Jatorrizkoa ikusgarria izango zen. Halakoa da kopia, behintzat. Metalezko geruza ilunak bereziki nabarmentzen du krateraren erliebe dotorea, bi kirteneko ontziaren azalera osoa hornitzen duen detaile festa: landare mordoa, askotariko animalia erreal eta fantastikoak, haiek ehizatzen dabiltzan haur hegalari bihurriak. Ariketa erraz eta azkarra da: Hildesheimgo krateraren erreprodukzioari erreparatu besterik ez dago, haren edertasunari eta zorroztasunari, kopien balioaz ohartzeko. Eta are baliotsuagoa da pieza jakin hori, gainera: jatorrizkoa, erromatarren garaikoa, desagertua baitago Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Ikusgarria izango zen. Hala ondoriozta daiteke erreprodukzioei erreparatuta, behintzat.
Horietako bat jagoten du Espainiako Eskulturaren Museo Nazionalak, Valladoliden, eta Bilboko Berreginen Museoan izango da urria eta azaroa bitartean. Arriskuan dagoen ondarean jarriko dute arreta aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietan, eta kopiek hura babesteko egiten duten ekarpena jorratuko du Bilboko museoak Bizitza paraleloak «mikroerakusketan», krateraren eta bilduma horretako bi piezaren bitartez: Samotraziako Viktoria eta Belvedereko soina. Itziar Martija museoko teknikariak hiru helduleku horiek erabili zituen erreprodukzioen askotariko funtzioez mintzatzeko, erakusketaren harira antolatu zuten hitzaldian.

1
Hildesheimgo kratera
Aurretik ere desagertua egon zen Hildesheimgo kratera originala. Eta ezustean azaleratu zen ostera, zilarrezko beste ontzi, plater eta edalontzi andana batekin batera. Hildesheimgo altxorra izenez ezagutzen da multzoa, Alemaniako herri horretan egin zuten-eta aurkikuntza, 1868an. Soldadu prusiar batzuek topatu zituzten piezak, eta, balio handia zeukatela iritzita, kanpalekura eraman zituzten. Azkar erakarri zuten Gottingengo Unibertsitateko adituen arreta, eta haiek ezarri zuten datazioa: Erromako lehen enperadore Augustoren garaikoak dira, K.a. I. eta K. o. I. mendeen artekoak.
Martijaren arabera, aurkikuntza gertatu eta hurrengo urtean hasi ziren altxorraren erreprodukzioak egiten. Hildesheimgo artisauek multzo osoaren moldeak ondu zituzten —70 bat pieza, nahiz eta, adituen ustez, jatorrizko altxorraren erdia baino ez den—, eta Hannovergo printzeari eskaini zizkioten aurreneko bikiak, eztei opari gisara. Kopiak egiteko, garai hartako teknologiarik modernoena erabili zuten: galvanoplastia. «Prozesu elektrokimiko baten bidez, metal bainu batekin estal zezaketen moldea», zehaztu du Martijak. Frantziako Christofle konpainiak patentatu zuen teknika, eta erreprodukzio mordo bat egin zituen XIX. mendean. «Garai hartan, antzinako kultura berreskuratzearen aldeko joera zegoen, eta burgesek erreprodukzio horiekin apaindu zituzten etxeak».
«Christoflek egindako kopiak dira Hildesheimgo kratera nolakoa zen jakiteko modu bakarra gaur egun»
ITZIAR MARTIJA Bilboko Berreginen Museoko teknikaria
Orduan egindako igeltsuzko molde horietan ondu zuten Berreginen Museoan ikus daitekeen erreprodukzioa. Espainiako Kultura Ministerioko Ceres atalaren arabera, 1881ean taxutu zuten kopia hori, eta zortzi kilo pasatxoko pisua du. «Originalak 30 zituen; 30 kilo zilar. Eta 40 litro ardo har zitzakeen, urarekin nahastuta, betiere. Erroman ohitura hori zegoen, ardoa oso indartsua zen-eta».
Kopia ez da guztiz zehatza, konponketa txiki batzuk egin baitzituzten dekorazioa hobeto ikus zedin, baina jatorrizkoaren elementu den-denak islatzen ditu. «Christoflek egindako kopiak dira kratera nolakoa zen jakiteko modu bakarra gaur egun». Eta nolakoa zen, bada? Martijak ez du bere miresmena disimulatu: «Dekorazioa zoragarria da, aparta». Erreprodukzioan ere argi antzeman daitezke elementuak, grifoak, krustazeoak, hiruhortzak, haur txikiak, zefalopodoak, landareak. Martijaren esanetan, bi inspirazio iturri identifikatu daitezke, bereziki: batetik, Akemenestar Inperioko ikonografia —animalietan, batez ere— eta Augustoren omenez eraikitako Ara Pacis aldarea, landareei dagokienez batik bat. «Ara Pacis Augustoren familiaren ikonografiarekin zegoen hornitua. Bereizi daitezke han ageri diren espezie begetalak, eta urtaro guztietakoak daude, gainera, denboraren joana irudikatzeko».

