Udako proposamenak

Kolore gorriko Aretxabaleta

Aretxabaletako tomatearen eguna egingo dute igandean, hamargarrenez. Hitzarmen bat sinatuko dute Mendigorriko azokarekin.

Bertako zenbait tomate barietate, Aretxabaletako tomatearen egunean ikusgai. ARETXABALETAKO UDALA
Bertako zeinbat tomate barietate, Aretxabaletako tomatearen egunean ikusgai. ARETXABALETAKO UDALA
enekoitz telleria sarriegi
2026ko irailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorrituta egon behar zuena gorrituta dago, eta gorrituta egon behar ez lukeena ere bai. Tomatearen gorriak hartuta dago Aretxabaleta (Gipuzkoa), eta beroteen gorriak hartuta Euskal Herriko landa, soro, belaze eta paraje asko. Tomateak beroa behar izaten du, eta aurten ez du horren kexarik izango, sapa gehiegizkoa ere izan den arren baratze askotan. Inon tomateari neurria hartzen baldin badakite, Aretxabaletan dakite, eta horren erakusgarri bertako tomatearen omenez antolatu duten eguna. Hamargarren aldia izango da igandekoa.

Iraileko bigarren asteburuan izaten da tomateari eskainitako egun hori normalean, baina astebete aurreratu dute aurten. Egitaraua beti bezain oparoa izango da: azoka, erakusketa, tailerra, dastaketa eta lehiaketa. 10:00etan hasiko da azoka, Durana kalean, eta, Aretxabaletako tomateaz gain, bertako produktuak ere izango dira ikusgai (eta salgai) —antzinako tomate barietateen erakusketa bat ere egongo da—. Tomate haziak erauzteko tailerra Marc Badal adituak emango du, 11:00etan hasita, eta tomatea kozinatzeko tailerra eta dastaketa Anne Otegi sukaldariak gidatuta egingo dira, 12:00etan. 

Euskal Herriko txapelketa

Egun horretan, tomatearen jiran eta haren gorriaren bueltan egiten dute dena Aretxabaletan. Baita  bertako tomatearen Euskal Herriko txapelketa ere. 2023an egin zuten aurreneko aldiz, eta laugarren aldia dute aurten. Lehen ekitaldian, hemezortzi ekoizlek eman zuten izena —Arabakoak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak—, eta Euskal Herriko 33 barietate aurkeztu zituzten lehiaketan. Tomatearen inguruan antolatutako halako plaza gutxi daude. Debagoieneko erakundeek eta Aretxabaletako Udalak antolatzen dute tomatearen eguna. «Bertako produktuak eta gastronomia sustatzea da helburua, ekoizleen eta kontsumitzaileen artean harremanak estutzea», azaldu zuen aurkezpenean Garikoitz Iturbek, Aretxabaletako alkateak: «Tomate mota hau berreskuratu eta zaindu zutenen lanak aitortza merezi du».

Aurtengo ekitaldiak badu berritasun bat. Izan ere, sukaldaritza tailerra amaitu eta Euskal Herriko txapelketako sariak banatu baino lehen, Aretxabaletako eta Mendigorriko (Nafarroa) udalek lankidetzarako hitzarmen bat sinatuko dute. Hamargarren urteurrenaren harira antolatutako ekitaldi berezi bat izango da, helburu izango duena Aretxabaletako tomate barietatea eta Mendigorrikoa sustatzea, eta merezi duten balioa ematea. Izan ere, izen bereko tomate barietate bat dute Mendigorrian —haziak Ipar Euskal Herrian du jatorria—, eta han ere antolatzen dute antzinako tomateen lehiaketa bat.

Azoka eta tomatearen eguna igandean izango dira, baina larunbatean hasiko da festa Aretxabaletan. Herriko hainbat tabernak eta jatetxek Aretxabaletako tomatearen pintxo ibilbidea antolatu dute oraingoan ere, astebururako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA