Euri langarra Bilbon. Hori dela eta, ume gutxi irten da puzgarritarako gogoz. Aurten ere, Bilboko Konpartsek Erripako kaian jarri dituzte jostagarriok. Aurreko urteetan hiru puzgarri jarri izan dituzte; aurten, ostera, puzgarri bakarra eta auto zirkuitu bat.
Ohikoak dira ilarak eta itxaronaldiak puzgarrietan, baina ez da halakorik izan gaur. Euria dela-eta jende «gutxi» bildu dela onartu du Irati Zarraga puzgarrietako langileak. Bertaratu direnen artean «gustura» egoten dela esan du Unai Betik. Semearekin etorri da, eta, ume asko-askorik ez zegoenez, ez du itxaronaldirik egin behar izan puzgarrira sartzeko; behin barruan, lasaiago olgatu ahal izan da. «Zirimirira» ohituta dagoela esan du Betik, gurago duela etxetik euritan irten, ez irten baino. Semea bustiz gero, gertu ditu toalla eta kanbiatzeko arropak. Aurreko urteetako eguraldia akorduan hartuta, orduko beroa gehiegizkoa zela ondorioztatu du; eta haren aldean, gaurko eguraldia hobea dela. Bien bitartean, semea puzgarrian salto eta salto dabil, bakarrik halako batean. «Aprobetxatu ezazu, horrelakorik ez duzu-eta inoiz izango», ohartarazi dio aitak semeari. Semeak irribarrez eta salto gehiago eginez erantzun dio.
Tarteka, talkak
Puzgarriez gain, auto zirkuitu bat jarri dute. Hiru auto daude osotara, eta konoek mugatutako eremuan erabil daitezke. Bertan zebiltzan umeak, buelta eta buelta. Eta ez horrren umeak. «Autoak egokiak dira 8 eta 10 urte bitarteko umeentzat», azaldu du Maider Epalzak, autoetan dabilen begiraleak. Esan duenez, puzgarriak txiki geratzen zaizkie ordurako. Gainera, «asko» gustatzen zaizkiela gehitu du Epalzak. Mugimendurako eta koordinaziorako ere ona dela uste du. Izan ere, pedalei eragin behar zaie autoak aurrera egin dezan, bizikletetan legez. Hasieran umeak lasai ibili dira, baina zenbat eta gehiago ibili, orduan eta trebezia handiagoa dute. Orduan bai, arriskuak hartzeko tartea. Aurrena astiro eta kontuz sartu diren bihurgunean bizkor sartu dira gero. Horrelakoren batean, arbola bat jo du haietako batek. Halabeharrez frenatutako autoari atzerako martxa eragin dio, eta berriz ere zirkuituan sartu da. Talkak «ugariak» direla aitortu du Epalzak, baina ez dela «ezer» gertatzen.
Gaur 12:30 aldera hasi dira martxan, tartean arazo teknikoak izan dituztelako. 17:00etan berriro egon dira jostatzeko moduan, eta ostiralean berriz ere egongo dira zabalik; orduan, 12:00etatik aurrera.