2
Samotraziako Viktoria
Eskultura bakarra da, baina, aldi berean, baita mordo bat ere: Samotraziako Viktoria modu askotara erakutsi izan baita haren arrastoak topatu zituztenetik. «Museoetan jagon arren, piezak aldatuz joaten dira denborarekin», hausnartu du Martijak. «Zaharberritzeko orduan —edo zaharberritutako lanak lehengoratzean— modak daude; sekuentzia horren irudi izoztuak dira erreprodukzioak». Esate baterako, Berreginen Museoaren jabetzako kopiak, teknikariaren berbetan, 1900 aurrekoa izan behar du, ordutik aurrera ezker besorik gabe erakutsi dutelako Parisko Louvre museokoa; Berreginen Museoko Viktoriak besoa dauka oraindik.
Izan ere, benetako Samotraziako Viktoria ez da Louvren ikusgai dagoen eskultura erraldoi hori; jatorrizkoaren arrastoetatik ondutako proposamen bat da, egiaz. Eta ez da izan proposamen bakarra. Charles Champoiseau arkeologoak zera topatu baitzuen Samotrazian: figuraren gorputza, soinaren zati bat eta ezkerreko hegoa.
Marmolezko ehun zati baino gehiago atzeman zituen, guztira, aurreneko indusketa hartan, 1863an, eta txatal haiek Louvrera bidali zituen, upeletan sartuta. Museoko zaharberritzaileak eskultura berregin behar izan zuen. «Ez zen arriskatu. Gorputza zutik ipini zuen, habe batekin eutsita, eta hegoa osatzen zuten zatiak batu zituen. Eskultura burdinez ez josteko, hegoa bitrina batean kokatu zuen, eta horrela erakutsi zen hainbat urtez».
«Azken zaharberritzean, Samotraziako Viktoriari ez zioten kendu aurretik gehitutako eskaiolarik, baina biltegietan gordetako zati txiki mordo horiek kokatu zizkioten»
ITZIAR MARTIJA Bilboko Berreginen Museoko teknikaria
Baina Samotrazian induskatzen jarraitu zuten, eta zati gehiago topatu zituzten. 1879an, marmolezko bloke erraldoi batzuk eraman zituzten Parisera: gerraontzi baten branka osatzen zuten. Hala, aldatu egin zuten Viktoria erakusteko modua: branka horren gainean pausatu zuten, itsas bataila bat irabazi izanaren erakusle.
Baina mendea bukatu baino lehen ostera antzaldatuko zuten marmolezko jainkosa. Jatorrizko eskultura erdiesten ahalegindu zen Louvreko beste zaharberritzaile bat, eta igeltsua baliatu zuen horretarako, ez zedin izan atzera-bueltarik gabeko esku hartze bat. «Horrela, ez zuen zertan marmol originala zizelkatu piezak kokatzeko. Etorkizunean eskultura beste modu batean erakutsi nahi izatekotan, jatorrizko marmola ez zen kaltetua geratuko». Bularra eta eskuineko eskua ondu zituen —ezkerreko hegala hartuta erreferentziatzat—; 1900. urtea baino lehen, zaharberritzaile hark ipinitako ezker besoaren zatia erretiratu zuten.
Ordutik beste moldaketa batzuk egin izan dizkiote eskultura original ez hain originalari. Ontziaren eta haren artean porlanezko idulki bat kokatu zuten, Viktoria are gehiago nabarmendu zedin. Eta bloke hori kendu zuten, besteak beste, 2013 eta 2014 bitartean egindako azken zaharberritzean. «Ez zioten kendu aurretik gehitutako eskaiolarik, baina biltegietan gordetako zati txiki mordo horiek kokatu zizkioten. Adibidez, hegoaren forma biribildua hausten duen luma bat».

3
Belvedereko soina
«Erreprodukzio honek erakusten du kopiak lanerako material ere izan daitezkeela». Izan ere, Belvedereko soina inspirazio iturri izan da makina bat artistarentzat, hala nola Kapera Sistinoko figura askotarako, Martijaren arabera.
Baina irudimena hauspotu du, orobat, eskultura osatzeko nahiak. Urte luzez onartu zen gorputz zati hori Herakles heroi greziarrarena zela, lehoi baten larruaren gainean baitzegoen jesarrita —haren hamabi lanetako lehena Nemeako lehoia akabatzea izan zen, eta haren larruaz babesten zen harrezkero—. Baina azkenean konturatu ziren akatsaz: animalia horren buztanak ez zeukan lehoiarenaren itxurarik, ile mataza falta zitzaion eta.
«[Modeloa] Hainbat modutara kokatzen zen, eta porexpanarekin eskulturari forma bera ematen zioten, gutxi-asko. Eta horrela joan ziren Belvedereko soinaren enigma argituz»
ITZIAR MARTIJA Bilboko Berreginen Museoko teknikaria
1990eko hamarkadan, Municheko antzinako gauzen museoan (Alemania) soinaren figuraren adin antzekoa zeukan gizon bat kontratatu zuten, aulki batean eserarazi, eta eskatu zioten eskulturaren postura imitatu zezala, belauneko artikulazioari eta beste aztarna batzuei erreparatuta. «Hainbat modutara kokatzen zen, eta ondo zeritzenean, porexpana hartu eta eskulturari forma bera ematen zioten, gutxi-asko. Eta horrela joan ziren enigma argituz, beste eskultura batzuei erreparatuta, baita Belvederekoaren zuloei eta bukatu gabeko zatiei ere». Ajax Telamonio izan zitekeela ondorioztatu zuten: Troiako gerran borrokatu zen, eta bere buruaz beste egin zuen Ulisesen amarru baten kausaz.
Martijak nabarmendu duenez, esperimentu eta erreprodukzio horren bidez jakin daiteke nolakoa izan zen Belvedereko eskultura, gutxi gorabehera. Antzeko lan batzuk egin dira antzinako beste pieza batzuk osatzeko: adibidez, Partenoiko frisoak berregiteko.