertsona queerrek ikusgai egon behar dutela.

Lotsabako

Jaietako lekurik gustukoena? Txosnak.

 Zer kenduko zenuke?

Animalien torturarekin lotutako guztia. 

Festetarako lelo bat? Jaietan ere zisheteroarauaren aurrean lumak harrotu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.