Komunitate bat, sare baten zain

Araiatik Zerainerako etapa eginda, bidearen erdia osatu du Euskarabenturak. Bero handia jasan behar izan arren, «gustura» egin dute orain artekoa. Harrera goxoa egin diete Zerainen: herri afari galanta prestatu diete ‘jzioquitarrei’, auzolanean.

Euskarabenturako gazteak, atzo, Zeraingo plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Euskarabenturako gazteak, atzo, Zeraingo plazan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Zerain
2026ko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Segurako talaiaren azpitik segi eta aldapa bat igota iristen da Zerainera (Gipuzkoa). Herri sarreran, aurrera begiratuz gero, dotore ikusten da Txindoki; alboetara begira jarrita, baina, kamiseta laranjak baino ez dira ikusten bide ertzetan, frontoiko sarean, ostatu inguruan... Euskarabentura espediziokoak herrira iristen direnean, antzematen da, ondo antzeman ere.

Era berean, Zerainera heltzen direnean, Euskarabenturakoek berek antzematen dute, ondo antzeman ere. Horretarako hainbat arrazoi daude tartean. Baga: Araiatik (Gipuzkoa) abiatzen dira goizean goiz, eta, Aratz mendiaren magala pasatuta, San Adrianen barrena sartzen dira Gipuzkoara; neketsua da bidea, eta 16:00ak izaten dira Zerainera iristerako. Biga: espedizioaren erdia egina dute jada, eta beste erdia aurretik; Getxoko helmugara (Bizkaia) begira jartzeko garaia da. Higa: Zeraingo bizilagunek afari pasada ederra prestatzen diete auzolanean; txorizo egosia, pasta entsalada, patata tortilla, oilasko hegalak, gazta eta izozkiak dituzte menuan, denak tokikoak. Nola ez da, bada, Zerain jzioquitarren geraleku kuttuna izango? Halaxe erakutsi zuten atzo.

Araiatik Zerainera joan ziren atzo; irudian, San Adrian igarotzen. JOANES BASURTO
Araiatik Zerainera joan ziren atzo; irudian, San Adrian igarotzen. JOANES BASURTO

Dutxatu berri daude Aiora Jauregi eta Eider Madinabeitia jzioquitarrak, eta atseden hartzen ari dira Zeraingo frontoian. «Araiako irteera nahiko maldatsua izan da, eta bero handia izan dugu. Hala ere, ondo ibili gara», kontatu du Madinabeitiak. «Poz-pozik» dago bere herrian egin duelako lo; Araiakoa da. Jauregi ere ez dabil etxetik urrun, Ataungoa (Gipuzkoa) baita. «Iruditzen zait askotan kanpora asko bidaiatzen dugula eta Euskal Herria ez dugula ondo ezagutzen; horretarako aukera paregabea da Euskarabentura», uste du. Horretarako, eta lagun berriak egiteko: «Oso lagun onak egiten ari naiz, eta haiengandik asko ikasten».

«Oso talde animatua da», nabarmendu du Fikri Elghabali xerpak, eta «gustura» daude orain artekoarekin: «Euskal sare bat sortzea da helburua. Euskal Herri osoko gazteak elkartzen dira, eta lagun egin, euskaraz».

'Jzioquitarrak' atzo Zeraingo herri afaria antolatzen. AITOR KARASATORRE / FOKU
'Jzioquitarrak' atzo Zeraingo herri afaria antolatzen. AITOR KARASATORRE / FOKU

Lagun onak dituzte Zerainen ere. Bizilagunek egun osoa pasatu dute afaria prestatzen; elizako aterpean egindako tortillak mahaietan jarrita, plazako parrilletan oilasko hegalak prestatzen ari dira. Euskarabentura hasi zenetik prestatzen diete afaria, eta auzolanean, Aloña Elorza bizilagunak azaldu duenez: «Zerainen badago komunitate bat: beti egon da, eta orain ere badago. Herri txikiek aurrera egingo badute, ez dago beste erremediorik».

Gazteak igo dira plazara, eta bizilagunei laguntzen hasi dira mahaiak eta aulkiak jartzen; batzuk dantzan ere hasi dira. Usain ederra dauka Zeraingo plazak, eta giro goxoa sortzen ari da afariaren aurretik. Datorrena izango da onena: auzolanean egindako tortilla goxo-goxoa dute zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA