Laborategian wagyu haragia 'landatzen'

Osakan, Kobetik kilometro gutxira, benetako wagyu haragiaren itxura eta zapore berbera izan dezakeen haragia birsortzen ari dira ikertzaile japoniarrak.

JAPONIA, HARAGI LABORATEGIA
Osakako Unibertsitateko ikertzaile taldeko kide bat, Japonian, laborategiko lanean. JOSEP SOLANO
Josep Solano
2023ko abenduaren 9a
05:00
Entzun

Japoniako wagyu haragi entzutetsua, bere zapore bikainagatik eta prezio altuagatik ezaguna dena, eskuragarriago egon daiteke laster, proiektu zientifiko bati esker. Japoniako haragirik onena ekoizten den tokitik kilometro gutxira, Osakako Unibertsitateko ikertzaileek wagyu haragia birsortzea lortu dute laborategian, 3D bioinprimatzaileak eta behi eta oilasko zelula amak erabilita.

Modu uniformean sakabanatuta dagoen eduki koipetsuagatik da ezaguna wagyu haragia; zapore paregabea dauka. Michiya Matsusaki proiektu buruaren esanetan, gaur egun hainbat aste behar izaten dituzte laborategian zentimetro kubiko bat wagyu haragi sortzeko, eta 800 eurotik gorako kostua dauka. Hala ere, teknikak eta eraginkortasunak hobera egin ahala, elikadura aukera bideragarri bihur liteke etorkizunean.

Azken urteotan hazi egin da laborategian sortutako haragiarekiko interesa, ingurumenaren inguruko kezkagatik eta haragiaren industrian dauden arazoengatik. «Etorkizunean zelula gutxi batzuetatik haragi asko eta azkar ekoiztu badezakegu, elikagai eta proteina eskasiaren arazoari hobeto aurre egin ahal izateko aukera eduki dezakegu», ziurtatu du Matsusakik. Gaineratu du teknologia hori «behar-beharrezkoa» izango litzatekeela etorkizunean Lurretik kanpoko espedizioen eta giza kolonien kasuan.

Haragia birsortzeko, lehenik eta behin, ikertzaile japoniarrek wagyu behi baten masailetako bi zelula mota isolatu eta landu zituzten, eta satelite zelulak erabili zituzten gero giharrak osatzeko —xerraren zati gorriak—; azkenik, adiposotutako zelula amak atera zituzten, eta horiekin sortu zituzten zainak eta xerraren koipea. Behin lan hori eginda, wagyu haragiak berezkoa duen giharraren barneko gantza berregin behar da, marmolatu zoragarri hori emanez.

«Etorkizunean zelula gutxi batzuetatik haragi asko eta azkar ekoiztu badezakegu, elikagai eta proteina eskasiaren arazoari hobeto aurre egin ahal izateko aukera eduki dezakegu».

 MICHIYA MATSUSAKIOsakako Unibertsitateko wagyu haragia birsortzeko laborategiko ikertzaile taldeko burua

Bere teknologiak haragi egituratua ekoizteko duen gaitasuna frogatu ondoren, zientzialari taldeak oztopo batzuk gainditu beharra dauzka oraindik haragi hori komertzialki bideragarria izan dadin. Teknologia zabaltzeko beharra da pauso nagusia. «Ikuspuntu tekniko batetik, dena automatizatzeko aukera eduki beharko genuke», dio Matsusakik. «Nahikoa zelula produzitu ahal izatea izango da desafiorik handiena. Hori lortzen badugu, ez dut arazorik ikusten aurrera egiteko». Beste erronka handietako bat izango da odolaren antzeko osagai bat sortzea, horrek ematen baitio haragiari hein batean usaina eta zaporea.

Aurrerapausoak ez ditu berrikuntza teknologikoak bakarrik ematen; legedi baten beharra funtsezkoa da elikagai berri hori bideragarria izateko. Haragi hori merkaturatzeko, ezinbestekoa izango da higienea eta trazabilitatea kudeatzeko neurri gardenak ezartzea. Horren arrazoia da landutako haragia prozesatze metodo guztiz berritzaile baten bidez ekoizten dela ohiko elikagaiekin alderatuta. Araudi egokiak ezartzea funtsezko urratsa izango da elikagaien arloan produktu aitzindari horren segurtasuna eta kalitatea bermatzeko.

Kontsumitzaileak artifizialki ekoitzitako haragia jatearen onurez konbentzitzea izango da proiektuak etorkizunean izango duen beste erronka nagusietako bat. Inork ez du probatu produktua oraindik, gehiago ikertu behar baita edozein herritarri janari hori prestatzen eta jaten utzi aurretik. Ikertzaileen arabera, gaur egun oso muturrekoak diren bi erreakzio mota daude gai horren inguruan: eskura dagoenean, haragi hori probatzeko interes handia dute herritar batzuek, eta probatu ere ez dute egin nahi beste batzuek.

Planetaren onerako

Matsusaki buru duen taldea —Frantziatik iritsitakoak batzuk— oso gogotsu dago teknologia horrek etorkizunean eremu guztietan eragin ditzakeen onurekin, baita ingurumen alorrekoekin ere. Zientzialari horien arabera, egiten ari diren lanak erabat errespetatzen du ingurumena, eta prest daude beste sektore batzuek teknologia hori garatzen lagundu dezaten, beren elementu teknologikoak integratuz, modu horretan elikadura ziklo bihurtu ahal izateko.

Ganadua da nekazaritzako metano sortzailerik handiena —berotegi efektuko gas kaltegarria da metanoa—, eta hori da, elikagaien krisiarekin batera, gizakiek etorkizun ez oso urrunean aurre egin beharreko erronketako bat. Zientzialariek uste dute aurre egin beharreko arazo horietako bakar bat ere ezin dela banaka konpondu; hainbat eremuren arteko lankidetzaren aldeko apustua egiten dute, konponbide global bideragarri eta iraunkorrak lortzeko.

Kawagishi etxaldea ezagutzeko:

https://www.berria.eus/bizigiro/mozart-baserrian_2117527_102.html

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.