Nasa zaharkitu batek arrantzatu dezake memoria. Sestante erabili batekin neurtu daiteke oroimena. Arkatzez idatz daitezke kresal usaineko gomutak. Argazki horituetan daude gordeta. Ontzien flotagailuetan eta urpekarien neoprenoetan. Arrantzaleen eta saregileen oroitzetan. Soketan, txirriketan, eta egurrezko jostorratzetan. Maketa bihurtutako barkuetan. Pasaiako (Gipuzkoa) lonjan hasi dira denak biltzen: objektuak, kontakizunak eta oroitzapenak. Nork bereak eraman ditzake. Itsasoaren oroimena izena jarri diote erakusketari, eta komunitatean osatu nahi dute.
Sei gune eta sei geldialdi atondu dituzte, sei flotagailuri segika osatu daitezkeenak: Ekarri zure oroitzapena, Pasaiako mapa emozionala, Memoriaren detektibeak, Bizi diren jakituriak, Entzun portua eta Pasaiako sarea. Egin beharrekoa ongi laburtuta dago: «Ibili aretoan zehar, eta erreparatu argazkiei, dokumentuei, tresnei... Ezagutzen duzu norbait? Badakizu beste zerbait? Argazki batean norbait ezagutzen baduzu, agertzen ez den xehetasunen bat edo istorio pertsonalen bat baduzu, daturen bat oker dagoela uste baduzu edo osatu nahi baduzu, utzi zure ekarpena».

«Itsasoari begira segitu nahi dugu, beste era batera. Guztion ekarpenarekin sortuko den bidaia bat da»
IZASKUN SUBERBIOLA'Mater' ontzi museoko zuzendaria
Detektibe txarteletan egin daiteke ekarpen hori. Mapa emozionala osatzeko, berriz, beste txartel bat osatu behar da, eta txartelaren zenbaki berbera duen eranskailu bat itsatsi Pasaiako portuko mapan. «Hogei urte baino gehiago egin nituen itsasoan, eta ia beste hamar portuan. Eranskailu handi samarra beharko dut», esan du itsasgizon zahar batek, barrez. Gemma saregileak segituan hartu du arkatz bat, eta idazten hasi da.

Erakusketaren parte
Portuarekin, lonjarekin edo itsasoarekin lotura duten argazkiak, dokumentuak edo familiako objektuak eraman daitezke, eta erakusketaren parte bihurtuko dira segituan. Argazkiak berehala eskaneatuko dituzte, objektuak erakusketa bukatutakoan bueltatuko, eta ahozko lekukotza eta historia audioz zein bideoz grabatzeko aukera ere egongo da. «Oroimenari balioa ematea da helburua. Itsasoa ondare emozionala ere badelako. Hemen jarri duguna oinarri bat baino ez da beste zerbait eraikitzeko. Itsasoari begira segitu nahi dugu, beste era batera. Guztion ekarpenarekin sortuko den bidaia bat da hau», azaldu du Mater ontzi museoko zuzendari Izaskun Suberbiolak.

Mater ontziak eta Arkeolur elkarteak antolatu dute erakusketa, Pasaiako Udalaren, Pasaiako Portu Agintaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Itsas Gela elkartearen ekimenez sortu zen Mater ontzi museo ekoaktiboa, eta elkarte horrek 25 urte beteko ditu aurten. Urteurreneko ospakizunen barruan antolatu dute erakusketa. Asteartetik larunbatera egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara, urriaren 31ra arte. Eta erakusketaz gain, saregileen tailerra egingo dute urriaren 6an, Arte al agua dokumentalaren emankizuna eta solasaldia urriaren 10ean, itsas korapiloen tailerra urriaren 20an, eta itsas mapak interpretatzeko tailerra urriaren 29an. Hori guztia ere bai baita itsasoaren oroimena.