Baionako garbiketa zerbitzuko burua

Mayalen Minville: «Lana konbentzimendu handiz betetzen da; harro dira hiria garbi uzteaz»

Baso berrerabilgarriak erabili izanagatik ere, oraino karrikak biziki «zikin» dira Baionako garbitzailearen ustez. Halere, gustatzen zaio bestazaleekin duten harremana, eta eskertu du langile guzien indarra dena garbi uzteko.

Mayalen Minville. LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI
Mayalen Minville. LEIRE CASAMAJOU ELKEGARAI
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko uztailaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionako Saint-Frederic ofiziale eremuan, herriko langileen zentro teknikoan, jendea tarrapatan ari da 11:30ean: lan txanda bukatu berri dute, eta etxera sartzeko zain dira, edo bestetara itzuli bat egiteko menturan. «Bihar arte», erran diote Mayalen Minvilleri (Baiona, 1976), eskutan zituzten trapu zikinak eta menaiu produktuak apal batean utzirik. Hain zuzen ere, Baionako herriko garbiketa zerbitzuko burua da Minville. Baionako besten denboran lanez gainezka dira, orduan, herriko langile guziak batzen dira garbiketan.

Jende anitz behar da, segur aski, hiria goizero garbi ireki ahal izateko, ezta?

Baionako besten denboran herriko zerbitzu guziak garbiketarako lanean ari dira: hiriaren xahutasunaz arduratzen direnak, hondarkin bilketakoak, bideetakoak, baratzezainak... denak heldu dira gure laguntzera. Gainera, bederatzi hiri partaide baditugu gurekin lanean. Denak garbiketan ari gara: 180 lagun, denera.

Lan txanda bat bukatu berri da orain, 11:00 aldera. Zer tenoretan hasi zen?

05:00etan hasi gara goizean, 11:30ak arte. Lehen eguna zen gaurkoa [osteguna], orduan kalmeagoa da. Baina asteburuan, metatzen da. Jende gehiago bada, horregatik.

Besta 04:00 inguru bukatzen da. Zer gertatzen da 05:00etatik goiti, beraz?

07:00ak arte askatasun osoz lan egiten ahal dugu, hiria osorik zerratzen zaiolako publikoari, baita banatzaileei ere. Horrela, leku guziak libre ditugu, eta banaketek bideak blokeatu gabe lan egiten ahal dugu.

Taldeak terrenora heltzen dira, eta guneka antolatzen dira. Batzuek hondakin metak egiten dituzte, kamioi batean kargatzen dituzte; ufatzaileekin iragaten dira beste batzuk, eta erratza daukan karrika garbigailuarekin; garbigailu [kimikoarekin] gero, eta berriz ere erratza daukanarekin. Hori sektore bakoitzean, jakinez sektore bakoitza berriz zatitzen dugula gure antolaketarako: Baiona Handian, adibidez, bost edo sei lantalde dira; Baiona Ttipian gauza bera. Bestalde, egunean zehar, badago talde bat deipeko, zentro teknikoan egoten dena eta agertzen diren arazoak konpontzen dituztenak; gauza bera gauean.

Lan gehiena, beraz, 11:00etara bitarte.

07:00ak arte problematikoak izan daitezkeen guneak libratzen ditugu, banatzaileei begira, batez ere. Kaia guziak, Espainiako karrika... gune hertsienak, hots. Lehen 06:00ak arte ezin ziren sartu, eta zinez ezinezkoa zen. Orain ikusten dugu jendea geroz eta goizago heldu dela bestetara, orduan gure eginbeharra da hiria ahal bezain garbia izatea, ahal bezain fite.

«Baso berrerabilgarriek egoera hobetu zuten, baina karrikak biziki zikinak dira halere»

Publikoa iritsita, orduan, nola kudeatzen duzue lana?

Bigarren partea da hori: berriz pasatzea. Ez dira dispositibo lodiak, baina aliketa batzuekin biltzen ditugu hondakin ttipiagoak, barreiatuak direnak eta ahantzi ahal izan ditugunak. Etxeko hondarkinen bilketa ere egiten dugu.

Urteetan jende geroz eta gehiago joan da Baionako bestetara. Horrek, segur aski, zuen lana baldintzatu du...

Bai, erabat. Geroz eta jende gehiago dator, eta orain ikusten dugu egiteko gai garenaren mugara iritsiak garela. Erran genezake usatuak garela orain, eta xantza dugu hiri partaideen ukaitea, eginbeharrak zer diren ongi dakitenak. Halere, nahiz orain baso berrerabilgarriak erabiltzen diren denetan, hondarkin anitz dago lurrean, plastikozko botilak...

2011n orokortu zen baso berrien erabilera. Zuen lana aldatu zuen horrek?

Anitz, bai! Bestak ezagutu nituen hori aitzinetik ere, eta plastikozko basoak hogei zentimetro gora ziren lurrean. Karrika osoak ziren basoz estaliak. Orduan, egoera hobetu zuen, baina karrikak biziki zikinak dira halere. Egunean zehar jendeek indarra egiten dute zikin ontzietaraino joateko, baina behin alkohola kontsumiturik, ez dira hain trabatuak sentitzen.

Publikoarekin, justuki, nola pasatzen da harremana?

Biziki ongi. Berandu egoten direnek ere —nahiz alkoholizatuak izan— beti laguntza eskaintzen digute. Irringarriak dira, usu anekdotak sortzen dira. Gainera, etengabean eskertzen gaituzte karrikan gurutzatzen gaituztenean.

Funtsean, zuei esker da bestak baldintza onetan egiten ahal badituzte.

Enetzat hori da inportanteena: langile bakoitzaren inbestimendua. Lana betetzen dute konbentzimendu handiz, umore onez, denak kontent hiria garbi uzteaz. Ageri da harro direla egiten dutenaz, beraz, egiazki, aitzinera eramatekoa da langile horien guzien lana: horiek gabe, ez litzateke posible, sinpleki.

Aukera duzue zuek ere bestez gozatzeko?

Bai, lortzen dugu!

LOTSABAKO

Lanean aritzeko Baionako bestetako zein egun nahiago?
Osteguna: hasiera da, plantan ezartzen gara.

Zein lan txandetan?
05:00etakoa, ongi da. Eta gelditzen da arratsaldea gozatzeko aukera.

Eta besta egiteko, zein egun?
Asteazkena eta osteguna gustatzen zaizkit niri.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA