Begiradarekin ari da egurra leuntzen. Ukitu egiten du, laztandu, non borobildu eta ertza non atera aztertu... 1,80 metro garai eta 50 zentimetro zabal den haritz enbor bati erabat lotuta bizi da Gotzon Huegun ekainaren 13tik —Lizartzan (Gipuzkoa) erositakoa da—. Artea Kalean egitasmoaren barruan, Amalur pieza ari da ontzen Lasarte-Oriako eskultorea. Hala arituko da ekainaren 27ra arte. Egurra parez pare, Donostiako Zuloaga plazan, eta egunean hamar orduz artista egurrean.
Europako eta Asiako hainbat herrialdetan «sinposioetan-eta» parte hartutakoa da Huegun. «Tailerrean egiten dugun lana jendaurrean erakusteko ariketa izaten da gurea». Azken batean, museoetan eta erakusketetan «erabat amaituta» egoten dira obrak, baina «prozesuari berari» indarra ematen saiatzen da Huegun. Gipuzkoako Artisten Elkartearekin elkarlanean, kalera atera dute museoetan itzalean gelditzen den lana. «Gotzonena izan zen ideia», azaldu du Lourdes Mora Gipuzkoako Artisten Elkarteko lehendakariak. «Arrazoi ekonomikoengatik eta epeengatik, ez geneukan aukerarik sinposiorik antolatzeko, eta Gotzonek bere burua aurkeztu zuen horrelako saiakera bat egiteko. Ederra da».

Gubia eta mailua, besterik ez dauka eskura. Eta haurrak, haur asko inguruan. «Oso polita da prozesua, galdera zuzen asko egiten ari baitira egunero». Hasierako egur zati trinkoari forma hartzen hasi dira haurretako batzuk. «Euren artean hizketan hasi dira hau dela eta bestea dela esanez, eta hori ere bada proiektu honen helburua».
Alaba laguntzaile
Saltzaile bat ere badu Gotzon Huegunek ondoan, marketin lanetan ari den laguntzaile bat: Haizea Huegun alaba. Hark hartu du aitaren lana sareetan zabaltzeko ardura. «Egunean bi aldiz etortzen naiz, eta bideo labur batzuk prestatzen ditut Instagramerako (@huegun.sculptor)». Egitea bezain garrantzitsua baita egindako hori erakustea eta zabaltzea. «Bertakoak dira jarraitzaileetako batzuk, baina kanpokoak ere badaude, eta polita da haiek ere prozesua ikusi ahal izatea». Gotzon Huegunek aitortu du «izugarri» eskertzen diola alabari egiten ari den lana.
«Oso polita da prozesua, haurrak galdera zuzen asko ari baitira egiten egunero»
GOTZON HUEGUN Eskultorea
Joan-etorrian dabil jendea. Turistak ere inguratu zaizkio, eta geldialdia egiten du beti denekin bi hitz egiteko. «Ezagutzen dut haren obra», aitortu du Carlos Saiz errenteriarrak, ondotik begira-begira dagoela. «Iaz Kristinaenea parkean jarri zuen erakusketa bat». Sinkronia. «Eta asko gustatu zitzaidan. San Telmo museoko hitzaldi batera nentorren, eta kasu egin nahi nion. Berak ere ezagutu nau».
Analisi kritikoagoa egin du Mikel Alvarez donostiarrak. «Neurri batean, polita iruditzen zait artista batek egunerokoan nola lan egiten duen bertatik bertara ikustea, nahiz eta ni ez naizen oso artezalea. Ez zait gustatzen gaur egun sortzaileen inguruan dagoen gurtza hori. Azkenean, ekonomia hutsa da dena». Kolpeak eman eta jaso, egurrarekin hizketan jarraitu du eskultoreak. Hurrengo leunduen zain, hurrengo galderen zain.