Donostiako Aste Nagusia

Kanoikada arin-arina

KASen aldeko aldarriak nagusi zirela abestu dute ‘Artillero’, eta dantzan eman diote hasiera Donostiako Aste Nagusiari. Aurten, Donostiako zortzi dantza talde omendu ditu udalak.

Kanoikada jaurti duten unea. JON URBE / FOKU
Kanoikada jaurti duten unea. JON URBE / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko abuztuaren 8a
21:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zazpietarako hamabost minutu inguru falta direla sartu dira ehunka manifestari Alderdi Ederrera, eta udaletxe aurrean kokatu dira: kanoiaren aurrean, zehazki. KAS Kaleko Afari Solidarioen aldeko manifestariak dira, eta bi pertsonen artean eusten ari diren kartelak argi dio: «Elkartasuna ez da delitua. 300 pertsona otordurik gabe». Bulebarretik etorri dira txistuka, eta hala jarraitu dute zazpiak pasatxo arte.

Jendetzaren artean, hortxe daude Inge Amutxastegi eta Nahia Elorza donostiarrak, lehenengo ilaran. Ordu bat eta hogei minutu daramate zain, lekua gordetzeko. Kanoikada udaletxe parean ikusten duten lehen aldia da; izan ere, orain arte telebistatik ikusi dute, eta adierazi dute «polita» izatea espero dutela.

Badago kanoikada lehen aldiz ikusiko duen jende gehiago ere. Gurene Verdejo, esaterako, lagun batekin batera Portugaletetik (Bizkaia) etorri da Donostiara. Lepoan lotuta, zapi zuri-urdina daramate jantzita biek, eta Arraun Lagunak taldearen niki zuria soinean. 

Beteranoak ere ageri dira jendartearen eta txistuen artean. Pili Terrazas eta Guillermo Niño dira horietako batzuk, eta «bizitza osoa» daramate udaletxe aurrera joaten, urtero-urtero, «seme-alabak txikiak zirenetik». Adierazi dute beren egunik gustukoena dela, eta gehien disfrutatzen dutena, astean zehar lana baitute.

Zazpiak puntuan

«Artillero, dale fuego, ezkontzen zaigula pastelero». Hasi dira kantuan, eta erlojuak zazpiak markatu bezain pronto bota dute kanoikada. Halaxe eman diote hasiera Donostiako Aste Nagusiari. Baina eztandak ez ditu isildu KASekoen txistuak, ezta oihu aldarrikatzaileak ere. 

Oholtzaren gainean daude udalak aurten omendu dituen Donostiako zortzi euskal dantza talde: Goizaldi, Antiguatarrak, Arkaitz Añorga, Eskola, Gero Axular, Trebeska, Herridantza eta Kresala. «Neskazaharrak joaten dira Madalenara, Madalenara, Madalenara» abestiaren erritmoan fandangoa dantzatzen hasi dira zortzi taldeetako ordezkariak.

Kanoikadaren aurretik, BERRIAk haiekin egoteko tartea izan du, eta guztiek aitortu dute ohorea dela udalaren aitortza jasotzea. Berezia izango da haientzat aurtengo Aste Nagusiaren hasiera, baina bereziki Arkaitz Añorga dantza taldearentzat. Hala adierazi du Izaskun Elizegi Arrieta bertako kideak: «Gure dantza taldearentzat, aurtengoa urte berezia da, ehun urte bete baititugu. Gauza berezi asko gertatzen ari dira; horietako bat, hau, sorpresaz harrapatu gaituena. Ilusioz gainezka etorri gara, eta honi esker hainbat emanaldi atera zaizkigu. Ezagutzen ditugun dantza taldeekin parte hartzea tokatu zaigu, gainera. Urtero egiten dugun zerbaitengatik errekonozimendua jasotzeak ilusioa egiten du». 

Eskola dantza taldekoentzat ere «plazer hutsa» da udala haietaz gogoratu izana, Maialen Ubarretxenak adierazi duenez: «Dantzari bere lekua eman diote Donostiako egun oso garrantzitsu batean, eta udaletxeko plaza guri eskaintzea ohorea da. Gazteak gara, orain arte ez dugu horrelakorik egin. Ikusgarritasuna ematen diote euskal dantzari, baita tradizioari merezi duen lekua eskaini ere».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA