Libros Abiertos elkarteko kideak

Carmen Diez eta Beatriz Moral: «Kubako liburu azokan Joseba Sarrionandiaren apalak erabili genituen»

Donostiako Libros Abiertos elkarteak Kubara bidaltzeko liburuak jasotzen ditu Gros auzoko Re-read bigarren eskuko liburu dendan. 2023an bidali zituzten lehen aldiz, 3.500 liburu orotara, eta Kubako liburu azokan saldu zituzten.

Carmen Diez Mintegi eta Beatriz Moral Ledesma. MAIALEN ANDRES / FOKU
Carmen Diez eta Beatriz Moral. MAIALEN ANDRES / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurzaletasuna bultzatzeko asmotan, Beatriz Moral Ledesmak (Donostia, 1965) bigarren eskuko liburuak saltzeko denda bat ireki zuen Donostiako Gros auzoan: Re-read. Uste baino liburu gehiago bildu zituen azkenerako, eta, horiekin guztiekin zer egin zezakeen pentsatzen aritu ostean, Carmen Diez Mintegirekin batera (Donostia, 1948), Kubara joatea erabaki zuen, gaztelerazko liburuak hara eramateko. Hala, 2022an joan ziren lehen aldiz herrialdera. Ordutik, gutxienez hiru aldiz joan dira berriz, eta, egindako bidaia guztien ostean, Libros Abiertos elkartea sortu zuten, «figura juridiko bat» behar baitzuten.

Zergatik Kubara?

BEATRIZ MORAL LEDESMA: Liburuekin zer egin ez genekiela, Pablok, elkarteko kideetako batek, esan zigun Kuban bizi den lagun bat zuela. Joseba Sarrionandia zen lagun hura, eta harekin jarri ginen harremanetan, bai eta egun batean gelditu ere, gure ideiaren inguruan hitz egiteko. Habanan urtero egiten duten liburu azokaren inguruan hitz egin zigun bertan: hasieran asko lagundu zigun.

CARMEN DIEZ MINTEGI: Hasieran, baina baita gero ere. 2023ko otsailean joan ginen berriz Kubara, liburu azokara, eta gure liburuak saltzeko stand bat hartu genuen. Dirutza bat ordaindu eta gero, ez zegoen ez apalik, ez aulkirik. Ez genuen liburuak non jarri; beraz, Josebaren etxera joan ginen; liburu guztiak kendu, eta haren apalak hartu genituen.

MORAL: Kubako liburu azokan Joseba Sarrionandiaren apalak erabili genituen, bai. 

DIEZ: Baina han oso normala da gauza horiek egitea [barrez].

Zerekin topo egin zenuten han?

DIEZ: Hasteko, ikusi genuen oso garestia zela azokara liburuak eramatea. 3.500 inguru eraman genituen, itsasontzian. Azokako standa ere ordaindu behar zen. Guk gure bidaia ordaindu genuen, baina garrantzitsua izan zen han lagunak egitea, diru kontuekin laguntzeko.

MORAL: Han, gainera, liburuek dirulaguntza jasotzen dute, eta oso merkeak dira. Baina ez dute libururik: Che Guevararen bizitzaren ingurukoak dira asko, baina hortik aparte oso gutxi daude. Eskaintza oso urria zela ikusi genuen, eta bigarren eskuko dendak ere bazeuden, baina liburu oso zaharkituak zituzten. Jende gaztea ere badago liburuak saltzen dituena, prezio apalean, gainera, baina badaude liburuak erosi eta garestiago saltzen dituztenak ere.

«Eskaintza oso urria zela ikusi genuen, eta bigarren eskuko dendak ere bazeuden, baina liburu oso zaharkituak zituzten»

BEATRIZ MORAL LEDESMA Libros Abiertos elkarteko kidea
Zer moduz joan zen azoka?

DIEZ: Liburu guzti-guztiak saldu genituen.

MORAL: Salmentekin diru pixka bat berreskuratu genuen, baina helburua ez zen izan dirua irabaztea. Jabetu ginen egoera larria zela liburuei dagokienez ere.

Bidaiaren ostean zer egin zenuten?

MORAL: Azokan Dulce izeneko emakume bat ezagutu genuen, Habanako liburu denden zuzendaria. Gure egitasmoarekin aurrera jarraitzea proposatu zigun, baina ez zen aurrera atera. 2024an berriz joan ginen, gazte batzuekin agian zerbait egin genezakeelakoan, baina berdin, bertan behera gelditu zen. Saiakera asko izan ziren. Gure elkarteko Marco eta Pablo ere Kubara joan ziren, eta hirugarren saiakera egin zuten. Kontaktu asko egin zituzten, baina traba burokratiko mordoa egon ziren, eta ez zer ezer lortu. Gu etsita geunden. Kaxa guztiak prest genituen Kubara bidaltzeko, baina proiekturik gabe gelditu ginen.

«Irailean sei palet bidali genituen, eta aurten, martxoan, beste bi bidali ditugu. Guztira, 13.000 liburu baino gehiago bidali ditugu dagoeneko. Han zeuden liburuak, baina Kubako egoera okertu egin zen»

CARMEN DIEZ MINTEGI Libros Abiertos elkarteko kidea
Zer egin zenuten kaxa horiekin?

MORAL: Bada, gure elkarteko kideek Federico izeneko pertsona batekin harremana egin zuten, eta, egun batean, haren deia jaso genuen, proiektu bat proposatzeko: Habanan La moderna poesía deituriko eraikin bat berreskuratu, konpondu eta argitaletxe bihurtu nahi zuen. Horretarako, gure liburuak behar zituzten.

DIEZ: Horrekin, gainera, diruaren arazoa konponduko zitzaigun. Haiek eramango zituzten, eta guk lana egin, kaxak prestatu. Irailean sei palet bidali genituen, eta aurten, martxoan, beste bi bidali ditugu. Guztira, 13.000 liburu baino gehiago bidali ditugu dagoeneko. Han zeuden liburuak, baina Kubako egoera okertu egin zen. Lehendik zegoena baino larriagoa zen, eta bertan behera gelditu zen.

Liburuak biltzen jarraitu zenuten?

MORAL: Ez, ez baikenekien zer gertatuko zen. Hilabete batzuk proiekturik gabe egon ginen, La Maniguakoa heldu zitzaigun arte.

Zer da hori?

DIEZ: Habanako La Timba auzoan dagoen eraikin bat da. Ez zen liburuak saltzeko toki bat, kultur etxe gisako eraikin bat zen. Proposatu ziguten ea posible zen bertan gure liburuak saltzea. 

MORAL: Kontua da haiek gure liburuak saldu nahi dituztela, eta lortzen duten diruarekin liburutegi bat finantzatu, eta komiki eta nobela grafiko batzuk saldu.

Aurrera begira, baduzue asmorik liburuak beste herrialde batzuetara ere bidaltzeko?

DIEZ: Laguntza behar duten proiektu asko daude, baina guk ere laguntza behar dugu, lan handia baitago guztiaren atzean: kaxak pisatu, bakoitzean zenbat liburu doazen kontatu....

MORAL: Dena bertan behera gelditu zenean, liburu mordoa genituen pilatuta, eta ez genekien zer egin horiekin guztiekin. Beraz, pentsatu genuen gaztelaniaz hitz egiten duten beste herrialde batzuetara ere bidal genitzakeela, baina oso garestia da. Hondurasera begira jarri ginen, baina dirua behar genuen.

LOTSABAKO

Gomendatuko zenuketen liburu bat?
DIEZ: Virginia Woolfen Orlando. MORAL: Stanislaw Lemen Diarios de las estrellas.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA