Kaxalote bat lurraren azpian

2011n Zarautzen agertu zen kaxalotearen gorpua lurperatua zuten, eta berriki atera dituzte hezurrak Donostiako Aquariumeko langileek. Haien %95 berreskuratu dituzte.

Kaxalotearen hegal bateko falange hezurtxo batzuk. DONOSTIAKO AQUARIUMA.
amaia igartua aristondo
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Dei bat jaso zuten Donostiako Aquariumean 2011ko abuztuaren 28an: kaxalote bat agertu zen Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa), hamabost metro luze zen zeroi gazte bat, eta beharbada haien interesekoa izan zitekeen, tamaina eta ezaugarriak kontuan hartuta. Hortik aurrera, haien esku geratu zen animaliaren kustodia. Garabi handi bat erabiliz, Hernaniko (Gipuzkoa) lursail batean lurperatu zuten, eta, hamabi urteren ondoren, kaxalotearen hezurrak azaleratu dituzte, lurrak garbituta.

Alex Larrode Aquariumeko historialaria ari da prozesua gidatzen. Iruditu zitzaion desegokia izan zitekeela lurrean zuzenean uztea, denborarekin lurra gogortu egiten baita hezurren inguruan, eta prozesua zaildu egiten baita ondorioz. «Teknika arkeologikoak aplikatu behar dituzu: hezurrak zedarritu behar dira, lurra harraskatu...». Beraz, gorpua legarrez estali zuten, eta, hala, aitzurren eta eskuareen bidez berreskuratu dituzte hondakinak. Jakiteko zein zen hezurrak ateratzeko garairik egokiena, indusketa txikiak egin dituzte tarteka, konprobatzeko zegoen, ea usainik bazuen... «Orain dela bospasei urte egin genuen lehen proba, eta ateratzea baztertu genuen, gantz arrastoak antzeman genituelako». Bigarrenez ekin zioten aurtengo abuztu hasieran, eta orduan azaleratzea erabaki zuten. «Arriskua baitago: denbora gehiegi utziz gero, terrenoak hezurra desegin lezake». Irailaren 18an hasi zituzten lanak.

Legarrak indusketa prozesua azkartu du: gutxi-asko lokalizatua zuten gorpua, eta, ia lau metrora lurperatuta zegoenez, eremua zedarritu behar izan zuten segurtasunagatik, lurra haien gainera eror ez zedin. Hiru egun behar izan zituzten hezurrak ateratzeko, eta beste bat lekualdatzeko, museoak Intxaurrondo auzoan (Donostia) duen pabiloira. Larroderen hitzetan, «asebeteta» daude lanarekin, hezurren %95 berreskuratzea lortu baitute. Hegaletako falange batzuk galdu zaizkie, zehaztu duenez. «Kaxalotea ugaztuna da, eta gizakiok eskuetan ditugun hezurtxo berak ditu hegaletan. Hegal bateko hezurren %50 inguru harrapatu ditugu, eta bestearen %5». Gainerakoa ia osorik dago. «Pelbisa topatu dugu, eta konplikatua da, hezur txikiak baitira; orno guztiak topatu ditugu...».

Horien egoera gorabeheratsua da, nolanahi ere. «Burezurra zati askotan puskatuta dago; seguruenik, lurraren pisuagatik». Orno batzuk ere apurtuta daude, baita saihetsen bat edo beste ere. Induskatu ostean, Larrodek tutu malgu baten laguntzarekin garbitu zituen, lur eta legar arrastoak ezabatzeko —ez presiozko urarekin, zehaztu duenez, indarrak kalte egin baitiezaieke hezurrei—.

Hezurrekin eskulana

Hondarrak tratatu egin behar dira oraindik, dena den, eta dagoeneko jarri dira harremanetan Maria Angeles Prieto Aljarafeko (Espainia) zaharberritzailearekin. Prietok sakonago garbituko ditu piezak, produktu kimikoetan murgilduta, eta hezur hautsiak konponduko ditu, hala zatiak lotuta nola poliester edo erretxinekin osatuta. Larrodek aurreikusi duenez, burezurrak emango dio lanik handiena. Denera urtebete inguru beharko duela uste du historialariak.

Halaber, Prietok altzairuzko egitura bat taxutuko du, eskeletoari forma emateko. «Instalatuko ditu tutuak bizkarrezurrean, beste tutu batzuk hegaletako hezurtxoak lotzeko, armazoi bat saihetsen artean...». Prietoren lantegira bidali baino lehen, piezak kutxetan eta paletetan dituzte gordeak, eta, zaharberritzaileak moldatu ondoren, toki garaiagoa beharko du zetazeoak. Eskeletoa hainbat sekziotan zatituta itzuliko diete —gutxienez, lautan—: burezurrari eta saihetsei dagozkionak, handienak, tamaina handiko piezei eskainitako aretoan bilduko dituzte; gainerakoak —bizkarrezurra, isatsa...— bilduma txikiagoetarako dituzten aretoetara joango dira, idulkiekin eta erakusketetako hondarrekin batera. «Gaur-gaurkoz, ez dugu tokirik museoan erakusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.