Kristalaren eta dantzaren arteko simetria aztertuz

'Dantzaren kristalizazioa' ikuskizuna aurkeztu du DIPCk, kristaletan oinarrituta zientzia eta dantza batzen dituen obra.

Vanesa Aibar dantzaria ikosaedro baten barruan dantzatzen, Dantzaren kristalizazioa ikuskizunean. CARLOS BONILLA MJ
Vanesa Aibar dantzaria ikosaedro baten barruan dantzatzen, Dantzaren kristalizazioa ikuskizunean. CARLOS BONILLA MJ
itsaso jauregi 2
2025eko ekainaren 13a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Kristalek antzinatik liluratu dituzte gizakiak. Juan Manuel Garcia-Ruiz zientzialari eta kristalografoak azaldu duen bezala, frogatuta dago hominidoek bildumak egiteko erabili zituzten lehen objektuak kuartzozko eta kaltzitazko kristalak izan zirela. Ikerlariaren arabera, ziur aski, kristalen propietate optiko eta forma geometriko bereziengatik sentitu zuten objektu horiekiko erakarpena.

Kristalen antzinako miresmena eta dantza elkartu nahi izan zuten atzo Dantzaren kristalizazioa ikuskizunean, Donostiako Viktoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, DIPC dibulgazio programaren barruan. Esperientzia eszeniko horretan zientziak eta arteak bat egin zuten, kristalen edertasunari eta esanahiari buruz dituzten ikuspegi osagarriak emateko. Azalpen zientifikoak Garciak eman zituen, baina agertokian ez zen bakarrik egon; Vanesa Aibar dantzaria eta Maria Marin gitarrista eta abeslaria ere egon ziren. Proiektuak erakunde hauen laguntza jaso du: Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioarena (Fecyt); Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenarena (CSIC); DIPCena; eta INAEM-Kultura Ministerioarena.

Hitzak, irudiak, dantza eta zuzeneko musika uztartzen dituen eszenaratzearen bidez, ikuskizunak bide ematen dio pentsamendu zientifikoaren eta gorputz adierazpenaren arteko elkarrizketari. Elkarrizketa Garciaren eta Aibarren artean jaio zen lehendabizi. «Denbora asko daramat kristalaren ideiak artearen eta pentsamenduaren munduan duen eragina aztertzen. Gezurra badirudi ere, lotura oso handia eta argia dute», azaldu du Garciak. Ikerketa horiek irakurri zituen dantzariak, eta proiektua bideratzen hasi zen: «Elkar ezagutu genuenean, Garciak modu geometrikoan dantzatzen nuela esan zidan, eta espazioa nola egituratzen nuen galdetu zidan. Ikerketaz gehiago kontatu ahala, gero eta argiago zegoen proiektu bat egin behar genuela elkarrekin». 

Ikosaedroaren barruan

Kristalek antzinatik liluratu dituzte gizakiak, baina, Garciaren ustetan, oraindik ez da ikertu kristalen eta dantzaren arteko harremanaren jatorria: «Dantza espazioaren erregularizazio bat da, baina hori inork ez du oraindik aztertu. Eragin behar izan zuen, kristalak baitira naturan dauden solido geometriko bakarrak». Oraindik ikertu ez denez, XIX. mendean kokatzen du kristalografoak bi elementu horien arteko talka.

Haurtzaindegiak sortu zirenean hasi zen dena. XIX. mendearen hasieran, Auguste Froebelek haurtzaindegiak sortu zituen: haur txikiak dauden eskola bat, non, Froebelen arabera, munduan dagoen ordena irakatsi behar zitzaien. «Berak uste zuen, filosofo askok bezala, munduan ordena bat dagoela, nolabaiteko harmonia», adierazi du Garciak. Froebel, gainera, kristalografiako laguntzailea ere bazen, eta kristalaren simetriaren teoria garatu zuten ikerlarietako bat ere bai. «Berak ikusi zuen kristal horietan ordena ezkutu bat zegoela, antzinako garaietatik liluratzen gintuena, eta harmonia hori zabaltzeko ordena perfektu bat egongo zela», azaldu du kristalografoak. Orduan, lauki sare bat eta egitura geometrikoak zituen mahai bat jartzen zieten haur guztiei, kristalen simetria oinarritzat hartuta.

