Asteburuko proposamena

Kobazuloen asteburua

Koben XIV. Eguna ospatuko dute larunbatean eta igandean. Lurpea elkartearen barnean dauden kobazuloetan bisita bereziak egingo dituzte.

Mendukilo kobazuloa.
Mendukilo kobazuloa. LURPEA
urtzi urkizu
2024ko martxoaren 14a
05:00
Entzun

Seigarren kontinentea deritzona, lur azpiko mundua. Naturaren harribitxiz betea eta misterio zaharrez zipriztindua. Askorentzat ezezaguna da Euskal Herriko kobazuloen mundua, eta asteburu honetan aukera erakargarria izango da haietako asko ezagutzeko. Lurpea elkartearen eskutik, Koben XIV. Eguna ospatuko dute larunbatean eta igandean hainbat txokotan. Bisita bereziak egingo dituzte, eta sarreretan %50eko deskontua egingo dute. Deskontu horri martxoaren 17an zortzi kobazuloetako edozein bisitatzen duten pertsonen arteko zozketak gehituko dizkiote.

Lurpea osatzen duten haitzuloak honako hauek dira: Arrikrutz-Oñati (Gipuzkoa), Ekainberri (Gipuzkoa), Izturitze-Otsozalhaia (Nafarroa Beherea), Mendukilo (Nafarroa), Pozalagua (Bizkaia), Sara (Lapurdi), Zugarramurdi (Nafarroa) eta Urdazubi (Nafarroa). Edonola ere, gogoratu behar da Euskal Herrian badirela kobazulo gehiago.

Bisiten zehaztasunera joz, Zugarramurdin geologoen bisita egingo dute larunbatean, 12:00etan; aurretik, 10:30ean, Arantza Aranburu geologoaren hitzaldia izango da museoan; eta egun berean zein igandean, bisita gidatua egingo dute Zugarramurdiko herriko txokoetan, bertako kondairak eta pertsonaiak ezagutzeko (16:00). Igandean, Escuchando el silencio dokumentalaren proiekzioa egingo dute, 12:00etan (Montes Solidarios elkarteak antolatuko du ekitaldia).

Mendukilon, bisita gidatu berezi bat egingo dute, Isaac Santesteban Nafarroako espeleologo aitzindaria gogoratzeko.

Saran, larunbatean, Mitoen jaiotza bisita kontatua egingo dute. Julien Gauzarekin batera, mitoen jatorriari buruzko bisita berezia izango da hori.

Izturitze-Otsozelhaiko harpeetan, Erresonantzia izeneko bisita soinudun sentsitiboa egingo dute larunbatean eta igandean, 17:00etan. Bisitari bakoitzari denboran zehar lurraren erdigunera bidaia bat egiteko aukera ematen dio bisita horrek. Frantsesez da.

Ekainberrin, bisita gidatuaren bi saio berezi eskainiko dituzte larunbatean: 13:00etan, gaztelaniaz; eta 17:00etan, euskaraz.

Arrikrutz-Oñatin, berriz, larunbatean bi bisita izango dira: 10:30ean, gaztelaniaz; eta 15:00etan, euskaraz. Gainera, 53. Barrunbera bisita turistikoa egingo dute.

Pozalaguan, doako bisita egingo dute igandean Dolomitetako Museo Zaharrera, 12:00etan.

Eta Urdazubin, Trikuharry Naturaren Interpretazio Zentrora bisitak egingo dituzte asteburu honetan.

Arantza Aranburu saritu dute

Aurtengo koben egunaren aurkezpenean, 2024ko Lurpea saria Arantza Aranburu Artano geologoari eman zioten. Doktorea eta EHUko Geologia Saileko irakaslea da Aranburu, baita Aranzadi zientzia elkarteko kidea ere. Sari horrekin, Aranburuk lurpeko munduari egindako lan zientifiko eta dibulgatzaile «garrantzitsua» aitortu du elkarteak. Hain zuzen ere, Aranburuk esan du koba turistikoek garrantzi handia dutela dibulgazioan, emaitzak jendeari ezagutarazten laguntzen baitute.

Lurpeako ordezkariek nabarmendu dute kobazuloak balio historiko eta natural handiko lekuak direla. Gizateriaren iraganaren erritu eta elezaharren aztarnak mantendu dira haietan. Natur ikuskizun gisa ere aintzat hartzekoak direla nabarmendu dute: marmitak, estalaktitak, estalagmitak eta bestelako hamaika formazio biltzen dira haietan. Duela gutxira arte, espeleologiako espezialistek baino ez zituzten espazio horiek eskura. Urte batzuetatik hona, aldiz, leize horietako batzuk jendearentzako ireki dituzte; baina bisitatzeko egokitu ondotik, beren baldintza naturalak errespetatzeaz arduratzen dira kudeatzaileak. Bisita gidatuen eta beste jarduera askoren bidez ezagutu daitezke Euskal Herriko haitzuloak. Kobazuloen gaineko informazioa www.lurpea.eus webgunean jasota dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.