Kromo kutuna ofiziala izan arte

7 Baietz euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren aldeko plataformak bere burua ezagutzera eman du hainbat herritan eta hiritan eginiko elkarretaratzeetan. Ateak irekiak ditu, eta ez zaio ideiarik falta.

Euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea, gaur, Algortan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea, gaur, Algortan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2026ko ekainaren 13a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Futbol kromo bat altxor txiki bat izan daiteke. Hezur-haragizko idolo baten estanpatxoa da, federik gabekoen edo kolore batzuen kultua dutenen erlikia. Kromoa txukun itsats daiteke bilduman, anarkikoki karpetan edo urte luzez gorde diru zorroan, pasio ezkutu baten fetitxea balitz bezala. Horregatik da hain zaila haietako bat eskuan hartuz gero arretarik ez jartzea. Eta are zailagoa euskal futbol selekzioarena bada, kolpetik bihurtzen baita harribitxi, kultuzko objektu.

«Ohartu ginen kromoek balio sinboliko handia zutela. Umeen eta nerabeen artean iruditeria sortzen dute, eta guk euskal selekzioa aldarrikatu nahi dugu. Horregatik egin ditugu euskal selekzioaren kromoak; are gehiago orain, gizonezkoen Munduko Kopa jokatzen ari den honetan». Azalpena Asier Ansoleagarena da, 7 Baietz euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren aldeko plataforma sortu berriaren kidea. 

7 Baietz
Umeak eta ez hain umeak 7 Baietz taldeak argitaratutako kromoak ikusten, gaur, Algortan. I. M. E.

7 Baietz taldeak gaur eman du bere burua ezagutzera, arratsaldez, 19:01ean, «zazpiak eta bat», hainbat herritan eta hiritan eginiko elkarretaratzeetan: Hendaian (Lapurdi), Plentzian (Bizkaia), Etxarri Aranatzen (Nafarroa), Gasteizen, Algortan (Getxo, Bizkaia)… Elkarte irekia da, hazkunde prozesuan dago, eta ideia eta proiektu asmorik ez zaie falta behintzat. Euskal selekzioen ofizialtasunaren alde egiteko dagoen edonor ongi etorria da bertan. 

Kideetako hainbat Algortakoak dira, eta egun osoko egitaraua antolatu dute 7 Baietz ezagutarazteko: pala partidak, herri kirolak, umeentzako grafitia… Baina San Nikolas plazako gerizpean kromoak izan dira izar. Gerturatu diren umeek ondo bete dituzte patrikak.

«Ohartu ginen kromoek balio sinboliko handia zutela. Umeen eta nerabeen artean iruditeria sortzen dute, eta guk euskal selekzioa aldarrikatu nahi dugu»

ASIER ANSOLEAGA 7 Baietz plataformako kidea

22 kromo eredu itsasgarri inprimatu, eta zientoka banatu dituzte, dohainik: Irene Paredes, Nico Williams, Jagoba Arrasate hautatzailea, Nahikari Garcia, Mikel Oiartzabal, Maite Zubieta… Guztiak euskal selekzioaren elastikoarekin agertzen dira. «Nahi dituenak 7 Baietz plataformaren sare sozialetatik deskargatu ditzake. Noizbait euskal selekzioa bilduma ofizialetan ere ager dadila da gure asmoa», azaldu du Ansoleagak.

Aldarria pizteko

Umeak erakarri dituzte kromoek, eta baita ez hain umeak ere. 40 urteak ondo beteak izan arren, eta seme-alabentzat zirelako aitzakiaz, Asier Musatadi, Beñat Elgezabal eta Iñaki Bilbao lagun gernikarrek gozatua hartu dute irudiak arakatzen. Egunpasa egin dute Algortan, eta garbi dute zer egin bildutako kromoekin: «Oso ideia ona izan dute, sekulakoa. Gure lagun batek gozoki denda du Gernikan. Espainiako Ligako kromo asko saltzen ditu, eta hauek eramango dizkiogu dendan jar ditzan».

7 Baietz
7 Baietz plataformaren Hendaiako elkarretaratzea. 400 lagun bildu dira. 7 BAIETZ

Euskal pilota selekzioko elastiko bana ere eraman dute, eta ez dute ezkutatu plataformaren sorrerak ilusioa egin diela: «Aldarrikapen polita da, eta azken urteetan pixka bat itzalita egon den susmoa dugu. ESAITek lan handia egin zuen, baina ez zuen segidarik izan». Haiek ere Munduko Kopa hartu dute hizpide plataformaren premia nabarmentzeko: «Hari begira dauden belaunaldi gazteagoek ere sinets dezatela euskal selekzioa hor egon daitekeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA