Komunikazioa

Koldo Mitxelena hil da, '...eta kitto' Eibarko aldizkariaren koordinatzailea

1993tik lan egiten zuen herri aldizkarian; euskararen aldeko lan eskerga egin zuen Mitxelenak

Koldo Mitxelena, iazko irudi batean. ... ETA KITTO.
Adrian Garcia.
2014ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Eibarrek euskalgintzako pertsona garrantzitsu bat galdu du. Koldo Mitxelena hil zen atzo arratsaldean, ...eta kitto! euskara elkartearen koordinatzailea. Izen bereko herri aldizkaria argitaratzen du elkarteak. Euskararen aldeko langile «nekaezin» gisa deskribatu dute lankideek. 39 urte zituen.

Ainara Argoitia euskara elkarteko zuzendaritzako kideakproiektu askotan jardun du Mitxelenarekin batera. «Betidanik» ezagutzen zuten elkar. «Gure elkarteari dena eman dio». 1993an, kazetaritza ikasten ari zelarik hasi zen lanean aldizkarian, kolaboratzaile gisa hasieran. 1998an hasi zen langile moduan, eta ordutik zen koordinatzailea. Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako batzordean ere aritu zen bi urte inguruz. Aldizkaria Hekimen elkarteko kide da, eta haren bileretara joan ohi zen Mitxelena. «Hura izan da ...eta kitto-ren kanpora begirako aurpegia azkeneko urte askoan», azaldu du Argoitiak. Debagoienan eskualdeko proiektu komunikatibo bat sortzeko proiektuan ere buru-belarri ibili zen, nahiz eta ez aurrera atera. «Saltsa guztietan ibili da».

Euskara baitzuen Mitxelenak lanbide eta zaletasun. «Euskararentzat bizi zen pertsona bat zen». Bazuen kezka bat euskararen inguruan: ez zituen gustuko «euskara banderatzat» erabiltzen zutenak. «Beti aldarrikatu du euskara denontzat dela eta egiten genuen guztia euskararen alde egin behar genuela». Maider Aranberri Mitxelenarekin batera hasi zen lanean aldizkarian, orain 21 urte. «Oso langilea zen, euskararen alde beti orduak emateko prest».

Langile fina izateaz gain, Argoitiak nabarmendu du «lagun ona» ere bazela. «Lagunez asko arduratzen zen». Beti sentitu du Argoitiak Mitxelenaren babesa. Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn lan egindakoa da Argoitia. «Egunkaria itxi berritan, herrian sortu ziren batzordeetan beti izan dut haren sostengua. Oso arretatsua zen, beti ingurukoez kezkatuta». Lankide «berezitzat» zuen. «Animoak ematen nagusi zen». Oso serio hartzen zituen laneko eginkizunak. «Bileretara beti zekarren aztertu beharreko gaia oso landuta». Gainontzeko iritziak oso kontuan hartzen zituen. «Noiz edo noiz tokatu izan zaigu kritiko izatea harekin. Buelta asko ematen zizkion, askotan bere burua estutzeraino». Aranberrik dio inoiz ez zuela bere burua «nagusitzat» hartzen. «Agindu ez, baina bazekien bakoitza nola gidatu. Bazekien motibatzen».

Garai berrietan, gidari

Garai berrietara egokitu da ...eta kitto!, Mitxelenaren gidaritzapean. «Argi zuen Interneten egon behar genuela. Ideia bat bazuen, hori egin arte ez zuen atsedenik», dio Aranberrik. Aldizkariaren izaerari eutsiz egin zituen aldaketak. Herriko euskalkia sustatzeko asmoarekin sortu baitzuten aldizkaria orain 25 urte, eta, ordutik, herritarrengandik gertu egotea izan du xede, erreferentea baita argitalpena. «Eibarren gehien irakurtzen dena», zioen Mitxelenak berak, ...eta kitto-ren 25. urteurrenaren harira BERRIAk iragan abenduan kaleratutako erreportajean.

Elkarteari eta aldizkariari lotuta bizi zen Mitxelena, eta azalean sufritzen zuen elkartearen egoera. «Pertsona urduria zen, eta gurea bezalako elkarteetan estutasunak pasatzen dira», dio Argoitiak. Bazuen kezka euskararen transmisioaren inguruan, eta horregatik jartzen zuen arreta berezia Txikitto! haurrentzako aldizkarian. Izan ere, etorkizuneko euskal irakurleak zaindu nahi zituen horrela. Txikitto!-ren ale kopurua handitu eta koloretan argitaratu nahi zuen Mitxelenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.