Kopa hutsei txakolin «orekatua»

Txakolin Eguna ospatu dute Getarian, eta urteko uzta aurkeztu: 2.700.000 litro ekoitzi dituzte aurten. Udan hezetasun handia izan arren, «aparteko» txakolina lortu dutela nabarmendu dute.

TXAKOLIN EGUNA GETARIAN
Jendea aurtengo txakolinarekin topa egiten, gaur, Getarian. GOTZON ARANBURU / FOKU
ane insausti barandiaran
Getaria
2024ko urtarrilaren 17a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Plaza beteari kantatu diote Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak, Getariako (Gipuzkoa) udaletxeko balkoira igota. Jendeak kopak hutsik ditu, baina egarriz beteta daude. Lizasok: «Gure bertsoek ta zuen kopek/ antza handirik ez daukate/ Betea dana hustu behar da/ ta hutsik dagona bete». Egañak: «Gurea hemen bukatzen degu/ hasi lasai zurrutian». Eta gustura obeditu du, jendeak: berehala bete dute ordura arte itxita egondako frontoiko karpa, 23 upategitako txakolin postuz beteta.

Gaur ospatu dute Txakolinaren Eguna Getarian, San Anton egunez; urteko txakolinaren uzta aurkeztu, eta lehen aldiz dastatzeko aukera izan dute herritarrek. Karparen kanpoaldean daude, txakolin kopak eskuan hartuta, Izaro Urresti eta Ane Errazkin getariarrak. «Egun handia» da gaurkoa haientzat, eta eguerdian txakolina probatu ondoren, jaia iluntzera arte luzatzeko asmoa daukate, kontzertuak ere antolatu dituztelako. «Ea iristen garen!», esan dio batak besteari.

Amaia Genbelzu, Roberto Gomez eta Laxaro Mujika zarauztarrak (Gipuzkoa) dira, eta oinez joan dira festara. Gustatu zaie oraingoz probatutakoa: «Lehenengoa hartu dugu, eta oso ona iruditu zaigu. Eta geroz eta hobeak izaten dira hurrengo tragoak, hala esaten dute!», esan du Genbelzuk.

Uztaren xehetasunak

Goizean, Balentziaga museoan azaldu dituzte uztaren nondik norakoak. 2.700.000 litro ekoitzi dituzte, iaz baino %20 gutxiago; «azidotasunean orekatua» eta «fruta gustukoa» da aurtengo txakolina. Iazko uda ez zen mahastientzako egokiena izan, Itziar Eizagirre Getariako Txakolina Jatorri Deiturako kontseiluburuaren arabera. Batez ere, hezetasun handia egon zelako, eta eurite asko egon zirelako. «Iazkoarekin alderatuta, gradu erdi gutxiago izango du, eguzki faltaren ondorioz, baina garraztasuna mantentzeko aukera izan dugu. Eta garraztasuna eta txinparta dira txakolinari freskotasuna emateko gauzarik garrantzitsuenak», azaldu du.

TXAKOLIN EGUNA GETARIAN
Itziar Eizagirre Getariako Txakolina Jatorri Deiturako kontseiluburua, gaur, Getariako Balentziaga museoan egin duten ekitaldia. GOTZON ARANBURU / FOKU

Aurten, 35 urte bete ditu Getariako Txakolina Jatorri Deiturak. 11 upategik sortu zuten, 50 hektarea mahastirekin; gaur egun, ordea, 34 upategi daude, eta 448 hektarea ekoiztera pasatu dira. Orain arteko bidea txalotu dute, eta belaunaldi aldaketa aurrera begira dagoela ziurtatu.

Urtero bezala, ekitaldia txakolina bultzatzen lan egin duen jendea omentzeko ere baliatu dute: June Yamaguchi izendatu dute aurten Mahasti Andere. Hiroshiman jaioa da Yamaguchi, eta Donostian bizi da. Japoniaren eta Euskal Herriaren arteko zubi lana egiteagatik saritu dute: Caprice proiektuaren bitartez, Japoniako merkatuan kalitate zigilua duten euskal produktuak sustatzeko egindako lanagatik, hain zuzen ere.

Mikel Garaizabal ardo dibulgatzaileak eta Maider Larrañaga sommelierrak aletu dituzte aurtengo uztaren nondik norakoak; bukatzeko, kopak eskuan hartu, txakolina usaindu, eta elkarrekin egin dute topa. «Gora Getariako txakolina!», esan du Garaizabalek. «Gora!», erantzun diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.