Antzezlea

Jason Guerra: «Konpainia txikiek ezin dituzte bizpahiru pertsona baino gehiago onartu»

Sukharte jaialdia abian da lehen aldiz, Gasteizen, Jason Guerra zuzendariaren eskutik. Topaketek arte eszenikoak eta buruko osasuna dituzte ardatz, umorearekin uztarturik.

Jason Guerra, Gasteizko Eva Forest Liburutopian. RAUL BOGAJO / FOKU
Jason Guerra, Gasteizko Eva Forest Liburutopian. RAUL BOGAJO / FOKU
GASTEIZ
2026ko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jason Guerrak (Gasteiz, 1976) antzerkia, umorea eta inprobisazio kolektiboa bateratzen dituen berezko prestakuntza metodologia bat garatu du, aktore, zuzendari eta antzerkigile gisa. Kolectivo Monstrenko eta Les Bobe Bobe antzerki konpainiako kidea da egun, eta Sukharte jaialdiaren zuzendari ere bada. Topaketa horretan, sorkuntza eta buruko osasunaren inguruko kontzientzia eta uztartzen dituzte. Joan den ostiralean abiatu zen jaialdia, Gasteizen, eta datorren igandean amaituko da. «Bizitzaren esperientziatik» sortutako jaialdi bat dela azaldu du.

Nola sortu zen Sukharte jaialdia? 

Bizitzaren esperientziatik sortu da ideia. Nolabait, nik bere garaian hainbat depresio krisi igaro nituen. Eta esan dezagun bizi garen gizartearekin kritikoa izateko tresna moduan baliatu nahi izan dudala. Osasun mentala, gaur egun, oso estigmatizatua dago, eta jende asko ez dago modu egokian informatuta. Gizarte kritiko honetan tabua da oraindik.

Zuzendari gisa egiten duzun lanean, zein da zure erantzukizuna?

Jaialdiaren zuzendari artistikoa naiz. Aldi berean, topaketa antolatzen duen konpainiako zuzendaria ere banaiz. Orduan, jaialdia egitea erabaki genuenean, nire gain hartu nuen ikuskizunak antolatzea. Zorionez, ez da oso konplikatua izan, gaia gero eta gehiago jorratzen ari baita arlo guztietan, arte eszenikoetan. 

Zer-nolako proposamenak aurki ditzakegu?

Badaude osasun mentalaren gaia oso modu bideratuan jorratzen duten ikuskizunak, hala nola dagoeneko ikusi ditugun bi obra, Un millón de razones ikuskizuna eta La razón de la sinrazón emanaldia; azken horrek depresioaren gaia arrazoitzen du. Ostiralean, Abrazolamp 2 eskainiko da, eta antzezlanaren aktore eta zuzendari berak landuko du bere buruaz beste egiteko saiakeraren gaia. Raska Nazka izeneko ikuskizuna aurkeztuko da larunbatean, jokoarekiko menpekotasuna jorratzen duena. Hori ere, nolabait, dependentzia dakarren gaixotasun mental bat da. Aurreko horietaz gain, Kixoteaz hitz egiten duen beste ikuskizun bat egongo da. Bizitza osoan erotuta bizitzearen eta zentzuz hiltzearen sinboloa da On Kixote, baina kontrakoa ere izan daiteke.

«Zorionez, ikuskizuna antolatzea ez da oso konplikatua izan; osasun mentala gero eta gehiago jorratzen da arte eszenikoetan»

Erraza izan al da jaialdian parte hartzeko aktoreak aurkitzea, edo ahalegin handia egin behar izan duzue bilatzeko?

Ez da zaila izan. Izan ere, beste aktore konpainia batzuk hurrengo edizioetarako utziko ditugu, guztiak programatzeko aurrekonturik ez dugulako izan. Hala ere, osasun mentala gero eta pisu handiagoa hartzen da artisten produkzioaren ildoan, hainbat mailatan. 

Jaialdia aurten soilik egiteko asmoa duzue, edo urte gehiagotan egitea gustatuko litzaizuke?

Mentalki hain gaixo ez dagoen gizarte batean bizi garenean utziko diogu jaialdia antolatzeari. Egunerokoan hausnarketa gutxi egitera bideratuak gaude, eta esango nuke ez dela kasualitatea, politikoki boterea dutenei interesatzen baitzaie halako bizitza estiloa. Esaterako, gimnasioa edo Netflix low cost zerbitzuak dira. Edonork onar dezakeen zerbait da. Antzezlanetan, ordea, sarrera bat ordaintzen da. Gainera, lagunekin joan, eta gero, ikuskizunetik irteterakoan, galderak sortzen dira, eta eztabaidak sortzeko aukera ematen dute. Artearen helburua galderak sortzea da, erantzunak ematea baino gehiago.

Antzerkiaren inguruko interesa txikitatik izan duzu, edo urteak pasatu ahala sortu zaizu?

Antzerkiaren inguruko interesa, funtsean, nahiko pertsona lotsatia nintzelako sortu zitzaidan. Amak animatu ninduen antzerki munduan sartzera. Askatasun espazio bat bihurtu zen niretzat, epaitua izan gabe jarduteko tokia. Gaztetan, Madrilera joan nintzen antzerki ikasketak egitera, eta mundua aldatu nahi duen ni bezalako jende eroa ezagutu nuen. Antzeztea gustuko dutenetatik, %5 bizi daitezke ofiziotik. Gainerakoak? Esan beharra dago dirua asko interesatzen bazaizu antzerkia ez dela zure lekua izango. Gizarteari buruz pentsatzen duzuna adieraztea interesatzen bazaizu, mikroaren bitartez istorioak kontatzeko aukera sortzen da. Nahiz eta zu ikustera pertsona askorik ez etorri, zure sentimenduak zabaltzeko tokia bihurtzen da.

Nola ikusten duzu antzerkiaren gaur egungo egoera?

Nire ustez, inoiz baino ekoizpen gehiago daude. Hala ere, oraindik Madril eta Bartzelona erabat nagusitzen dira. Gaur egungo egoera argentinizatzen ari da, zentzu onean eta txarrean. Hau da, Argentinan jende asko bizi da lan arrunta eta antzerki alternatiboa uztartuz, benetako antzerki alternatiboa: era guztietako espazioak, garajeak, bizilagunen lokalak, etxe propioak. Bestetik, antzerki komertziala dago, artista ezagunagoen makineria daramana, normalean telebistakoak. Laburbilduz, konpainia txiki batek ezin ditu bizpahiru pertsona baino gehiago onartu.

Zer efektu lortu nahi duzu publikoarengan?

Publikoak gozamen irekia edukitzea nahi dut. Emanaldien ondoren, beti dago solasaldi txiki bat artistekin. Publikoak gai hau jorratzea beharrezkoa dela barneratzea nahi dut: batetik, estigmatizazioa kentzeko; bestetik, adi egoteko, edonori gerta dakigukeelako. Publikoak ere ikus dezala sentitzeko behar hori, norbere burua zaintzeko beharra eta bere inguruko jendearen gaineko ardura ere bai.

LOTSABAKO

Jaialdiko ikuskizunik gustukoena? Antzerki komikoaren tailerra.

 Asko miresten duzun antzezle bat

? Jack Lemmon.

Aretorik bereziena? Monstrenka.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA