Mikel Onandia Garate.
IRITZIA

Keinu pinturaren maisua

2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Euskal artista esperimental eta erradikalena izan zen Jose Antonio Sistiaga. Gazte-gaztetatik agertu zuen artearekiko interesa, eta formakuntza autodidakta izan zuen. 1955 eta 1961 artean Parisen abangoardia ezagutu zuen zuzenean Zumeta, Mendiburu eta Balerdirekin batera, eta bertan nagusi ziren korronte informalista piktorikoengandik jaso zuen pintzelkadaren espresioarekiko eta kolorearekiko interesa. Hurrengo urteetan, teknika eta euskarri ezberdinetan eta eboluzio azkar batean, pinturaren konbentzioak hautsiko zituen lan ezberdinak osatu zituen. Ekintza-pintura, trazuaren bat-batekotasuna eta keinuaren indarra izan ziren Sistiagaren lanaren ezaugarri agerikoenak, pintura dinamikoa eta azkarra baitzen berea, indartsua oso.

Mintzaira piktorikoaren aukerei eta mugei buruzko etengabeko hausnarketaren ondorioz, 1964tik aurrera eskulturak eta izaera kontzeptualeko ekintzak harenak dira euskal artearen historiako lehen happeningak txertatu zituen bere erakusketetan. 1968 eta 1970 bitartean ...ere erera baleibu izik subua aruaren... film margotua osatu zuen, zineman aurkitu zuelarik bere potentzia plastiko guztia zabaltzeko euskarri berria. Mihisetik zeluloiderako jausiak pintura mugimenduan jartzeko aukera eskaini zion, ikuslea esperientzia estetiko puruko inmertsio erabatekoan murgiltzen zuelarik. Pelikularen Bilboko aurkezpenerako Jose Julian Bakedanok idatzitako manifestuan hala irakurri daiteke: «Ezin idatz daiteke Sistiagaren filmaz ez duelako ulermena galdatzen, entrega baino (...); ez du pentsatzeko balio, baina pentsamendua abiarazten du».

Margogintzaren iraultza osatzen zuen bitartean eta paraleloki, eta Gaur (1966) taldearen sorkuntza ezagunaz gain, Sistiagak arte hezkuntzarekin eta inguruko artistekin osatu ekimen ezberdin eta garrantzitsuak abiarazi zituen. Amable Arias eta Esther Ferrer-ekin batera zaharkitua eta postulatu kontserbadoreen arabera funtzionatzen zuen Gipuzkoako Artisten Elkartea eraberritu zuen 1963an. Ferreren laguntzarekin, Ostegunetako Akademia edo Adierazpen Askeko Lantegia jarri zuen martxan Donostian 1963 eta 1968 artean, Parisen ezagutu zuen Arno Sternen Académie du Jeudi erreferentetzat hartuta. Jorge Oteizak bultzatuta, Ferrerrek eta Sistiagak ere Elorrioko Eskola Esperimentala (1964) jarri zuten martxan. Haurren berezko ikaskuntzatik, eta heziketa-prozesua jolasean, adierazpenean eta sorkuntzan oinarritzen ziren nazioarteko joerak (batez ere aipatu Arno Stern eta Celestin Freinet pedagogoen lana) bere eginez, pintura-lantegi eta eskola horiez gain erakusketa, hitzaldi eta artikuluen bidez zabaldu zuten horietan egin lana 1960ko hamarkadan.

Planteamendu aurreratu horiek, kontestu benetan zailean, oraindino gaurkotasun nabarmena duten auziak abordatzen dituzte. Sistiaga eta Ferreren arabera, errepikapenean eta kopian oinarritutako eskola tradizionalaren aurka hezkuntza haurrak berekin dakartzan ezagutzen garapenaren arabera oinarritu behar zen, askatasun osoz jardunda, ingurunearen behaketa eta ikerketan, hezitzaileen eta haurren arteko komunikazioan eta azken hauen autoebaluazioa oinarri izanik betiere. Sistiagaren eta haurraren hezkuntzan interes berezia agertu zuen Oteizaren arteko desberdintasun funtsezkoena hurrengoa zen: lehenak ondo ezagutzen zituen hezkuntza-metodologiak, praktikatik bertatik; bigarrenak, hurbilpen teorikoa baino ez zuen egin. Era berean, Sistiagaren ustez Oteizak hezkuntza-eredu tradizionalaren akats bera egiten zuen eskolako curriculum ofizialaren ordez euskal estetika bategatik ordezkatzean, haren planteamendua Sistiagak ekidin nahi zuen haurren bideratzean funtsatzen baitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.