Rudolf von Laban

Garciak azaldu bezala, haurtzaindegi horietan familia aberatsetako umeak zeuden; gero artistak eta arkitektoak izan ziren asko. XIX. mendearen amaierako aurrerapen zientifikoei esker, kristalen erraiak behatu ahal izan ziren, eta, maila molekularrean, haien izaeraren azpian zer dagoen aurkitu zuten: materiaren antolamendua, zeina espazioan infinituki hedatzen den. Ordenaren, simetrien eta harmoniaren mundu horrek zirrara handia eragin zuen garai hartako pentsamenduan. Sorkuntza artistikorako eragin eta inspirazio bihurtu zen, eta, besteak beste, arkitekturan, pinturan eta dantzan islatu zen.

Rudolf von Laban, dantza modernoaren koreografo eta teorikoa izan zen, eta kristalezko dantzaria goitizenez zen ezaguna. Europako dantza modernoaren aitzindarietako bat da, eta dantza espresionistaren aitatzat ere hartzen da. Gainera, matematikak eta dantza uztartzen zituen liburuak argitaratu zituen, eta horri esker giza mugimenduaren posizio guztiak dokumentatu zituen, ikuspuntu zientifikoa oinarri hartuta. Koreografo horren teorietan oinarritu zen Aibar ikuskizuna prestatzeko orduan: «Egiturari dagokionez, kristalak behatuz asko elikatu zaitezke dantzari gisa, eta mundu abstraktu horretan sakontzen baduzu, askoz gehiago». Artea modu matematiko batean aztertzean, dantza, pintura eta arkitektura ulertzeko bi era zabaldu ziren: ikuspuntu geometrikoa eta enpatikoa.

Ikerlariak eztabaida hori hartu zuen ardatz ikuskizunean, eta Federico Garcia Lorca poetaren eta Salvador Dali margolariaren arteko eztabaidetako bati buruz hitz egin zuen; lehenengoa kurbaduraren eta sentsualitatearen aldekoa da; bestea, geometria totalaren aldekoa. Antzezlaneko partaideek eztabaida horretako bi posizioen artean dantzatu nahi zuten, eta horregatik ikosaedro bat jarri zuten agertokiaren erdian. Garciak kristalak artean eta pentsamenduan duen garrantziari buruzko azalpenak ematen zituen bitartean, Aibar irudi geometrikoaren egitura zurrunen artean dantzan ari zen. Sentsualitatea eta geometria osoak elkarrekin dantzatu zuten agertokian. «Dantzariaren pausoek guztiok gorputzean dugun simetria zabaltzen duten mugimenduak izan behar dute», gehitu du kristalografoak.

Aibar dantzan eta Garcia hizketan ari ziren bitartean, Marin gitarristak obra musikatzen zuen. Musika piezak sortzeko, gitarristak oinarrira joan behar izan zuen, kristalaren sorrerara: «Soinu oso primitiboak bilatzen saiatu nintzen, eta horiekin hasi nintzen piezak sortzen». Birtuosismotik ihesi, gitarristak Garciaren hitzetan oinarritzea erabaki zuen: «Musikaren abiadura hitzetara egokitzea zen zailena; hitzaldi bat denez, hitzaren zerbitzura gaude». 

Kristalografoaren azalpenei esker, kristalen historia ulertzea da asmoa, baina musikaren eta dantzaren eskuz horien mailegua sentitzea ere bai. Ikuspuntu geometrikoaren eta enpatikoaren artean zubia sendotzea nahi dute, alegia. Garciaren arabera, ikuskizunaz hitz egiten duenean, jendeak ez daki zerekin topo egingo duen, baina, ikusten dutenean, berehala ulertzen dute: «Gai unibertsala da. Zer aukeratu behar da arrazoiaren eta enpatiaren artean? Zergatik dago arrazionaltasuna sentsualitatearen aurka? Ezin al da gauza bateratua izan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.